LABek salatu du Eusko Jaurlaritzak etxe babestua eskuratzeko bidea zailtzen diela zaurgarrienei

Sustapen bakoitzeko etxeen %30 urtean 20.000 eta 46.000 euro artean irabazten dutenentzat gorde nahi izatea gaitzetsi du sindikatuak. Ohartarazi du neurri horrek kalte egingo diela etxea eskuratzeko zailtasun handienak dituztenei.

Berria, Mikel Garcia Martikorena, 27-07-2026

Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailburuak esku artean du Etxebideren araudirako aldaketa. Etxe babestuak esleitzeko tresna da Etxebide, besteak beste. Bada, Jaurlaritzak egindako proposamen berriak esleipen horiek egiteko prozesua aldatzea aurreikusten du, eta LAB sindikatuak salatu du ebazpen prozesu berri horrek hainbat gabezia dituela. Are gehiago, arazoa konpondu beharrean «kalte gehiago» eragingo dituela nabarmendu du.

«Etxebideren moldaketa berria ez doa etxebizitza larrialdiari aterabidea emateko norabidean. Are gehiago, zuzenean kalte egiten die etxebizitza lortzeko zailtasun handienak dituzten herritarrei», gaitzetsi du LABek gaur hedabideei igorritako ohar batean. Sindikatuaren ustez, gobernua etxebizitzaren negozioa «bere horretan» mantentzen ahalegintzen ari da proposamen hori eginda.

Etxebideren araudi berriaren proposamenean jaso dute, besteak beste, etxebizitza babestuen %30 gordeko dituztela urtean 20.000 eta 46.000 euro artean irabazten dutenentzat. Horiek horrela, Etxebiden izena emana duten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 110.000 herritarren %70 «diskriminaturik» geldituko dira, LABen kalkuluen arabera.

Datu horiek jarri ditu jopuntuan LABek, eta adierazi du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak proposatutako neurriek «langile klasearen aurka» egingo dutela. Gauzak horrela, etxea lortzeko zailtasun gehien duten gizarteko sektoreak —«migratzaileak, ama bakarreko familiak eta enplegu prekarioak dituzten emakumeak»— alde batera uztea leporatu dio Jaurlaritzari.

Eta nabarmendu du Etxebideren esleipen kupoa ez dela horri begirako neurri bakarra; hots, azpimarratu du %65era jaitsi dutela eraikuntza berrietan derrigorrez izan beharreko babes ofizialeko etxeen kopurua.

«Klase ertainari mesede»
Hori dela eta, etxe babestuen aferan xede «elektoralistak» daudela iritzi dio sindikatuak. Baliabide publikoak «klase ertainaren mesedetan» erabili nahi izatea leporatu die EAJri eta PSE-EEri. Hau da, hauteskundeetan bi alderdi horien «alde» egin dezaketen herritarrei etxebizitza lortzeko aukera errazten ari direla adierazi du sindikatuak.

Itxasoren sailak egindako proposamena behin-behinekoa da oraindik, kontsulta fasean baitago. Hortaz, hainbat alegazio aurkeztu ditu LABek Jaurlaritzak atzera egin dezan eta ez ditzaten bazterrean utzi etxea eskuratzeko zailtasun gehien dutenak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)