Munduan gosea gutxitzen doa, baina ez aski eta garapena ezberdina da eskualdez eskualde

645 milioi lagun gose dira munduan eta bost urtetik beherako 150 haurrek atzerapenak dituzte garapenean. Nazio Batuen arabera, hirugarren urtez jarraian gutxitu da gosea; hobekuntzak ez dira eskualde guztietan gertatu, ordea, eta ez dira aski 2030eko Garapen Jasangarriaren Xedeak lortzeko.

Gara, Naiz, 21-07-2026

Munduan gosea hirugarren urtez segidan gutxitu zen 2025ean, Nazio Batuen Erakundeko bost antolakunde espezializatuk astearte honetan argitaratu duten txostenaren arabera. ‘Elikadura segurtasunaren eta nutrizioaren egoera munduan 2026’ lanak dioenez, hobekuntzak badira, baina ahulak dira, ez dira berdin gertatzen eskualde guztietan eta ez dira nahikoa 2030eko Garapen Jasangarriaren Helburuak betetzeko.

Txostenak estimatzen duenez, 2025ean munduko biztanleriaren %7,8k pasatu zuen gosea. 2024an %8,1 izan ziren eta 2022an, %8,6. Hala, hobekuntza iraunkor bat ikusten da, baina mantsoa. Iaz 645 milioi pertsona inguru erasan zituen goseak, aurreko urtean baino 14 milioi gutxiago eta 2022an baino 43 milioi gutxiago.

Kopururik handiena, Afrikan

Errekuperazioa ezberdina da eskualde batean eta bertzean. Asian, Latinoamerikan eta Kariben etengabeko hobekuntzak lortu dira azken urteetan. Aldiz, 309 milioi lagun gose dira oraindik Afrikan. Asian 292 milioi lagun dira. Afrikan atzemandako goranzko joera egonkortzen ari bada ere, eta gose den biztanleria 2024ko %20,3tik 2025eko %20ra jaitsi bada ere, goseak kolpatutako pertsonen kopuru absoluturik handiena biltzen du kontinenteak gaur egun, hazkunde demografiko azkar baten testuinguruan.

2025ean, munduko biztanleriaren laurdenak baino gehiagok (%25,8, 2.100 milioi pertsona inguru) elikadura segurtasun falta jasan zuten. Horrek erran nahi du momentu batzuetan kontsumitzen zuten janariaren kalitatea edo kantitatea gutxitu egin behar izan zutela. 2024an %27,1ekoa zen ehuneko hau, eta 2020an %28,7koa, hau da, 2025ean aurreko urtean baino 86 milioi lagun gutxiagok jasan zuten elikadura segurtasun falta eta 2020an baino 135 milioi lagun gutxiagok. Hala ere, pandemiaren aurreko mailatik gora jarraitzen du kopuruak.

Eskualdeen artean desberdintasun sakonak daude. Afrikako biztanleriaren erdiak baino gehiagok (%56,6) sufritu zuen elikadura segurtasun falta 2025ean. Asian, %20,3 izan ziren, Latinoamerikan eta Kariben %22,9, eta Ipar Amerikan eta Europan %8,7. Ziurtasun falta hori handiagoa da, gainera, landa eremuan hirigunean baino. Eta nahiz eta genero arrakala pixka bat murriztu, emakumeei gehiago eragiten die oraindik.

Ekialde Hurbileko gatazkako proiekzioak

Txostenak proiekzio eguneratuak ere jasotzen ditu hurrengo bost urteetan Ekialde Hurbileko gatazkaren testuinguruan gerta daitekeenari buruz. Elikadura inflazioarekin lotutako krisiaren inpaktuaren iraupenaren arabera (energiaren eta ongarrien prezioen igoerak eragindakoa), 510 eta 520 milioi artean kokatuko litzateke 2030ean gosea pasatuko luketen pertsonen kopurua. Gatazkaren aurreko agertokian 503 milioi pertsona izanen lirateke, proiekzio baxuenaren arabera.

Azpielikatutako pertsonak %20 gutxiago izanen direla aurreikusten da. Hala ere, proiekzio hauek ez dituzte disruptiboak izan daitezkeen bertze faktore batzuk aintzat hartzen, El Niñoren gisako muturreko gertakari meteorologikoak, adibidez, egoera are gehiago larritu dezaketenak.

Txostena osatu duten antolakundeek –FAO, FIDA, Unicef, PMA eta OME– ohartarazi dutenez, Ekialde Hurbilean aurten gertatzen ari den gatazkak, muturreko fenomeno metereologikoekin eta garapenari emandako laguntza ofizialaren eta finantziazio humanitarioaren murrizketarekin batera, arriskuan jar ditzake munduko gosea amaitzeko lortutako aurrerapausoak.

Aurrerapauso motelak

Txostenean nabarmentzen denez, ama-umeen elikaduran lortzen ari diren aurrerapenak ere ez dira aski nazioarteko konpromisoak betetzeko, bertzeren artean, 2030erako nutrizio helburuak. Haurren hazkundearen atzerapena, emaziazioa, gainpisua, jaiotzean pisu baxua izatea eta edoskitze esklusiboa bezalako adierazleek hobekuntza marjinalak soilik erakusten dituzte. Aurrerapenak motelegiak dira xedeak betetzeko.

Aldi berean, 15 eta 49 urte bitarteko emakumeen anemia okerrera doa, helduen obesitateak tai gabe gora egiten duen bitartean: 2012an %12,1ek zuten eta 2024an %16,2k, 2025ean hazkundea gelditzeko helburua jarria bazegoen ere.

Sei eta 23 hilabete arteko munduko haurren %30,8k bakarrik dute munduan gutxieneko dieta anitz bat, eta bost urtez azpiko 150 milioi umek atzerapenak dituzte garapenean.

Bertze behin, aurrerapenak ezberdinak dira eskualdearen arabera. Afrikan behera doa haurren hazkundearen atzerapena, Asia 2030erako helburua betetzeko bidean da eta edoskitze esklusiboaren tasak hobera doaz datuak dituzten eskualde guztietan. Baina ia eskualde guztietan daude gero eta arrakala handiagoak emakumeen anemiari ematen zaion erantzunean, eta haurren gainpisua azkar hazten ari da Ozeanian.

Dieta osasungarri baten kostua

Txostenean azpimarratzen denez, gosea ezabatzeko traba nagusietako bat kostua da, nahiz eta kostua gutxitzea bakarrik ez litzatekeen aski izanen elikaduraren kalitatea hobetzeko.

2025ean, dieta osasungarri baten batez besteko eguneko kostua 4,28 dolar handitu zen pertsonako (3,75 bat euro). Aldi berean, 2021ean 2.970 milioi lagunek (munduko biztanleriaren %37,4) izan zituzten dieta osasungarri bat segitzeko arazoak eta 2025ean, 2.690 milioik (%32,7).

Hala ere, joera horrek eskualdeen arteko desoreka garrantzitsuak gordetzen ditu. Afrikan, janari osasungarria eskuratzeko aukera nabarmen gutxitu zen 2025ean: biztanleriaren %66,6k ezin zuen dieta osasungarri bat jarraitu. Kopuru hori Asian, Latinoamerikan eta Kariben erregistratutakoaren bikoitza baino gehiago da.

«Egiteko dugun lana ikaragarria da. Baina merezi du hiru lagunetik bat dieta osasungarri batetik kanpo egoteari utziko dion mundu bat eraikitzeak», ondorioztatzen du txostenak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)