Donostiako Udalak PPko zinegotzien eskakizunei men egin diela salatu du KASek
Bart gauean, aurretiko abisurik gabe, Donostiako Udalak Kaleko Afari Solidarioak debekatu zituen. Udal Gobernuak «errespetu eta erantzukizun falta handiarekin» jokatu duela salatu du herri ekimenak, eta PPko zinegotzien eskakizunei men egin izana eta haiekin lerrokatzea leporatu dio.
Gara, , 28-07-2026Kaleko Afari Solidarioak (KAS) ia sei urte daramatza modu autonomoan Donostian kale egoeran bizi diren pertsonei afaria ematen. Gaur egun, 300 afaritik gora banatzen ditu egunero hiriko hiru gune ezberdinetan. Bart gauean, ordea, Donostiako Udalak udaltzainak bidali zituen afari guneetara, «sinatu eta arrazoitu gabeko» orri informatibo baten bitartez boluntarioei gaurtik aurrera afariak banatzea debekatzen zitzaiela komunikatzeko.
Komunikatua aurretiko abisurik gabe eman dela salatu du KASek, eta Udal Gobernuak «errespetu eta erantzukizun falta handiarekin» jokatu duela. Gaur goizean udaletxera jo dute Jon Insausti alkateari larrialdizko bilera bat eskatzeko, eta debekuarengatik kaltetuak izango diren pertsona horiek artatu eta gaur bertan jantoki sozialak martxan jartzeko eskatu dute.
Nahiz eta Udalak konponbide gisa haien Otorduak programaren barruan 100 otordu gehiago eskaini nahi dituen, KASek azpimarratu du debekuak 300 pertsona baino gehiago utziko dituela afaririk gabe. «Donostiako Udalak aurrera eramaten duen Otorduak programa zein aterpetxeetan eta Eguneko Zentroan eskaintzen duen janaria ez da nahikoa, eta behin eta berriro errepikatzen jarraituko dugu», nabarmendu du Larraitz Amezaga del Frago KASeko kideak.
Gaur afaririk ez
Salatu du Donostiako Udalak, ez lehen Eneko Goia alkate ohiarekin, ez orain Insausti alkatearekin, ez duela «inoiz elkarlaguntzarako inongo disposiziorik erakutsi». PPko ziengotzien eskakizunei men egin izana eta haiekin batera lerrokatu izana leporatu dio Udalari, «ekimen herrikoi, solidario eta boluntarioa hobetzen lagundu beharrean, Poliziaren jazarpenaren mehatxuarekin erabat debekatuz».
Hain justu, gaur gauean afaria ematera joatekotan, poliziarengandik gogorki jazartuak izatearen beldur dira, bai eta afaltzera doazenak ekimena defenditzeagatik jasan ditzaketen ondorio fisiko zein legalengatik ere. Momentuz, gaur afaririk ez banatzeko erabakia hartu dute.
Afari solidarioak jasotzen zituen bizilagun bat suminduta agertu da Udalaren debekuaren aurrean, eta alkateari galdetu dio ea nori egiten dioten min afariak jasotzen dituzten pertsonek. «Zuk hiru otordu dituzu egunean, haiek, ordea, bakarra», gogorarazi du.
Salatu du, gainera, donostiar askok beste herrialdeetako herritarrekiko enpatia sentitzen dutela, baina hirian jazartuak diren auzokideei garrantzirik ematen ez diela. Haien herrialdera itzultzeko behin eta berriz esaten dien hiritarrei, berriz, esan die hona bizitza hobeago baten bila etortzen direla, besterik ez.
Hori horrela, herritarrei eta bestelako herri ekimenei bihar, hilaren 29an, arratsaldeko 20:00etan Plaza Berrian deitu duten mobilizazioan parte hartzera dei egin die.
(Puede haber caducado)