Nora dator polizoia? (Angel Rekalde)

Berria, 20-09-2006

Angel Rekalde

Idazlea

Ez da galdera hutsala. Milioika pertsonaren migrazioa globalizazioaren fenomenorik garrantzitsuenetako bat da, eta fenomeno horren ertz zorrotzetako batzuk agerian geratu ziren gure kostaldeko portu batera iritsitako polizoi batzuen patua ikusi genuenean. Ontzian aurkituta, atxilotu eta gaizkile moduan tratatu zituzten agintariek.

Zalantzarik gabe, immigrazioak aberastu egiten gaitu: lan egiteko adinean dagoen populazioa gaztetzen du, ekonomiaren geldialdiari astindu bat ematen dio, bertako langilea emateko prest ez dagoen zerbitzuak eskaintzen ditu, eta are populazio – piramidea indartzen du ere, bere ugalkortasunaz… Baina ezin dugu ahaztu, halaber, hainbat jatorri eta tradiziotako jendearen etorrerak gizarte hartzailearen barruan arazo sakonak sortzen dituela. Izan ere, integrazio, gizarte – kohesio, prestakuntza eta hezkuntzaren prozesuetan nahasteak sortzen ditu, kultur eta hizkuntz transmisioan orekak hausten ditu, bazterketa eta sustraigabetze – egoerak ere hor izaten dira, etab.

Irakurketa generikoetan ez galtzeko, gure kostaldera iritsi eta legez kanpoko etorkinak izateagatik atxilotu zituzten polizoi horien istorioa komentatu nahi nuen. Babesa emateko Gobernuz Kanpoko Erakunde baten ordezkaria bertako hedabide batean, euskal irrati batean, agertu zen eta haien zirkunstantzien berri eman zuen. Agintarien jarrera salatzeko eta etorri berriei elkartasuna adierazteko jardunean, solidario profesional horrek garbi utzi zituen bere posizioa eta bere kontzientzia. 44 milioi biztanle dituen eta hain kultura desberdinekoa den herrialde batera, gurera alegia, iristeko bizitza arriskuan jarri behar izaten duten dohakabe horiei buruz hitz egin zuen. Euren egoera legeztatzeko gure hizkuntza jakitea eskatzen zaiela salatu zuen, eta hamabost egun ez direla nahikoak inork gaztelania ikasteko. «Immigrazioak – azaldu zuen Bilboko GKEko kideak – beste kultura batzuk, beste pentsamolde batzuk, beste hizkuntza batzuk ezagutzeko aukera ematen digu, gureaz gain, eta horrek aberastu egiten gaitu…» Hori euskara ezagutzen ez duen norbaitek esaten zuen, gurea kulturatzat hartzen ez duenak, gure errealitatearen gainetik begiratzen duen ustezko altruistak.

Jakina, ez dago eskubiderik legeak hala erabaki duelako, eta ez haien jokabidegatik edo ekintzengatik, ilegaltzat jotzen diren pertsonak gaizkile moduan tratatzeko. Pertsona horiek lanera datoz, ekonomia sostengatzen dute, guri zerbitzua eta onura eskaintzen digute eta, hala ere, legeria kriminal batek polizia – etxeetako maizter bilakatzen ditu. Onartezina da kaiukoen edo txalupen istorio tragikoa txapel okerrek eta fusildunek kudeatzea (Estatu honetako beste hainbat arazo sozial, politiko, kultural eta abar bezalaxe, bide batez esanda).

Onartezina da, halaber, gu zein garen ez jakitea. Kulturen elkar topatze gatazkatsuaz ari bagara, zergatik hartzen da etorri berriak kokatzeko erreferentzia gisa Estatuaren markoa, 44 milioi pertsonakoa, eta ez gure komunitatearena? Zergatik da injustizia gaztelania korrika eta presaka ikasi behar izatea, eta ez da sekulan planteatzen euskara euskal lurraldean derrigorrezkoa izatea? Izan ere, hainbat markoren artean (legeriarena, mendebaldeko gizarte – ereduarena…) benetan erreferentziazkoa dena Europakoa da, horixe da etorkinek lortu nahi dutena. Eta nahiago bada, bestelako aldagai batzuen arabera, marko geografikoa, eta horretarako oso desberdinak izango lirateke Kanarietako, Gibraltarko itsasarteko edo Bilboko itsasadarreko zirkunstantziak.

Nolanahi ere, bistakoa da eztabaida horien erreferente nagusia polizoia iritsi den komunitatearena dela, hau da, hemen, euskal komunitatearena da.

Immigrazioa gizarte hartzailearen errealitatearentzat erronka bada, eta gizarteratzeko baldintza propioetan (elkarbizitzan, hizkuntzan, hezkuntzan, gizarte – integrazioan, kulturaren transmisioan, kudeaketa instituzionalean, herritarrek erabaki kolektiboetan parte hartzean…) arazoak sortzea, garbi dago guretzat jokoan dagoena gure gizartea dela.

Europako beste herrialde batzuetan eztabaida bizia dago munduko beste jendeen etorreraren aurrean erabili beharreko estrategien abantailen eta eragozpenen inguruan: multikulturalitatearen aldekoak eta kultur integrazioaren defendatzaileak ditugu, aurrez aurre. Ikuspegi horien artean, zeinen aldekoak izango gara gu, hezitzaileei, Bertendonako irakasleei, euskararen ezagutza eta euskarazko irakaskuntza inposatzeko gai ez garenok? Zer – nolako multikulturalitatea egon daiteke gure kultura GKEetako militanterik solidarioenaren ikuspegitik desagertzen denean? Zer – nolako topaketa, eta zein kulturen artean?

Nora dator hona iristen dena? GKEaren ordezkariaren diskurtsoari jarraiki, polizoia Espainiako kostaldera iritsi zen, eta hor gure kultura eta gizartea etorkin gizajoarena bezain legez kanpokoak dira. Etorkinaren patu tristeari eta haren defendatzailearen elkartasun bihurriari begira, berriro ere geure herrian polizoiaren kartela jarri digutela bururatu zitzaidan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)