Nafarroak Kanarietako etorkinak hartuko ditu, baina Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak ez

Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek bilera egingo dute bihar, gaia aztertzeko

Berria, 20-09-2006

ERREDAKZIOA

Donostia

Nafarroak baietz, eta Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak ezetz. Hego Euskal Herriko erkidegoen artean ez dago batasunik. Nafarroak Kanarietan dauden 8 – 10 etorkin adingabe hartzeko prest dagoela adierazi du; Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak, berriz, ezetz, bertako zentroak beteta daudela eta lekurik ez daukatela azaldu dute. Herenegun erkidegoetako ordezkariek eta Espainiako Gobernuko Immigrazio Saileko arduradunek bilera egin zuten Madrilen, azken hilabeteotan Kanarietan pilatzen ari diren etorkinekin zer egin erabakitzeko – Kanarietan bizi diren 900 etorkin adingabeetatik 500 bertatik ateratzea da Espainiako Gobernuaren asmoa – . Bilera horretan izan ziren Maria Isabel Garcia Malo Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizate kontseilaria eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak.

Nafarroak bilera bukatu berritan eman zuen iritzia. Baiezko iritzia. «Herrialdea eta dauzkagun bitartekoak aztertuta, 8 – 10 etorkin adingabe hartzeko moduan gaudela uste dut». Maria Isabel Garcia Malo Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizate kontseilariak, hala ere, zehaztasun bat egin zuen. «Nafarroak larrialdi deiari erantzungo dio, baina kontuan izan behar da denera adingabeentzat 165 plaza dauzkagula».

Garcia Maloren hitzetan, gazte horiek behar bezala egongo direla bermatu behar da. «Eskubide guzti – guztiekin. Eta hori ez da lan erraza». Laguntza eskaintzeaz gain, ordea, beldur bat badaukala onartu zuen Nafarroako Gizarte Ongizate kontseilariak: «Etorkinei harrera egiten zaiela ikusita, geroz eta gazte gehiago etor daitezke». Horregatik, egoerari aurre egiteko baliabide ekonomiko gehiago emateko eskatu zion Garcia Malok Espainiako Gobernuari.

EGOERA KONPONTZEKO BALIABIDERIK EZ. Lehen begiratuan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoera Nafarroakoa baino konplexuagoa dela esan daiteke. Hiru foru aldundiak haserre antzean daude Eusko Jaurlaritzarekin, toki bakoitzeko egoera zein den ez zielako galdetu herenegungo bilerara joan aurretik.

Aurretik egin ez zuena ondoren egingo du Jaurlaritzak, biharko bilerara deitu baititu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak. Herenegungo bileran erabakitakoaren berri emango die Jaurlaritzak aldundiei bilera horretan. Jaurlaritzak erkidegoei informazioa emango badie ere, euren iritzia ere entzun beharko du. Izan ere, foru aldundien esku daude etorkin adingabeen zentroak, eta erabakiak, azken batean, haiek hartu behar dituzte.

Hain zuzen ere, Jaurlaritzak oraindik ez du bilerari buruzko iritzirik eman; Miren Azkarate bozeramaileak atzo adierazi zuenez, Gizarte Ongizate departamentuaren eta foru aldundien iritzia jakin nahi baitute iritzi bateratua eman aurretik.

Atzo entzundakoaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak ere Jaurlaritzaren azalpenak entzuteko zain daude. Hala ere, hirurek nahiko garbi adierazi dute euren iritzia: egoerari aurre egiteko baliabiderik ez daukate. Arabako Foru Aldundiaren hitzek hori pentsarazten dute behintzat. «Ohiz kanpoko egoera honi aurre egiteko ahalmenik ez daukagu. Beste herrialde batzuetatik etorritako hamabi gazte daude Gurutze Gorriaren zentroetan, behar bezala egokitu gabe, eta leku hobea aurkitzeko zain».

Araban larri, eta Gipuzkoan ere antzera. Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideetarako Departamentuaren arabera, adingabeentzat prestatutako zentroak jada gainezka daude, eta, horrek eraginda, gazteetako batzuk pentsioetara eraman behar izan dituzte. Kanpotik gazte gehiago hartzeko panorama txarra, beraz. Koldo Azkoitia Foru Aldundiko bozeramaileak ere Gipuzkoak aukera askorik ez daukala adierazi zuen hilaren 13an. «Gipuzkoan ehun gazte inguru daude, horietatik 42 urgentzietako zentroan; Tolosako eta Urnietako zentroen edukiera gaindituta dago», adierazi zuen. Baina Gipuzkoan, itxura batean, ezkor badaude ere, Foru Aldundiak Javier Madrazo Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako kontseilariaren asmoak zein diren jakin arte itxaron nahi du.

BIZKAIKO ZENTROAK, «ERABAT BETETA». Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egoera Nafarroan baino larriagoa den adierazgarri dira Juan Maria Aburto Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Gaietarako diputatuak atzo egindako hitzak: «Hemengo zentroak erabat beteta daude, eta Kanarietan eskatu duten moduan, hemengo gazte batzuk ere beste erkidego batzuetara eraman beharko lituzkete». Datu zehatzak eman zituen Aburtok: «Gaur egun 238 etorkin adingabe daude Bizkaian, iazkoaren bikoitza, alegia. Bizkaiak ezin du gehiago egin».

Uste eta iritzi artean egin zituzten atzoko adierazpenak, datu zehatzak biharko bileran jasoko baitituzte. Hala ere, uste horietan oinarrituta, Eusko Jaurlaritzak herenegungo bileran inongo konpromisorik ez zuela hartu adierazi zuen atzo Aburtok – Jesus Caldera Espainiako Lan Ministroak herenegun adierazi zuen «funtsezko akordioa» lortu zutela, eta «erkidego guztiek» hartu zutela Kanarietako gazteak hartzeko konpromisoa. Calderaren hitzetan, berehala hasiko dira erkidego bakoitzak zenbat gazte hartuko dituen zehazten – .

Aburto, badaezpada ere, ingurura begira toki bateko eta besteko errealitateak alderatzen ere hasi zen. «Etorkin adingabeen alorrean Araban eta Gipuzkoan Bizkaian baino egoera hobea daukatela ematen du». Biharko bilerak argitu beharko du toki bakoitzeko egoera zein den, Jaurlaritzak herenegungo bileran zer konpromiso hartu zituen eta aurrera begira foru aldundiek zer egingo duten.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)