Kolonbiako nasa hizkuntzaren biziberritzeak Linguapax saria jaso du
Kolonbiako nasa yuwe hizkuntzaren biziberritze prozesuak Linguapax nazioarteko elkartearen saria jaso du. Euskararen esperientziarekin harreman estua daukan Cauca haraneko indigenak egiten ari dira lan hori. Hala, Bartzelonan saria jaso berritan Euskal Herrian izan dira nasa herriko ordezkariak.
Gara, , 18-07-2026Euskara bezala, ahaide ezagunik gabeko hizkuntza isolatutzat jotzen da nasen mintzaira. Espainiarrek «paez» izena eman zioten, eta hala ageri da oraindik liburu eta artikulu askotan. Nasa indigenen hizkuntza izanik, alabaina, «nasa yuwe» esan izan diote berriki arte (nasa hizkuntza, alegia); azken urteotan, berriz «Ju’gthë’we’sx Pthüusenxi» izena hobetsi dute, komunitateko zaharrenen argibideei jarraiki; «arbasoen hitza» esan nahi omen du.
«Kolonbian 112 herri indigena daude, eta 70 hizkuntza baino gehiago. Nasak biztanle gehien dituen bigarren herria dira; Guajirako wayuak dira jendetsuenak, eta gero gu gaude, 250.000-280.000 artean. Gure proiektua garatzen ari garen lurraldean 35.000 inguru gara, eta bertan dago komunitatearen garapen prozesua aktiboena une honetan», esan du Viviana Gonzalez hizkuntzalariak. Carlos Ruda da Toribio, Tacueyo eta San Francisco eskualdeak biltzen dituen eremurako lantzen ari diren Plan de Vida-ren (Bizi Egitasmoaren) arduraduna. «2011n, errolda soziolinguistikoa egin zen hizkuntzaren egoera ebaluatzeko. Bertan agerian geratu zen aurrerapenak egin baziren ere egitura, politika eta antolakuntza aldetik, hizkuntza bera gainbehera azkar bat jasaten ari zela, ez zitzaielako transmititu haurrei. Eta haurrak bizitzaren hazia dira». Urte garrantzitsua izan zen 2011 hura, duela hamabost urte. Garabide elkarteak antolatutako Aditu ikastaroan izan zen Euskal Herrian lehen aldiz Viviana Gonzalez. Handik Amerikara itzultzean, ibilbide berri bati ekin zioten nasen hizkuntzaren biziberritzean.
Erresistentzia indigena
Jatorri nasarik izan ez arren, Gonzalezek bazeramatzan urte batzuk hizkuntza biziberritzeko lanean CRICekin, Caucako Kontseilu Indigena Erregionalarekin. «1971 mugarria izan zen. 1492tik bazetorren guk justizia historikoz aitortzen dugun erresistentzia bat; hura gabe ez genuen hizkuntza eta hori biziberritzeko aukera izango. Baina 1971 izan zen hizkuntzaren defentsarako unea, mugimendu indigena sortu zen proiektu politikoan». CRICen sorrerako adierazpeneko zazpi puntuetatik bi hizkuntzan eta hezkuntzan ardaztuta zeuden, irakasle elebidunen formazioan, zehazki. «Lana eskolan zentratu zen. Indigenen mugimendua ama lurra askatzeko prozesuekin hasi zen, hau da, lur-jabe handiek lapurtutako lurrak berreskuratzen. Komunitateak antolatu egin ziren, lurrak berreskuratu zituzten, eta lur horietan eskolak sortu zituzten», azaldu du Gonzalezek.
«Uste dut lehenengo hamarkadan hezkuntzaren gaia oso indartsua izan zela; hizkuntzena ere bai. Gero, denborak aurrera egin ahala, eskolak hazi egin ziren, haur gehiago zeuden, eta ez zegoen hizkuntza zekiten behar beste irakasle; ez zegoen matematikari edo fisikari nahikorik. Hezkuntza hazi egin zen, proiektu elebiduna desagertu egin zen, eta hizkuntza-prozesuak behea jo zuen». 2006an egindako azterketa soziolinguistikoaren ostean, bilkura handi bat izan zuten: «Historikoa izan zen, mila lagun baino gehiagorekin, eta lurralde-politika bat ezarri zen. Hizkuntza-politika honek zehazten zuen biziberritze ahaleginak deszentralizatuak izan behar zirela, CRICek ez zuela dena konponduko, eta agintaritza bakoitzak bere lurraldean politika horren ardura hartu behar zuela».
Nasa komunitateen iparraldeko eremuetan lehen aldiz, hizkuntza-sustatzaileen talde bat sortu zen. «Kezka handia zegoen desbideratu ginen bidera itzultzeko, gure adineko gidari espiritualek ere esana; balorazio bat egin dugu, eta egun gure agintariak eta adinekoak ere promesa bezala ari dira prozesua gidatzen», esan du Diego Yatacuek, nasen taldean Euskal Herrira etorritako hirugarren ordezkariak. Baina horretara iritsi zirenerako, hizkuntza lehen lerrotik baztertuta zegoen.
«Familien barruan transmisioa etenda zegoen; hizkuntza ez zen gai garrantzitsutzat hartzen. Gaztelania ikasi behar izan genuen; estigmatizazioa eta tratu txarrak izan ziren. Horregatik, biziberritze prozesuan parte hartu dudan lehen unetik arreta sendoa jarri diogun dinamiketako bat prestigioarena izan da». Duela hamabost urte, «gure agintari indigenek ere ez zuten argi hizkuntza konpontzearen garrantzia; gaztelaniak ia menderatu gintuen eta ez zegoen indartze-prozesurako gidaritzarik», gogoratu du Yatacuek. Egun, hori goitik behera aldatu da. Transmisioa ez da guztiz eten, badira hizkuntzan egiten duten familiak, eta «nasa indigena izatearen zergatia, erantzukizuna eta gure betebeharra motibatzetik dator. Gure aitona-amonek utzi ziguten nortasunaren ondare handiena hizkuntza da. Egun badago aitortza hori; agintariak, familiak, gazteak, haurrak, hizkuntza ikasten ari dira, ikasteko gogoz daude, eta erakundeko agintari eta koordinatzaile asko hizkuntzari merezi duen lekua ematen ari dira».
Mugimendu indigenan hizkuntzaren zentraltasuna ez zen berehalakoan etorri. Gonzalezek gogoan dauka, Euskal Herriko egonalditik itzulita, landu beharreko elementuak ikusten zituela alde guztietan. Baina, lehen aldaketa mugimendu indigenaren baitan gertatu behar zela aintzat hartuta, detaile txikiekin hasi ziren. «Aldaketa asko egon dira, baina bat oso garrantzitsua iruditzen zait: hizkuntza gauza folkloriko gisa tratatzeaz harago joatea lortu dugu. Hasieran, betegarri bat bezala zen, ekitaldi politikoetan kanta bat, keinu kultural bat… Esaten zuten: ‘Usha (Viviana), halako batzar batera gonbidatzen gaituzte’». Eta guk: «Bai, baina 15 minutu ematen dizkigute gure gaiaz hitz egiteko. Beraz, noski, osasun batzarrera joaten ginen, baina 10-15 minutu ematen zizkiguten eta esaten genuen: Hizkuntzaren sustatzaileak gara, eta horrela ekiten genuen». Gonzalez ohartu zen autonomia modu mailakatuan lortzen dela, eta euskarak eta katalanak «Euskal Herriko eta Kataluniako proiektu politikorako, autonomiarako eta herritarren batasunerako daukaten zentraltasunari buruz irakurri nuen. Lehen mailako komunitate gisa, hizkuntza komunitate bezala aitortzeko zeukan garrantziaz jabetuta, erabaki genuen hizkuntzatik soziologiara, hizkuntzatik politikara, igaro behar genuela». Borrokarako plataformaren parte izan zen hizkuntza, baina agintari indigenen aitortza mugatua zen: «‘Bai, oso ondo, lagundu iezaguzu, egin ezazu zuk…’ esan ohi ziguten eta esan genien ‘ez, inplikatu zu ere’; bilerak egin genituen agintariekin, uler zezaten».
Lehen apustua hezkuntzan izan bazen ere, Latinoamerikako beste esperientzia batzuetako hutsuneaz ohartu ziren: hezkuntza elebiduna izendatu arren, astean behin hiztegi pixka bat irakasteko eskolak baino ez ziren. «Hezkuntza elebiduna bandera politiko bat izan zen, gauzak lortzeko garrantzitsua, baina elebitasunaren kontzeptua bera galtzen joan zen. Eta orduan sortu zen ‘kulturarteko hezkuntza elebiduna’ izendatuta gure arazoak konponduko ziren ustea», esan du Gonzalezek. «Baina komunitateko nagusiek azkar esan ziguten: Zertan ari zarete? Ezin zarete eskoletan geldi geratu. Komunitatera irten behar da, familiengana».
Laburbilduz, komunitatea hasia zen hizkuntza biziberritzeko garrantziaz ohartarazten; horretarako azpiegitura eta talde bat sortu zuten, baina egin beharreko bidea argi ez zegoela, euskal esperientziarekin elkarlanaren aukerari heldu zion Gonzalezek.
«Zer egin ikasi berri duzun guztiarekin, non eta norekin hasi?», galdetu zion bere buruari Viviana Gonzalezek Euskal Herriko hiru hilabeteko egonalditik bueltan nasen biziberritzeko taldetik deitu ziotenean. «Eta niretzat match perfektua izan zen: oso jende ona, lanerako prestasun paregabearekin, sos gutxi batzuk, eta beste aldean Euskal Herritik nekartzan ideiak. Hortxe ekin genion elkarlanari, eta nik, funtsean, zubi-lan hori egiten dut Garabideren eta nasa herriaren artean».
Garabide elkartearen eskutik, euskalgintzako aditu ugari izan dira hamabost urteotan nasen lurraldean, hezkuntza arautuan, helduen irakaskuntzan eta beste hainbat eremutan daukaten esperientzia trukatzeko. Gonzalezek Gasteizen aurkeztu zuen otsailean esperientzia hau ikertuz egin duen doktorego-tesia («Ju’gthë’we’sx Pthüusenxiren biziberritze prozesua eta euskal hizkuntza-lankidetza sistemaren ekarpena»).
Erronkak
Esker onez eta harro begiratzen dute nasek urteotako ibilbidea, baina bide hori beti beren ikuspegi eta testuingurura egokitzearen garrantzia ere azpimarratzen dute. Azken batean, lurralde bateko esperientzia beste batentzat inspiragarri izan daitekeen legez, ehuneko ehunean kopiatzea gutxitan da konponbide, komunitate bakoitzeko errealitate politiko, kultural zein sozialak eta gainerako tradizio eta ohiturak aintzat hartu ezean. Badakite batzuetan ez dagoela ikuspegi bera Europan eta Amerikan; «batzuetan bestelako ikuspegi eta erritmoak izan ditugu, eta bestelako auzi batzuei ere aurre egin behar izan diegu»; adibidez, komunitateak bere espiritualitate eta aginte-mota berezkoarekin lotutako berezitasunak, edo gatazka armatuak egunerokoan sortzen dituen egoerak. «Gure arreta jarri dugu gure erritmoan aurrera egiteko, gure orientazioaren arabera. Kontua ez da kopiatu eta itsastea». Erdi txantxaz, erdi burlaizez esan du Carlos Rudak «haien [euskaldunen] erritmoari jarraitzea ere ez da beti egin behar duguna».
«Batzuetan mendian ibiltzeko euskaldunen erritmoa jartzen dute!», biribildu du txantxa Gonzalezek.
Agintea uztear den Gustavo Petroren Gobernuarekiko hitz onak dituzte, hezkuntzan egindako aldaketengatik; esaterako, indigenek beren hezkuntza-ereduak lantzeko gaitasuna izateko, hizkuntza bera ere barne hartuta. Testuinguru horretan, ez dute ezkutatzen badutela kezkarik Abelardo de la Espriella ultrak aurki presidentetza hartuko duelako. Baina ez dute ahazten, halaber, nasa hizkuntzaren biziberritzea Kolonbiako gatazka armatua bete-betean zela abiarazi zutela, eta bide horretan jarraitzeko prest daudela. Ez da euskara erreferente bakarra izan nasentzat. Kolonbia hegoaldean izanik, Ekuadorreko kitxua komunitatearekin ere egin dituzte topaketak. Orain, Euskal Herriko barnetegiak ezagututa, haien testuingurutik hurbilago dauden maputxeen herrietako antzeko egitasmoak ezagutu nahiko lituzkete, helduen hezkuntzan sakontzeko.
Berriki arte ia idatzi ez den hizkuntza baten testuingurua dela aintzat hartu behar da, esate baterako. «Hizkuntzaren transmisioa familiatik egin da, esperientzia bidez eta ahoz, eta hor ez genuen espazio edo baliabiderik behar. Familian egiten zen, bizitzaren ziklotik; kultura eta identitate-lotura horretatik gertatzen den txertaketa bat zen. Gaur egun, beharrezkoa da estrategiak sortzea, eta hor sartzen da egiten ari garena, eta geure burua euskaldunekin lankidetzan eta haien ezagutzarekin bat eginez. Dohain hori izan duzuelako, geu ere biziberritzeko estrategietan hasi gara».
(Puede haber caducado)