Nafarroako Parlamentuak ongi etorria egin die uda pasatzera iritsitako Saharako 101 haurrei
101 ume saharar iritsi dira Nafarroara astelehen honetan ‘Oporrak Bakean’ programaren bidez, Nafarroako Parlamentuak ongi etorria egin die, eta saharar auziarekiko «konpromisoa» berretsi du.
Gara, , 20-07-2026‘Oporrak bakean’ egitasmoarekin Saharako 101 haur iritsi dira astelehen goiz honetan Iruñera, Nafarroako Parlamentuak ongi etorria emateko ekitaldi instituzional bat egin die. Unai Hualde Ganberako lehendakariak hartu du hitza, eta adierazi du ekimen honek «aukera ematen duela Nafarroako erakundeek eta gizarteak saharar herriari irmo laguntzeko duen mezu argian berresteko».
Nafarroak Saharako auziarekiko duen «konpromisoaren» isla izan da ekitaldia Hualderen esanetan. Ekitaldia baliatu du «saharar herriak jasaten duen larrialdi humanitarioko egoerarendako irtenbide bidezko eta iraunkor bat eskatzeko, batez ere Nazio Batuen ebazpenak betetzeari lotuta», eta gogorarazi du Nafarroako Parlamentuak, Bakea eta Askatasuna Saharar Herriarentzat talde parlamentarioen arteko taldearen bidez, beti aitortu izan diela autodeterminazio eskubidea «borroka, aldarrikapen, erresistentzia, erresilientzia eta elkartasunezko 50 urte hauetan eta gobernuen eta erakundeen utzikeriaren aurrean».
Bestalde, Hamdi Aomar Ahmed-ek, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak Nafarroan duen ordezkariak, ‘Oporrak Bakean’ programak «elkartasun adibide handienetako» gisa duen balioa nabarmendu du. Ekimen horrek, ANAS gisako elkarteen eta harrera familien lanari, koordinazioari eta konpromisoari esker, haur sahararrei «beste mundu bat ikustea eta etorkizun posible bat» dagoela ulertzea ahalbidetzen die.
Autodeterminazio eske
SEADeko ordezkariak, Fronte Polisarioaren izenean, eskerrak eman dizkio Nafarroako Parlamentuari «saharar auzia bizirik mantentzeagatik» eta, bereziki, Bakea eta Askatasuna Saharar Herriarentzat taldeari; izan ere, «taldeen arteko desberdintasun politikoez haratago, giza eskubideak, justizia eta saharar herriak autodeterminaziorako duen eskubidea defendatzeko batzea posible dela erakusten du bere lanak».
«Saharar herriak eusten jarraitzen du, badakielako Nafarroa bezalako herri batzuek inoiz ez diotela utzi nazioarteko legezkotasuna, giza eskubideak eta gure etorkizuna askatasunez erabakitzeko eskubidea defendatzeari. Saharar herriaren izenean, eskerrik asko urte askotako elkartasun, adiskidetasun eta konpromisoagatik», gaineratu du.
Bere hitzartzearen amaieran Aomar Ahmedek Naama Asfari preso zibil sahararrak pairatzen duen egoera ekarri nahi izan du gogora. 41 egun daramatza gose greban espetxean jasaten dituzten bortxaketak salatzeko, eta «Saharako preso guztiak berehala eta baldintzarik gabe askatzeko lan egiteko» eskatu du.
(Puede haber caducado)