LABek alegazioak aurkeztu ditu Etxebideren araudi berriaren aurka: «Sozialki injustua da»
LABek gogor kritikatu du Lakuako Etxebizitza Sailak prestatutako Etxebideren araudi berria. Sindikatuaren arabera, Babestutako Etxebizitzen kupo sistema berriak etxebizitza eskuratzeko zailtasun handienak dituzten herritarrak baztertuko ditu.
Gara, , 27-07-2026LAB sindikatuak gogor kritikatu du Lakuako Etxebizitza Sailak prestatzen ari den Etxebideren araudi berria. Sindikatuaren arabera, Denis Itxasok gidatzen duen sailak Babestutako Etxebizitzak esleitzeko kupo sistema berria ezarri nahi du, eta horrek «eredu sozialki injustua» ekarriko luke.
LABek ohar baten bitartez azaldu duenez, proposatutako aldaketaren arabera, sustapen bakoitzeko etxebizitzen %30 gordeko litzateke urtean 20.000 eta 46.000 euro arteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileentzat. Sindikatuaren ustez, neurriak Etxebiden izena emanda dauden 110.000 herritarren %70 «diskriminatuko» luke.
Araudia egun kontsulta publikoaren fasean dago, eta LABek hainbat alegazio aurkeztu ditu. Sindikatuak salatu du aldaketak «langile sektore zabalak kaltetuko dituela, etxebizitzaren negozio eredua bere horretan mantentzen den bitartean». «Gero eta langile gehiagok etxebizitza ordaindu ezin duten honetan, lehentasuna izan behar du merkatuan esku hartuz prezioak arautu eta jaistea, baina Eusko Jaurlaritzak nahiago du egoera honetara ekarri gaituzten politikekin jarraitu», azaldu du.
LABen esanetan, EAJren eta PSEren etxebizitza politikek «ez diote etxebizitza larrialdiari irtenbiderik ematen». Sindikatuaren ustez, erosketarako abalekin eta beste neurri batzuekin gertatu bezala, «Etxebideren araudiaren moldaketak ere ez ditu etxebizitza eskuratzeko zailtasun handienak dituzten herritarren beharrak lehenesten».
LABentzat erabaki horien atzean bai PSEren eta baita EAJren »klasismoa eta elektoralismoa nabari da». «Merkatu pribatuan etxebizitza sarbidea ezinezko bilakatzen ari den honetan, baliabide publikoak “klase ertain” izendatu duten herritarrei begira jartzen ari dira, alegia, haien bozkatzaile potentzialei begira», dio sindikatuak.
«Horretarako, bidezkoa den aberastasunaren birbanaketa baztertzeko prest daude, langile klasearen sektore ahulenentzat —kasu askotan pertsona migratuak, ama bakarreko familiak edo enplegu preka-rioak dituzten emakumeak*— politika publikoen bidez babes handiagoa bermatzeko ezinbestekoa den arren. Ondorioz, sektore horiek guztiek baztertzen jarraituko dute, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako neurriekin orain arte gertatu bezala», salatu du LABek.
Aurkeztutako alegazioen bidez, LABek araudiaren aldaketa bertan behera uzteko eskatu dio Denis Itxasok zuzentzen duen Etxebizitza Sailari.
(Puede haber caducado)