Sudan, Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Kolonbia desplazatuen krisi «ahaztuenen» zerrendaren buru
Norwegian Refugee Council gobernuz kanpoko erakundeak lekualdatze behartu gehien izaten dituzten herrialdeen zerrenda argitaratu du. Herrialde batzuen kasuan, «ahaztuak» izaten ari direla salatu dute, desplazamenduen krisia kroniko bihurtuz.
Gara, , 27-06-2026Behartutako lekualdatzeek hamaika motibo izan ditzakete, gero eta gehiago zabaltzen ari dira, baina badira herrialde batzuk zerrenda horietan urteak eta urteak igarotzen dituztenak. Norwegian Refugee Council gobernuz kanpoko erakundeak ekaina hasieran argitaratu du desplazatuen krisia dela eta herrialde «ahaztuenen» zerrenda.
Zerrendako lehen hamar postuetan kokatzen direnak dira «ahaztuenak», eta ahanztura hori lau ezaugarriren baitan baloratzen da. Hain zuzen ere, funts humanitariorik eza, arreta falta komunikabideetan, desplazamenduaren eskala eta krisiok eragiten dituzten gatazkei amaiera emateko «konpromiso politiko eraginkorrik» eza dira Norwegian Refugee Council gobernuz kanpoko erakundeak sailkapena egiteko kontuan hartzen dituen lau irizpideak.
Hurrenez hurren zerrendako lehen zazpi herrialdeak jarraian azaldutakoak dira: Sudan, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Kolonbia, Yemen, Afganistan, Honduras eta Ekuador.
«Gobernu emaileei abandonu horren frogak aurkeztu zaizkie, urtez urte. Hala ere, boterea dutenek inbertsio militarrei eta estrategikoei lehentasuna ematea eta finantzaketa murriztea aukeratzen jarraitzen dute, lehentasuna kendu eta krision biktimak baztertzea», adierazi du Jan Egeland Norwegian Refugee Council erakundeko idazkari nagusiak ohar baten bidez, zerrenda argitaratzearekin bat.
Desplazamenduak kroniko bihurtu eta ia ahaztutakoen artean Sudan da zerrendaburua. Armada eta Laguntza Azkarreko Indar paramilitarrak gerra zibil suntsitzaile batean murgilduta daude 2023ko apirilaz geroztik. Bederatzi milioi barne-desplazatu baino gehiago eta beste herrialde batzuetan zabaldutako lau milioi errefuxiatu daude, baita gosea pairatzen duten hogei milioi pertsona inguru ere.
«Ulertezina da guztiz Sirian eta Ukrainan izandako krisiaren antzeko desplazamendu krisiek larriagotzen jarraitzea, ia inork kontuan hartu gabe», azpimarratu du Egelandek, «beharrak eta goseak gora egiten duten bitartean, herrialdearentzako finantzaketa murriztu delako».
ERANTZUN HUMANITARIO FALTA
Erantzun humanitarioak beharrezko zuen finantzaketaren %38 besterik ez zuen jaso 2025aren amaieran, eta ehuneko hori %27,4ra jaitsi zen Kongoko Errepublika Demokratikoaren kasuari erreparatuz gero; 2016an zerrenda sortu zenetik, bertan etengabe egon den herrialde bakarra da.
Azken hamarkadako finantzaketa baxuena jaso zuen Kongoko Errepublika Demokratikoak, eta, ondorioz, 21 milioi pertsona baino gehiago inolako laguntzarik gabe edo «izugarri murriztutako» laguntzarekin geratu ziren, Norwegian Refugee Councilek ohartarazi duenez. Izan ere, 2025ean Kongoko ekialdeko egoerak okerrera egin zuen, eta talde armatuen jarduna areagotu egin zen; orain, gainera, ebola-agerraldi berri batek jo du herrialdea. «Horrek agerian uzten du munduak herrialde aberats gisa irakurtzen ez dituen eta estrategikoki garrantzitsutzat jotzen ez dituzten krisiei erantzuteko duen ezintasuna», adierazi du gobernuz kanpoko erakundeko idazkari nagusiak.
Testuinguru horretan, Norwegian Refugee Councilek ohartarazi du Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak eta Europako hainbat herrialdek 2025ean laguntza humanitarioan egindako murrizketek «bereziki kolpatu» dituztela aintzat hartu gabeko krisiak. Kolonbiako kasuan, Norwegian Refugee Councilek deitoratu du 10,5 milioi desplazatu dituen krisi batek estaldura oso txikia duela hedabideetan, eta aktore humanitarioek urtero eskatutako laguntzaren %18 baino ez dutela jasotzen.
Komunikabideetan ere ez dira agertzen Hondurasko eta Ekuadorko krisiak, baina, hurrenez hurren, 404.000 eta 890.000 desplazatu izan dira herrialdeotan. Laguntza humanitariorako finantzaketa, berriz, eskatutakoaren %11ra baino ez da iristen Hondurasko kasuan, eta, Ekuadorrekoan, eskatutakoaren %8ra.
«Milioika pertsona beren herriak abandonatzen ari dira, ezer ez egitea erabaki dugulako, eta, egia esan, deserosoa da egoera bere horretan uztea hautu bat dela ikustea», adierazi zuen Norwegian Refugee Councileko idazkari nagusi Egelandek.
ASKOTARIKO ARRAZOIAK
Ondorio zuzenak jakinarazi ditu gobernuz kanpoko erakundeak. Zaindu gabeko krisi testuinguruetan dauden haur eta gazteak hezkuntzarik, egonkortasunik edo lana lortzeko aukerarik gabe hazten ari direla nabarmendu du batetik. «Talde armatuak eta delitu-sareak ahultasun horretaz balia daitezke, gazteak errekrutatzeko helburu erraz bihurtuz. Are, nahitaezko errekrutatzeak berak ere aurrera egin dezake arretarik ezak gainerako ate guztiak irmoki itxi dituen eremuetan», gaineratu du egoeraren larritasuna islatu nahian.
«Gosearen mundu mailako krisi baten garapen azkarra ikusten ari gara gure begien aurrean», ohartarazi du Norwegian Refugee Councilek bestetik. Txostenak jasotzen dituen herrialde askotan, elikadura segurtasun falta larria bilakatu dela nabarmentzen dute, eta arretarik eza dela sarri «adierazpenik suntsitzaileena». Izan ere, gatazkan dauden alderdiek gosea gerra arma gisa erabiltzen dute, eta krisi klimatiko errepikatu eta ia kronikoek geroz eta gehiago ezegonkortzen dute egoera. Lekualdatzeek beren lurrak, diru-sarrerak eta elikadura baliabideak kentzen dizkiete komunitateei.
Era berean, pertsonak ihes egitera behartzen dituzten faktoreak hedatzen ari direla azaldu du gobernuz kanpoko erakundeak, «elkarren artean indartzen diren mehatxu sare gainjarriak bihurtu arte». Gatazka armatuek eta krisi klimatikoek suntsitu egiten dituzte komunitateak, eta etsipen ekonomikoak, berriz, ahuldu. Mehatxuak digitalizatu egin direla ere azpimarratu dute, «Whatsappeko mezu batek edo estortsio-dei batek familia bat lekuz alda dezake, bonba baten eraginkortasun berarekin».
Behartutako lekualdatzeek hamaika arrazoi izan ditzaketela argi dago Norwegian Refugee Councilen aburuz, eta laguntza humanitarioa ez da aski zerrenda horri buelta emateko. Horregatik, norbanakotik harago dei argia egiten dute gobernuz kanpoko erakundetik: «bake inklusiboaren» aldeko konpromisoa.
(Puede haber caducado)