Politikak garrantzi handia izan du Munduko Kopan: Trump, Rajoy, Malvinak eta Palestina

Munduko Kopa igandean amaituko da, Espainiako eta Argentinako partidarekin. Ohi baino luzeagoa izango da hitzordua, aurretik zein atsedenean kontzertuak eskainiko dituztelako. Keinu politikoek ere lekua izango dute, Trumpek emango baitu garaikurra.

Gara, Aritz Santamaria, 18-07-2026

Ordu erdiko atsedena izango du Munduko Kopa finalak. Negozio eredu hori erroturik dago AEBetan, baina arrotzak egin zaizkigu cooling break direlako horiek; jokalariek ura edateko tartearen aitzakipean, partida bakoitzeko zati orotan hiru iragarki sartu dizkigute-eta. Negozioa eta etekin ekonomikoa kirol ikuskizuna baino garrantzitsuagoak diren adierazle izan dira aipatutako etenak. Alabaina, Donald Trumpek eta Gianni Infantinok antolatu duten txapelketa batean ezin genuen gehiago espero.

Eredu horrek beste eszenatoki batera eramango gaitu igandean, gainera; finaleko atarian Laura Paussinik (ez du euskaldunoi keinurik egiteko aukerarik izango) edo Robbie Williamsek kantatuko dute, eta atsedenean Madonnak, Shakirak eta Justin Bieberrek. Punta puntako abeslariak omen dira, baina nork ordainduko luke, izango balitu, noski, kasik 4.000 euro eserleku baten truke? Trumpen politikak zuritzeko ariketa erraldoia izan da Munduko Kopa, eta horren isla gorena igandean biziko dugu: Trumpek eta Infantinok emango dute garaikurra. Beraz, ‘Midterm’ hauteskundeak ate-joka dituela, Trumpek are gehiago probestuko du futbolaren eragina.

Futbola kirolaz baino harago doanean

Jakina da kirolak eta politikak harreman estua dutela, nahiz eta FIFAk keinu politiko oro debekatzen duen. Adibidez, AEBetako presidenteak bere boterea baliatu du bere selekzioaren aldeko neurriak har daitezen. Izan ere, final-hamaseirenetako partidan Balogun aurrelariak txartel gorria jaso zuen; aldiz, final-zortzirenetako partida jokatu zuen. Erabaki horren atzean Trumpen esku hartzea dago, berak onartu duenaren arabera Infantinori txartel gorria kentzeko eskatu baitzion. Eskatu eta bete: FIFAk urtebetez indarrik gabe utzi du zigorra.

Era berean, M.Rajoyk ez du inor epel utzi. Espainiako presidente ohiak hedabide ultra batean idazten ditu zutabeak, eta futbol analisi eskasek baino esandako arrazakeriek izan dute oihartzuna. Frantziako selekzioan frantsesik ez zegoela idatzi zuen, eta horrek bi estatu zapaltzaileen arteko talka eragin du. Frantzian aritu diren 26 jokalarietatik, 23k badute Afrikan sustrairen bat, nahiz eta Frantzian jaio. Barkamena eskatzeaz urrun, azken zutabean berretsi ditu bere hitzak: «Besteek barkamena eska dezatela!». Hanka-sartzea izatetik urrun, ongi kalkulatutako eta birritan pentsatutako hitzak dira, etekin politikoa helburu dutenak.

Ausazkoa ez zena izan Argentinako jokalarien keinua izan zen. Ingalaterra garaitu ostean, ospakizun bete-betean, jokalariek «Las Malvinas son argentinas» idatzita zekarren pankarta zabaldu zuten zelaian. Bi herrialdeen arteko gatazka 1982an izan zuen azken kapitulua, baina 1833an du hasiera. Urte horretan, Erresuma Batuak, inperialismoaren garai sutsuan, Malvinak indarrez bereganatu zituen. Orduz geroztik Argentinak ez du uharteen gaineko kontrol britaniarra onartu.

Esaterako, Leopoldo Galtieri diktadorearen agindupean, Argentinak uhartei eraso egin zien, baina hiru hilabeteko gerraren ostean Erresuma Batuak mantendu zituen kontrolpean. Hortik gutxira, 1986ko final-laurdenetan mendekua hartu zuten argentinarrek, 3 eta 2 irabaziz. Aurtengo edizioan ere hegoamerikarrak gailendu dira, baina keinu politikoak erreakzio ugari ekarri du.

Argentinako presidente ultraeskuindarrak, Javier Mileik, Malvinak argentinarrak direla esan, baina zuhurtziaz jokatu du: «Berreskuratuko ditugu, baina bide diplomatikotik». Mileik NBEk Erresuma Batua negoziazio mailan esertzera behartu duela gogoratu du. Bestalde, Britainia Handiko Gobernuaren eledunak uharteen gaineko kontrola aldarrikatu du: «Mundiala ihes egin badigu ere, Malvinak gureak dira, zalantza izpirik gabe».

Ildo horretatik, Malvina uharteetako Gobernuak oharra kaleratu du, Argentinako jokalarien jarrerarekin «minduta» daudela aipatuz eta Erresuma Batuko gobernuaren babesa eskertuz. Azkenik, ikusteko dago jokalariek zigorrik jasoko ote duten ala ez.

Palestinako aldarriak, halaber, Munduko Kopan izan du oihartzuna. Egiptoko hautatzailea den Hossam Hassanek Palestinako bandera aireratu zuen partida baten ostean. Genozidioak ez du etenik, eta futbolak duen eragina probestu zuen Hassanek prentsaurrekoan: «Norbaitek sufritzen ez badu, errukigabea delako da». Gainera, jokalariei Palestinaren aldeko mezuak zabaltzeko gonbita luzatu zien, baina ez dugu inoren mezurik entzun.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)