Migrazioen eta Bizikidetzaren Ikuspegi Katedra eratu dute Lakuak eta EHUk
Lakuak eta EHUk Migrazioen eta Bizikidetzaren Ikuspegi Katedraren eraketa sinatu dute EHUko Bizkaia Aretoan, 2003an sortu zenen Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiari «esparru juridiko eta antolaketa egonkorragoa» emateko
Gara, , 17-07-2026Migrazioen eta Bizikidetzaren Ikuspegi Katedra eratu dute Lakuak eta EHUk. Unibertsitateko Bizkaia Aretoan egindako ekitaldi batean sinatu dute eratze-akta EHUko errektore Joxerramon Bengoetxeak eta Nerea Melgosa Lakuako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak.
2003tik Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak egindako lanari «esparru juridiko eta antolaketa egonkorragoa» emateko, eta haren «jarraipena bermatzeko eta eragina indartzeko» unibertsitate katedra bihurtu dutela azaldu du Euskal Herriko Unibertsitateak, komunikatu batean.
Gainera, Ikuspegi Katedra formalizatu izana EHUren eta Lakuaren arteko erakundeen arteko lankidetzaren adibide ere bada, sinatzaileen arabera, «lankidetza indartuz eta jakintza sortzeko, azterketa zorrotzak egiteko eta gero eta askotarikoagoa den euskal gizartean bizikidetza babesteko gune egonkor bihurtzeko tresna bultzatuz».
«Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatoki gisa sortzea asmatze bat izan zen, eta ezinbesteko lana egin du urte hauetan guztietan gure herrialdean immigrazioa nola bizi eta ulertzen dugun aztertzeko; are gehiago, bizi ditugun garai hauetan, gainditutzat jotzen genituen diskurtsoak lehen lerroan baitira berriro, eta akademia garen aldetik, horien inguruko datuekin eta azterketekin lanean eta ikertzen jarraitzera behartzen gaituzte», adierazi du Joxerra Bengoetxeak.
Bestalde, Nerea Melgosak nabarmendu du Ikuspegi Katedra eratzeak «egonkortasuna eta proiekzioa» ematen diela Lakuaren eta EHUren arteko bi hamarkadako lan partekatuari. «Ezagutza zorrotza, datu eta adierazle fidagarriak behar ditugu, gero eta askotarikoagoa den migrazio eta gizarte errealitatea ulertzeko eta kultura arteko ikuspegia duten politika publikoak bideratzeko», azaldu du.
Ekitaldian izan den Julia Shershneva Ikuspegi Katedraren zuzendariak gogorarazi du hasieran Ikuspegiren lana EAEko migrazio fluxuen monitorizazioan zentratu zela, eta azken bi hamarkadetan Ikuspegiren hazkundeak eta bilakaerak «formatu instituzional berri bat» behar izan dutela, «proiektua sendotzeko eta haren egonkortasuna eta eragin akademikoa eta prestakuntzakoa indartzeko».
Ikuspegi Katedraren helburua EAEko migrazioen eta bizikidetzaren eremuan sustapena, dibulgazioa, prestakuntza, transferentzia eta ikerketa indartzea da. Halaber, katedrak politika publikoak bideratzeko «ebidentzia eta ezagutza aditua» ematen lagunduko duela dio EHUk, fenomeno horien inguruko eztabaida informatua eta gizarte sentsibilizazioa sustatuz.
(Puede haber caducado)