Historia eta emozioa uztartzen dituen itsas zeharkaldia

Gara, Gaizka IZAGIRRE, 18-07-2026

SS Winnipeg 1918an Estatu frantsesean eraikitako itsasontzia izan zen. 1919an itsasoratu zen, eta 1939an bidaia historikoa egin zuen Txilerantz, Espainiar Errepublikako 2.000 errefuxiatu baino gehiago garraiatzeko; horien artean euskaldunak ere bazeuden. Kontakizuna Victor aita alargunaren eta Julia haren alaba txikiaren begietatik kontatzen da.

Jarraian esango dudana, begi bistakoa dirudien arren, gakoa iruditzen zait: proiektuaren indargune handienetako bat istorioa pantailaratzeko aukeratu den forma da, alegia, animazioa. Irudi errealetan ia ezinezkoa litzatekeen zeharkaldi hura irudikatzeko aukera ematen du, eta, aldi berean, guztia dimentsio alegoriko batera eramaten du.

Animazioa emozioek eta historiak elkarrekin arnasten duten espazio bihurtzen da; bidaia irudikatzeaz harago, pertsonaien ziurgabetasuna, beldurra eta itxaropena transmititzen da. Filmak ez du erbestea sinplifikatzen, eta ohiko kode dramatikoetatik urrun jokatzen du gehiegizko dramatismorik gabe. Errespetuz egindako lana da.

Narrazioaren egitura familia baten inguruan eraikitzen da, kontakizunaren hari emozionala sendotzeko. Horrela, eskala handiko gertakari historiko bat gizatiarragoa egiten da, dokumentalaren hoztasunetik ihes eginez, eta intimitatearen bidez unibertsaltasuna lortzen du.

Sortzaileek animazio klasiko digitala erabili dute, errealismotik gertu dagoen estetika zaindu batekin. Horri esker, kontakizuna jarraitzeko erraza, argia eta aldi berean sentikorra da.

Diktadura frankistak ezarritako isiltasunean ezkutuan egon zen memoria berreskuratzen duen film oso gomendagarria.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)