180 borroka eta 86 greba: LABek ikasturteko ekintza sindikalaren balantzea aurkeztu du
2025-2026 ikasturtean LABek 180 borroka antolatu ditu, eta greba erabili du horietatik 86tan. «Prekarizazioaren, eskubide murrizketen edo patronalaren eta instituzioen immobilismoaren aurrean» mobilizatu ditu langileak, eta euren lan zentroetatik harago eraman ditu borrokak.
Gara, , 22-07-2026LABek 2025-2026 ikasturteko Ekintza Sindikaleko Informea aurkeztu du asteazken honetan bere Bilboko egoitzan, lantokietan egin diren borrokak, gatazka horien ezaugarri, arrazoiak eta helburuak bilduz eta jasotako emaitzen inguruko balantzea azalduz. Zenbaki zehatzei dagokionez, 180 borroka antolatu ditu LABek, eta horietatik 86tan greba erabili du.
«Ikasturtean zehar izandako gatazkek, grebek eta mobilizazioek agerian utzi dute langileek ez dutela onartzen prekarizazioa, eskubideen murrizketa edo patronalaren eta instituzioen immobilismoa. Aitzitik, antolakuntzaren bidez erantzun dute, eta borrokak lan zentroetatik harago zabaldu dituzte, lan eta bizi baldintza duinak defendatzeko», aldarrikatu du Oihana Lopetegi ekintza sindikaleko arduradunak.
2025-2026 ikasturtean nabarmendu den dinamiketako bat, zalantzarik gabe, gutxieneko soldata propioaren aldekoa izan da, aurreko ikasturtean hasitako ildotik. LABen ustez, «funtsezkoa» da tokiko errealitatera egokitutako gutxieneko soldata duina, «soldata arrakalak txikitzeko, pobrezia eta prekarietatea murrizteko eta aberastasunaren banaketa bidezkoagoa sustatzeko».
Horregatik aldarrikatzen du Euskal Herrian bertan gutxieneko soldata erabakitzeko eskubidea, «lan eta bizi baldintza duinagoak bermatzeko tresna baita». Hala eskatu zuen beste sindikatuekin batera 2026ko martxoaren 17ko greba orokorrean, eta aldarrikapen horrek etorkizuneko borroketan ere «leku nagusia izaten» jarraituko duela nabarmendu du LABek.
«Greba orokorrak eta aurretik egindako lanketak inflexio puntua ezarri dute eztabaida sozial eta politikoan. Gaur egun gero eta zabalduago dago Euskal Herriak bere gutxieneko soldata erabakitzeko eskubidea behar duela, eta 1.500 eurotik beherako soldatak ez direla onargarriak», azpimarratu du Lopetegik.
Bestalde, LABek nabarmendu du Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren alde egindako apustuak ere emaitzak eman dituela. Sindikatuaren arabera, espainiar Estatuaren «zentralizazio saiakeren aurrean», Euskal Herrian negoziatutako hitzarmenek erakutsi dute «lan eta bizi baldintzak hobetzeko tresna eraginkorrak direla, bereziki sektore feminizatu, arrazializatu eta prekarizatuetan», hala nola, Arabako eta Nafarroako zahar egoitzetan, EAEko kolektibitateetan edo Bizkaiko grafikagintzan lortutako hitzarmenak.
Industriaren sektoreko egoeraz ere mintzatu da LAB, eta nabarmendu du enpleguaren defentsak lehentasun sindikala izaten jarraitu duela ikasturte honetan. Sindikatuaren arabera, aktibatutako borroken erdia erasoei aurre egiteko izan dira, eta horietatik %60 kaleratzeei, Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko Espedienteei edo itxierei aurre egiteko izan dira. Maderas de Llodio eta Tubos Reunidoseko gatazkak jarri ditu horren adibidetzat.
Hala ere, sindikatuak ohartarazi du gatazka bakoitzari banaka erantzutea «ez dela nahikoa», eta egungo egoerak industria ereduaren «norabide aldaketa» eskatzen duela nabarmendu du. «Horretarako, ezinbestekoa da bidezko trantsizio ekosoziala bermatuko duen industria politika berri bat, jarduera ekonomikoa eta enplegua planifikazio publikoaren bidez babestuko dituena, deslokalizazioari eta espekulazioari mugak jarriko dizkiona eta langileen beharrak erdigunean kokatuko dituena», azaldu du LABek txostenean.
Sindikalismo feministaren eta antirrazistaren arloan ere ikasturteko balantze positiboa egin du LABek. Sindikatuak nabarmendu du sektore feminizatuetan lortutako emaitzek antolakuntza sindikalaren «eraginkortasuna» erakusten dutela. Zehazki, administrazio publikoaren azpikontratetan gatazken itxiera tasa %15,79tik %46ra igo dela azaldu du; zaintza sektorean, %20tik %38,89ra; eta sektore feminizatu guztiak kontuan hartuta, %24,56tik %38,89ra.
LABen esanetan, datu horiek «agerian uzten dute borroka sindikalak ez duela soilik lan baldintzak hobetzeko balio, baizik eta langileen antolakuntza, ahalduntzea eta etorkizuneko borroketarako gaitasuna ere indartzen dituela».
Era berean, sindikalismo antirrazistan ere aurrerapausoak eman direla azpimarratu du. Langile migratuen presentzia handia duten sektoreetan arrazismo laborala salatu eta ekintza sindikalaren bidez hari aurre egin diola adierazi du, eta Bilboko etxebizitza komunitarioetako, Estaños Matienako eta Beti Aingeru arrantzontziko gatazkak aipatu ditu adibide gisa. Sindikatuaren ustez, borroka horiek langile migratu eta arrazializatuen antolakuntza, parte-hartzea eta ahalduntzea sendotu dituzte, eta, horrenbestez, LABek sindikalismo feminista eta antirrazista «eraginkor eta eraldatzailearen» aldeko apustua berretsi du.
Etxebizitzaren arloan egindako apustua ere nabarmendu du LABek. Azaldu du lehen aldiz jaso dituela ekintza sindikalaren txostenean etxebizitzaren eremuan aktibatutako borrokak, eta ikasturte honetan sei gatazka kolektibotan parte hartu duela eta beste hainbat aholkularitza kolektibo egin dituela. Horiei esker, etxegabetzeak geldiarazi, alokairu kontratuen baldintzak hobetu eta bidegabeki kobratutako dirua berreskuratzea lortu dela nabarmendu du sindikatuak.
Ikasturte honetan, euskararen aurkako oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoaren aurrean, LAB erantzun sindikal eta soziala antolatzen ibili da. Bereziki enplegu publikoan euskararen ezagutza eta herritarren hizkuntza eskubideak defendatu ditu, euskaraz lan egiteko eskubidea aldarrikatuz.
«Garatutako borrokek berretsi dute eguneroko ekintza sindikala dela eskubideak irabazteko tresnarik eraginkorrena»
«Palestinarekiko elkartasun internazionalistatik hasi eta gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorreraino, mobilizazioek erakutsi dute langile mugimenduak gaitasuna duela aldarrikapen sozialak eta politikoak agenda publikoaren erdigunean kokatzeko. Era berean, ehunka lan zentrotan garatutako borrokek berretsi dute eguneroko ekintza sindikala dela eskubideak irabazteko tresnarik eraginkorrena», nabarmendu du Lopetegik.
(Puede haber caducado)