Marine Le Pen (RN): «Presidentetzarako hautagai naiz»
Dei Auzitegiak Europako Parlamentuaren dirua desbideratu izanagatik zabalduriko auzian Batasun Nazioneko burua erruduntzat jo du uztailaren 7an. Alta, ebazpena ezagutu eta oren batzuetara, Marine Le Penek iragarri du frantziar Presidentetzarako hautagaia izanen dela.
Gara, , 08-07-2026Parisko Dei Auzitegiak erruduntzat jo du Marine Le Pen. Epaileek hiru urteko kartzelaldia agindu dute RNko legebiltzar taldeko buruaren kontra, horietatik bi gibelapenarekin. Hala, espetxean sartu gabe ere, urbetetez eskumuturrekoa eramatera zigortu du Le Pen. Era berean, 15 hilabeteko hautagarritasun ezerako zigorra eman dio.
Azken ebazpen horrek berebiziko garrantzia dauka. Hautaezintasunari dagokionez, diputatuak zigorra bete du jadaneko, iazko martxoaren 31n kondenatu zutelako lehen auzialdian. Hala ere, behin-behineko zigorra jaso zuenean, baita geroztik ere, RNko buruzagiak baldintza bat ezarri zuen presidentegai izateko: eskumuturrekoa eramateko zigorrik ez jasotzea.
Auzitegitik hitzik erran gabe atera da Marine Le Pen. 20:00tan, TF1 frantziar kate telebistari emandako elkarrizketaren bidez, bere etorkizun politikoaren gainean argibideak eman ditu. Lasaitua azaldu da Le Pen inhabilitazioa kendu diotelako, bide bidez, «frantziarrei erabakia hartzeko eskubidea bermatuz». Gainera, ez duenez ontzat ematen gainerako puntuetan Dei Auzitegiak emandako ebazpena, Kasazio Auzitegira jotzeko hautua iragarri du.
Are, RNko buruaren arabera, Kasazio Gorteak bere erabakia hartu bitartean eskumuturrekoa eramateko agindua ez denez indarrean sartuko, libreki egiten ahalko du kanpaina. «Kasazio-helegiteak epaiaren ondorioak eten egiten dituenez, eskumuturreko elektronikorik gabe eginen dut kanpaina», aldarrikatu du Le Penek, hainbat juristak adierazitako iritziaren kontra.
Benetako albistea hauxe izan da: lehen instantzian, baita dei auzialdian ere, iruzur egiteagatik zigortua izan den Marine Le Penek kosta ahala kosta hautagai izateko asmoa du. Horrela iragarri du bere erabakia: «Gau honetan esan dezaket Presidentetzarako hautagai naizela».
Fronte Nazionaleko zein RNko buruzagi ohiak zigortu dituzte
Marine Le Pen ez da, ordea, zigorra jaso duen bakarra. Alderdia bera bi milioi euroko isuna ordaintzera kodenatua izan da, horietatik bat gibelapenarekin. Oroitzearren, 2004tik 2016ra eurodiputatuek haien laguntzaileak kontratatzeko jasotzen duten diru-ekarpena desbideratu izanagatik zabaldu zioten RNri. Denbora tarte horretan, eskuin-muturrak 2,8 milio inguruko diru-galera eragin zion Europako Parlamentuari.
Erakundeak ontzat eman du Dei Auzitegiak plazaraturiko behin-betiko deliberoa. Le Pen berak 100.000 euroko isuna beharko du ordaindu, nahiz eta auzitegiak aitortu duen desbideraturiko dirutza ez zuela pertsonalki aberasteko baliatu.
Alderdiari ezarritako isunatik harago, ardura handiak bete zituzten beste hainbat ordezkari ere zigortu ditu frantziar Justiziak. Ezagunetarikoa, Louis Alliot, Perpinyako auzapeza eta Batasun Nazionaleko lehendakariordea da. Urtebeteko espetxe zigorra jaso du, bete beharrik gabe. Dei Auzitegiak bi urteko hautaezintasuna ere ezarri dio. Horretaz gain, 5.000 euroko isuna ordaindu beharko du. Dagoeneko existitzen ez den Fronte Nazionaleko (FN) idazkari orokor ohia izan zen Nicolas Bayk zigor berdina jaso du.
Bere aldetik, Fronte Nazionaleko (FN) diruzaina izan zen Wallerand de Saint-Jus-ek hiru urteko espetxe zigorra jaso du, osoki gibelapenarekin. Epaileek urtebeteko hautaezintasuna ezarri diote, eta 50.000 euroko isuna ordaintzera kondenatu dute.
Alderdi bereko bigarrena izan zen Bruno Gollnischi ezarritako hiru urteko espetxe zigorra, bete beharrik gabe, eta 25.000 euroko isuna, berretsi ditu Dei Auzitegiak. Urtebetez hautesezin izanen da.
Ferdinand Le Rachinel euroduputatu ohiak bi urteko gibelapenezko kartzelaldia jaso du; eta, horretaz gain, 15.000 euroko isuna ordaindu beharko du. Urtebetez hautaezin izanen da.
Nicolas Crochet, RN-ko kondularia izan zena, ere errunduntzat jo du Dei Auzitegiak. Bete behar gabeko hiru urteko kartzela zigorra eta iraunpen bereko hautaezintasuna jaso ditu Horrez gain, 70.000 euroko amanda jaso du.
Azkenik, Timothée Houssinek eta Julien Odoulek, biak ala biak eurodiputatu laguntzaile ohiak, zigor apalagoak jaso dituzte.
(Puede haber caducado)