Hamar urte hutsik daramatzan hotel batera sartu dira Garaziko Gaztetxeko lagunak
«Espazio hau okupatu dugu herritarrei zein gazteei politizaziorako eta aisialdirako kitorik den gune bat eskaintzeko». Donibane Garaziko gazteek erdiguneko hotel zahar batera sartu dira hirian gaztetxe bat behar duela aldarrikatzeko.
Gara, , 27-07-2026Gaztetxearen aldeko borrokaren urrats berri gisara aurkeztu dute Baxe Nafarroako hiriburuko gazteek uztailaren 27 honetan publiko egin duten ekintza. Duela zenbait egun lokal batean sartu zirela jakinarazteaz gain, ekintza horren arrazoiak azaldu dituzte astelehen honetan.
Mediabask-ekin hizketan azaldu dutenez, Renaud etorbidean kokatua den Le Continental hotelaren beheko solairu eta lehen estaian plantatu ziren duela zenbait egun, eta arratsalde honetan bertan eginen duten lehenengo asanbladan deliberatuko dute ekimenaren segida. Bilkura horretan forma emanen diote, hain zuzen, ondoko egunotan garatuko duten programari.
Gaztetxeak aitzina! leloa astintuz, 18.00etan Herriko Etxearen aitzinean eman dute hitzordua.
Anartean, ohar baten bidez Donibane Garaziko gazteek adierazi dutenez, hiri barnean duela hamarkada batetik hetsia den eraikin batean sartu dira «gazte eta herritarren beharrei erantzuteko espazioa biziarazteko» xedez.
Bide batez, 80. hamarkadan abian eman zen gaztetxearen aldeko dinamikari hauspo berria eman nahi diote ekintzaren bidez. Udako ostegunak, hitzaldiak, argazki erakusketak, kontzertuak… Ekimen franko antolatu dituzte azken urte zein hilabeteetan Donibane Garazin, gaztetxearen beharra agerian emanez.
Izan ere, trabak ez dituzte eskas izan. Berriki herriko etxearen baimena eskuratu badute ere, udako ostegunen karietara prestaturiko egitarau aitzina eramateko hainbat debeku jaso dituzte.
Bakarrak ez direla jakin badakitela aitortu dute, hiriko beste hainbat elkarte eta eragilek ere pairatzen baitute gazteek salatu duten sostengu falta eta bazterkeria. Hortaz, «herriko hutsuneetaz ohartu eta horiei erantzuteko espazioa irekitzea erabaki dugu, beraz, ez da gure behar bat, herriarena baizik», iragarri dute.
Era berean, gaztetxearen aldeko borrokan hozka bat eman nahirik, espazio berri horren berreskupenaren eskutik, hiriko eragileekin duela hainbat hilabete abiatu zituzten harremanak sakontzeko asmoa daukate. Hala, etxeko jabearekin zein udal agintariekin mintzatzeko nahikeria baieztatu diote Mediabask-i.
Espazio zabal eta doakoa
«Belaunaldi berria osatzen dugun gazteok, aitzineko belaunaldiei lekukoa harturik, azken hilabeteetan dinamika berria martxan eman dugu, helburu duena herritarreii espazio zabal eta dohainik den espazio zabala eskaintzea. Dinamika horren barnean, herriko elkarte, eragile eta herritarrekin harremandu eta herriko problematiketaz trukatu dugu. Argi gelditu da, beraz,
gaztetxea beharrezkoa dela gazteentzat, baita herritarrentzat ere», azaldu dute haien agirian gaztetxeko kideek.`
Eskubideak eta espazioak «borrokaren bidez irabazten direla sinetsita», gazteek herriko etxearen eskutik jasotako ukazioari erantzuteko beharra nabarmendu dute; lokal berrian antolatuko dituzten ekimen guztiak kitorik direla nabarmenduz.
«Gaur egun dugun espazioa ez digu herriko etxeak eman eta bertako baldintzak ez dira egokiak dinamikaren beharrei erantzuteko. Gainera, garaiak pasa arau, herriko etxearen posizioa sekula baino argiago gelditu da: egoera hau oraindik urte luzez iraunaraztea», salatu dute hedabidei igorritako oharrean.
Kulturaren merkantilazioa eta ideia atzerakoien gorakada
«Herritarrei zein gazteei politizaziorako eta aisialdirako kitorik den gune bat eskaintzeko» xedea Donibane Garaziko Herriko Etxeak daraman kudeaketa ereduarekin alderatu dute.
Donibane Garazin sentitzen diren hainbat arazo erdigunean ezarri dituzte; lehenik eta behin, oso bestelako eremuetan eragin duen «turismo masiboa» aipatuz. «Asialdia, egoitzak, saltokiak edo herriko aktibitateak, turistentzat» pentsatuta direla azaldu dute. Horren ondorioz, kexu agertu dira, Donibane Garazin «aisialdia dohainik atzematea» kasik ezinezkoa delako eta« edozein ekitaldi dirua egiteko helburuarekin» antolatzen delako. Gisa berean, kultura eskaintzeko «manera enpresarial» horretan euskarazko eskaintza urria dela nabarmendu dute.
Haatik, gazteak arranguraturik azaldu dira, hiriaren kuldeaketa eredu hori ideia erreakzionarioen zabalpenarekin batera gertatzen delako. «Ideia erreakzionarien gorakada ikusirik, matxismoa, faxismoa eta arrazakeria normalizatzen dira Garazin ere; eta, horrekin batera, euskararen kontrako gorrotoa», deitoratu dute.
Orohar, gaztetxeen kontra instituzioek daramaten politika auzian ezarriz, gaztetxeen artean antolatzeko beharra defendatu dute. Bide batez, etxe batean sartzea hasiera bat baizik ez dela oroitarazi dute. Oharra egin dutenez, «espazio berri hau, ez da leku fisiko bat bakarrik, proiektu pentsatu eta erreal batekin heldu da».
Segidan, gaur ezagutarazi duten ekintzari ematen dioten zentzua zehaztu dute: «Antolatzeko eta borrokatzeko tresna kolektiboa izanen da: doako aisialdia eskaintzeko, kultura alternatiboa antolatzeko, politizatzeko espazioak sortzeko, ideia eta jarrera erreakzionarioen kontra egiteko, euskarari arnas gune bat emateko eta herriko problematikei erantzuteko tresna,
besteak beste».
Gazte eta herritarrei dinamikarekin batzeko deia eginez amaitu dute agiria gazteek.
(Puede haber caducado)