Gipuzkoako SOS Arrazakeriak Izan Harrera programan parte hartzeko dei egin die herritarrei
Zazpigarren edizioa abiaraziko dute aurten. Parte hartzen duten herritarrek mentore lanak egingo dituzte migratzaileen, errefuxiatuen eta nazioarteko babesa eskatzen dutenen gizarteratzea eta ongizate psikosoziala sustatzeko.
Berria, , 27-07-2026Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren Izan Harrera programak bidelagunak eskaitzen dizkie Gipuzkoan bizi proiektua garatzen ari diren migratzaileei, errefuxiatuei eta nazioarteko babesa eskatzen dutenei, horretarako boluntarioak bilatuta. Parte hartzaileak aldizka elkartzen dira egunerokoan zerbait elkarrekin egiteko: kafe bat hartzeko, herria ezagutzeko edo hizkuntza praktikatzeko, besteak beste. Aurten zazpigarren edizioari ekingo diote, eta mentore berrien bila dabil Gipuzkoako SOS Arrazakeria, mentoretza sozialeko prozesu bat abiatzeko zain daudenei laguntza emateko.
Kanpaina honen bitartez, mentoretza soziala aurkeztu nahi die Gipuzkoan bizi diren eta gizarte inklusiboago baten sorreran parte hartu nahi dutenei. Kanpaina zabaltzeko, jada parte hartu dutenen lekukotasunak bildu dituzte. Esperientziak «mundua beste modu batean ikusten» lagundu diela diote mentore moduan aritu direnek. Laguntza jaso dutenek ere adierazi dute «lagunduak eta babestuak» sentitzeak asko lagundu diela gizarteratze prozesuan.
Izan Harrera programak Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren babesa du. Azaldu dute programa honen helburua ez dela laguntza ematea edo arazo jakinak konpontzea; migratzaileen, errefuxiatuen eta nazioarteko babesa eskatzen dutenen gizarteratzea eta ongizate psikosoziala sustatuko dituzten harremanak eta loturak sortu nahi dituzte boluntarioen laguntzaren eta babesaren bitartez.
Elkarteak azpimarratu du ez dela beharrezkoa ezagutza espezializaturik edota aurretiazko esperientziarik izatea mentore izateko: «Nahikoa da denbora pixka bat, konpromisoa eta beste pertsona bat gertutik ezagutzeko gogoa izatea». Hala ere, azaldu dute hasieran prestakuntza eta laguntza emango dietela boluntarioei, eta jarraipena egingo dietela.
(Puede haber caducado)