Urko Aiartza: «Saharako urraketek okupazioa eta lurraldearen espoliazioa mantentzen dute»

Demokraziaren eta Munduko Giza Eskubideen aldeko Europako Abokatuen Elkarteak Mendebaldeko Saharari buruzko misio txostena osatu du. Urko Aiartza elkarteko lehendakaria NAIZ Irratian izan da, errepresioaz, kolonizazioaz eta nazioarteko komunitatearen erantzukizunaz hitz egiteko.

Gara, Peli Lekuona | Iraia Cambra, 20-07-2026

Mendebaldeko Sahararen okupazioak 50 urte bete ditu, baina saharar herritarrek pairatzen dituzten giza eskubideen urraketek ez dute etenik izan. Demokraziaren eta Munduko Giza Eskubideen aldeko Europako Abokatuen Elkarteak lurralde okupatuetako egoera aztertu du misio txosten batean. Besteak beste, errepresioaren bilakaera, diskriminazioa, espetxeetako egoera, kolonizazio ekonomikoa eta nazioarteko zuzenbidearen urraketa jaso dituzte.

Urko Aiarza elkarteko lehendakariak NAIZ Irratian azaldu duenez, ezohiko metodologia erabili behar izan dute ikerketa egiteko, Marokok nazioarteko behatzaileei lurralde okupatuetara sartzeko ezartzen dizkien oztopoengatik.

«Azken urteetan oso zaila da kanpoko eragileak lurralde okupatuetara sartzea. Gainera, elkarrizketatu nahi dugun jendearen egoera arriskuan jar dezakegu», ohartarazi du. Elkartearen lanaren printzipioetako bat kalte gehiagorik ez eragitea dela nabarmendu du Aiarzak.

Horregatik, hiru lan ildo uztartu dituzte: Internet bidez egindako elkarrizketak, errefuxiatuen kanpalekuetara egindako bisita presentziala eta dokumentazioaren azterketa sakona. Tokiko giza eskubideen aldeko erakundeen laguntzari esker, dozenaka testigantza bildu ahal izan dituzte.

Torturak edo espetxealdia jasan duten pertsonekin ez ezik, hezkuntzan, lan munduan eta etxebizitza eskuratzerakoan diskriminazioa pairatu duten herritarrekin ere hitz egin dute. Era berean, gizarte zibileko kideen, artisten, kazetarien eta aktibisten lekukotasunak jaso dituzte.

«Kontrol soziala areagotu egin da»
Txostenaren ondorio nagusietako bat da Mendebaldeko Saharako errepresioa ez dela gertakari isolatuen multzo bat, patroi sistematiko eta antolatu baten parte baizik. Aiarzaren arabera, errepresioak hainbat fase izan ditu okupazioaren 50 urteetan, eta gaur egun eguneroko kontrol sozialak hartu du indar handiagoa.

«Kontrol soziala sistematikoa da, eta herritarren aurkako jazarpena areagotu egin da. Kanpotik lurralde okupatuetara joatea ere gero eta zailagoa da», azaldu du.

Iraganeko zenbait garaitan baino indarkeria ageriko gutxiago egon daitekeen arren, eguneroko jazarpenak bere horretan jarraitzen duela adierazi du. Bereziki gogorra da aktibisten aurkako kontrola, baina oraindik ere desagertzeak, torturak eta legez kanpoko atxiloketak gertatzen direla salatu du.

«Urraketak ez dira isolatuak. Torturaren ondoren ez dago epaiketa justu baterako baldintzarik, eta espetxeetako egoera negargarria da. Horri eguneroko diskriminazioa gehitu behar zaio», esan du.

Abokatuen Elkarteak dokumentatutako urraketek lotura zuzena dute saharar herritarren bazterketa ekonomiko eta sozialarekin. Marokotik joandako herritarrek aukera gehiago dituzte lana, etxebizitza edo baliabide ekonomikoak eskuratzeko, eta horrek tokiko gizartearen eraldaketa sakona eragiten du.

Aiarzaren iritziz, urraketa horiek guztiek helburu bera dute: «Okupazioa mantentzea eta lurraldearen espoliazioa ahalbidetzea».

Espetxeetako egoera, «oso gogorra»
Txostenak preso politiko sahararren egoera ere aztertu du. Aiarzak ohartarazi du oso informazio gutxi iristen dela espetxeen barrutik, eta presoen senideek nahiz abokatuek zailtasun handiak dituztela haien egoeraren jarraipena egiteko.

«Espetxeetako egoera oso gogorra da. Informazio oso gutxi dago, eta abokatuek ere oso mugatua dute presoengana iristeko eta haien egoeraren jarraipena egiteko aukera», azaldu du.

Horrez gain, presoen osasun egoera larriari buruzko informazioa jasotzen ari direla adierazi du. Zenbait kasutan, atxiloketak legez kanpokotzat jo dituzten arren eta tortura salaketak egon arren, pertsonek preso jarraitzen dutela nabarmendu du.

MINURSOk ez ditu giza eskubideak behatzen
Nazioarteko komunitatearen erantzukizunari dagokionez, Aiarzak gogorarazi du Mendebaldeko Sahara Nazio Batuek deskolonizatu beharreko lurralde gisa aitortuta dagoela.

MINURSO Nazio Batuen misioa 1991n sortu zen autodeterminazio erreferenduma antolatzeko, baina galdeketa ez da inoiz egin. Gainera, Aiarzak azpimarratu du MINURSO dela giza eskubideak behatzeko eskumenik ez duen Nazio Batuen bake misio bakarretako bat.

«MINURSOk ez du giza eskubideen urraketen inguruko behaketa egiteko ardurarik. Ondorioz, ez dago egoeraren nazioarteko jarraipen nahikorik», salatu du.

Lurralde okupatuetara sartzeko oztopoek nazioarteko erakundeen eta giza eskubideen aldeko behatzaileen lana zailtzen dute. Tokiko elkarteek ere presio handia jasaten dute, baliabide ekonomiko gutxi dituzte eta nazioartera informazioa helarazteko zailtasunak pairatzen dituzte.

Aiarzaren arabera, egoera hori ezin da ulertu nazioarteko potentzia batzuek Marokori ematen dioten babes politikoa kontuan hartu gabe. Frantziak, AEBek eta beste hainbat estatuk Marokoren jarrera babesten dutela adierazi du. Espainiako Gobernuak ere autonomia proposamena babesten du gaur egun, autodeterminazio erreferendumaren ordez.

«Autonomia aukera bakar gisa eskaintzea deskolonizazio prozesutik kanpo dago. Hainbat estatuk nazioarteko zuzenbideari izkin eginez aurkezten dute proposamen hori gatazka konpontzeko oinarri gisa», kritikatu du.

Kolonizazio ekonomikoa eta baliabideen ustiaketa
Marokotik Mendebaldeko Saharara joandako kolonoen eragina ere aztertu dute txostenean. Aiarzaren arabera, kolonizazio horrek izaera ekonomiko nabarmena du, eta lurraldearen baliabide naturalen ustiaketarekin lotuta dago.

«Kolonoak bizi baldintza hobeen bila joaten dira, ekonomiak bultzatuta. Fosfatoaren, arrantzaren eta, azken urteetan, nekazaritzaren ustiaketak pisu handia du», azaldu du.

Marokoko estatuko aparatuek kolonoak lehenesten dituztela salatu du, lanpostuak, soldata hobeak, etxebizitzarako laguntzak eta bestelako onura ekonomikoak eskainiz. Politika horrek Marokotik datorren immigrazioa sustatzen du eta lurraldearen osaera soziala eta demografikoa aldatzen du.

Bitartean, Aljeriako errefuxiatuen kanpalekuetan egoerak okerrera egiten jarraitzen du. Nazioarteko laguntzak gero eta urriagoak dira, eta hainbat belaunaldi kanpalekuetan jaio eta hazi dira, etorkizuna erabakitzeko aukerarik gabe.

Aiarzaren ustez, okupazioa luzatzeak gero eta konplexuago egiten du etorkizuneko balizko erreferendum bat, bai errefuxiatuen parte hartzeari dagokionez, bai azken hamarkadetan lurralde okupatuetara joandako kolonoen egoerari dagokionez.

Hala ere, eztabaida ez dago puntu horretan. «Une honetan ez da eztabaidatzen erreferendumean nork parte hartu beharko lukeen, baizik eta independentzia aukera bera onartuko ote den», ondorioztatu du Aiarzak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)