Lakua hurrengo ikasturtean hasiko da eskola segregazioaren aurkako ituneko neurriak garatzen
Lakuako Hezkuntza Sailak 2026-2027 ikasturtetik aurrera segregazioarekin bukatzeko helburua duen ‘Eskola Bikaina Denontzat’ mahaiaren bidez garatuko diren bederatzi hezkuntza proiektuak aurkeztu ditu.
Gara, , 29-06-2026Inauguratu berri den Bilboko Euskal Museoak hartu du, astelehen goiz honetan, Lakuako Gobernuak 2026-2027 ikasturtetik aurrera Eskola Bikaina Denontzat mahaiaren esparruan hedatzen hasiko diren jarduerak aurkeztu dituen ekitaldia.
Jardunaldiak Mahaiak azken hilabeteetan egindako lanaren berri emateko eta lortutako akordioak partekatzeko balio izan du. Akordioak bederatzi proiektutan eta datorren ikasturtean garatzen hasiko diren jardueretan zehazten dira.
Hezkuntza Sailak azaldu duenez, ‘Eskola Bikaina Denontzat’ Mahaiak adostutako bederatzi proiektuei esker, jarduera zehatzak bultzatu ahal izango dira hezkuntza sistemaren esparru estrategikoetan, besteak beste, ikasle berrientzako harrera eredu komun baten diseinua; ikastetxeen autonomia indartzeko proposamenen garapena; etorkizuneko irakasleen prestakuntza praktikoaren hobekuntza; familiek ingurune eleaniztunetan euskararekiko konfiantza indartzeko estrategia bat ikastetxean; hezkuntza doakotasunaren dekretua egitea; eta Eskola Motxilaren garapena, kalteberatasun egoeran dauden ikasleei oinarrizko baliabideetarako sarbidea bermatzeko.
Era berean, hainbat ekimen jarriko dira abian, honako alderdi hauetan aurrera egiteko: eskolatze orekatuago bat, familientzako hezkuntza informazioko udal zerbitzu berriak eta ikastetxeen, udalen eta komunitateko eragileen arteko lankidetzako esperientzia pilotuak, tokiko itunen bidez.
«Prozesu honen lorpen handienetako bat hezkuntza komunitateko ehun ordezkari baino gehiago helburu komun baten inguruan biltzea izan da. Lan honen emaitzarik onena izan da guztion artean erantzunak eraiki daitezkeela egiaztatzea, hezkuntza hobetzen jarraitzeko eta ikasleak beti erdigunean jarriz. Gaur lan partekatuaren etapa garrantzitsu bat amaitzen da, baina beste etapa garrantzitsu bat hasten da, hau da, proiektu horiek gure hezkuntza sistemaren ekitatea, inklusioa eta kalitatea hobetzen lagunduko duten jarduera zehatz bihurtzea», adierazi du Begoña Pedrosa sailburuak.
Hala ere, prozesuak ez du adostasun erabatekorik izan hezkuntza komunitateko eragile guztien artean. Zenbait sindikatuk eta eragilek kritikak egin dituzte Mahaiaren norabideari eta adostutako neurrien edukiari dagokienez. ELAk hasieratik egin zion uko mahai horretan parte-hartzeari, gerora LABek, eskola publikoko gurasoen elkarteak (EHIGEk) eta Ikastolen Elkarteak ere parte hartzeari utzi diote, besteak beste.
ELAk ‘Eskola Bikaina Denontzat’ eztabaida dinamika, «benetako neurriak hartu beharrean, itxurakeria hutsa dela» salatu zuen. Era berean, ELAk eskola segregazioari buruzko sakoneko azterketa egin eta egoera iraultzeko proposamen sorta landu du
Gaur bertan, Hezkuntza Sailak publiko egindako proposamenak ez duela «inongo zehaztasunik jasotzen» salatu du ELAk. «Hezkuntza Sailak ez du zehaztu eskolen doakotasuna bermatzeko zein mekanismo ezarriko duen eta hamarkadak daramatza legez ezarritako doakotasunari uko egiten eta eskoletan legez kanpoko kuoten ordainketak ontzat ematen. Gainera, ikasleen esperientzia pedagogikoan sakondu beharrean, eskolei burokrazia elementu berriak ezartzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, eskoletara heldu-berri diren ikasleen Jarduera Plan Pertsonalizatuen diseinua bezala. Ondoren ez da inongo baliabiderik aurreikusi plan horiei aurre egiteko», azaldu du.
LABek, urtarrilean, mahaiaren «inprobisazioa» salatu eta parte hartzeari utziko ziola jakinarazi zuen, bertan «eskola segregazioari aurre egiteko itun soziala lortzeko aukerarik ez» zegoela nabarmenduz.
CCOOk ere salatu du gaur bertan Hezkuntza Sailak mahaia «hezkuntza errealitatetik urrun dagoen antzezpen bat» izan dela. Sindikatuaren arabera, foro hau «irakaskuntza itunduaren aldeko espazio bihurtu da».
(Puede haber caducado)