Emakume bat eta haren bi ume adingabeak hil dira Erronkarin, itota
Ezka ibaian gertatu da ezbeharra.
Berria, , 15-07-2026Hiru pertsona hil dira itota Erronkarin (Nafarroa), Ezka ibaian. 29 urteko emakume bat eta haren 7 eta 11 urteko bi ume adingabeak dira hildakoak. 16:39 aldera gertatu da ezbeharra, asteazkenean. Bizilagun batek aurkitu ditu gorpuak uretan, eta larrialdi zerbitzuak ohartarazi ditu. Nafarroako suhiltzaileak eta osasun langileak bertaratu dira, baina ezin izan dituzte suspertu.
Poliziak adierazi du ikerketa bat abiatu dutela zer gertatu den argitzeko. Bainatzeko ohiko tokia da Ezka ibaiako hori. Udalak ohar bat zabaldu du eta babesa eskaini die hildako lagunen familia eta senideei; hiru eguneko dolualdia ezarriko duela jakinarazi du.
Bertze sei hildako
Ekainetik hona gutxienez bertze sei pertsona hil dira itota. Joan den hilabetean lau izan ziren: hilaren 13an 43 urteko bizkaitar bat hil zen Castro Urdialesen (Espainia), Oriñongo hondartzan; bortz egunen buruan, 59 urteko emakume bat hilda aurkitu zuten Iruñeko Aranzadi udal instalazioetako igerileku batean; eta ekainaren 25ean, berriz, bi lagun hil ziren itota: Donostiako Ondarreta hondartzan bata eta Uharteko Dorraburu presaren inguruetan bertzea, Arga ibaian. Joan den astean, berriz, bi gizon hil ziren: lehenbizikoa, Uribarriko urtegian (Araba), Gasteizko ironmanean parte hartzen ari zela bihotzekoak jota, eta bigarrena, Orioko hondartzan (Gipuzkoa).
(Puede haber caducado)