Ekitaldia Loiolan, kolpe faxista garaitu zeneko 90. urteurrenean
90 urte beteko dira Donostiak altxamendu militarrari aurre egin eta berau garaitu zuenetik. Gertaerak oroitzeko, EH Bildu apiriletik ekimenak egiten ari da, eta horien artean izango da arlo instituzionaletik at uztailaren 28an Loiolako Urdintzuko zubian antolatutakoa.
Gara, , 11-07-2026Donostiako EH Bilduk hilaren amaieran egingo den ekitaldi bat aurkeztu zuen atzo, «Donostiak kolpe militar faxista garaitu zueneko 90. urteurrena omentzeko» asmoz antolatutakoa.
Jon Markel Ormazabal eta Garbiñe Alkiza zinegotziek azaldu zuten uztailaren 18an Espainiako Bigarren Errepublikaren aurkako estatu-kolpe saiakera gertatu zeneko 90. urteurrena izango dela. Era berean, uztailaren 28an 90 urte beteko dira Donostiak altxamendu militarrari aurre egin eta garaitu zuenetik. «Demokrazia eta legaltasun errepublikanoaren alde borrokatu ziren ideologia desberdinetako donostiarren balioa nabarmendu eta oroitu nahi ditugu», esan zuen Ormazabalek.
Horrelako ekimenen beharra azpimarratu zuen: «Gaurko totalitarismoaren gorakadaren aurrean, memoria landu eta berreskuratzea beharrezkoa da».
Hori horrela, azken hilabeteetan EH Bilduk hainbat ekimen martxan jarri dituela gogoratu zuten. Apirilean, Donostiako memoria historikoaren aholku kontseilura eta udal batzordeetara iradokizun bat eraman zuten: «Loiolako Urdintzuko zubian, oroitzapen plaka bat jartzeko eskatu genuen, garaipena Loiolako kuartelen errendizioarekin burutu zelako».
Bestalde, joan den astean adierazpen instituzional bat aurkeztu zutela esan zuen Ormazabalek, «1936ko militar faxistak garaitu eta demokrazia defendatu zuten herritarrei aitortza egin» nahi dietelako. Hurrengo asteko bozeramaileen batzordean ebatziko omen da gai hori.
Pauso horiek instituzioen barnean emateaz gain, erakundeetatik kanpo ere ekimenak antolatzen ari direla esan zuen Garbiñe Alkizak: «Uztailaren 28an ekitaldi bat antolatuko dugu EH Bilduren partetik; Loiolako Urdintzuko zubian 12.00etan elkartuko gara». Bertaratzeko deia egin zien donostiarrei.
ONARTUTAKOA GAUZATZEKO BIDEAN
Joan den apirilean hiriko memoria historikoaren aholku kontseilura eta udal batzordeetara aurkeztutako iradokizuna ontzat eman bazen ere, prentsaurrekoan deitoratu zuten «zinegotzi ordezkariaren hitzetan, denboraz eskas dabiltzan arrazoipean, ez duela denbora emango aurtengo uztailaren 28rako plaka jartzeko».
Hala ere, azpimarratu zuten EH Bilduk horretan lanean jarraituko duela eta uda amaitu ostean berriro mahai gainean jarriko dutela gaia, urtea amaitu aurretik plaka hori jarrita egon dadin.
(Puede haber caducado)