Zaintzaileei ere zainduak izateko eskubidea aitortzen dien zerbitzua

Usurbilgo Udalak zaintza arloan eginiko lanaren hurrengo urratsa aurkeztu du: etxez etxeko arreta zerbitzua eraldatuko du, pertsonak erdigunean jarriz, erabiltzailea zein profesionala, biak, zainduz.

Gara, June Romatet Ibarguren, 25-06-2026

Asteazken honetan egindako prentsaurrekoan, etxez etxeko laguntza zerbitzua eraldatzeko asmoa aurkeztu du Usurbilgo Udalak. Pertsonak ardatz hartzen dituen udal zerbitzuaren araudia behin betiko onartu ondoren, esleipena burutu dutela azaldu du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak: «Urtetan herrian zerbitzua eskaini duen Arreta Zerbitzuak enpresak lortu du lizitazioa, 344.347 euroan, eta uztailaren 1ean kontratua sinatuko dute, eta martxan jarri». Urtebetez izango da martxan eredu hau, zaharretik berrirako trantsizio gisa ikusten baitu Udalak.

Azken urteetan herrian lanketa kolektibo handiak egin izanak zaintza ereduan urratsak ematea ahalbidetu duela esan du alkateak, baita zaintzaren bueltan lanean ari diren eragile eta baliabide guztiak ekosistema batean egituratzea ere. Gauzak horrela, Bizi Plan parte-hartzaileen eredura aldatzen ari dira lehen zerbitzu hutsean oinarritzen zen arreta.

Zerbitzua martxan jartzeko bidean bi urrats nagusi eman ditu Usurbilgo Udalak kalitatea hobetzeko asmoz. Batetik, zerbitzuaren arautegi berria onartu zuten 2025eko irailean, eta bestetik, arautegi horretan oinarritutako esleipena egin zuten. Ildo horri jarraika, alkateak bi aldeen arteko hitzarmena azpimarratu du: «Txalogarria da udazkenean lan hitzarmena berritzeko akordioa egin izana, lan baldintzei dagokienez hobekuntza handia ekarri baitu».

Eredu hau gauzatze bidean, bi oinarri nagusi ezarri dituzte: alde batetik, erabiltzaileen beharrak eta lehentasunak erdigunean jarriko ditu, eta bestetik, zaintzaileen zaintza bultzatuko du. «Zaintzaile profesionalen lan baldintzak duintzea ere bada gure helburua. Izan ere, gure premisa argia da: guztiok dugu zainduak izateko eskubidea, baina ez beste pertsona baten eskubideen kaltetan», nabarmendu du Solabarrietak.

Bidea luzea izan dela ere aitortu du alkateak, orain arte zaintza ereduaren eraldaketan eta ekosisteman jarri dutelako fokua, eta orain ari dira logika horretara egokitzen.

Etxez etxekoan fokua

Zaintza zerbitzuak lantzerako garaian, etxez etxekoan jarri du arreta Udalak, bere iritziz estrategikoa baita. «Zerbitzu hau erabat beharrezkoa da, erabiltzailea haren komunitatean, auzoan, etxean, gelditzeko aukera ematen baitu». Gainera, sustatzen ari diren zerbitzuaren eraldaketa honek begirada feminista eta antiarrazista izatea beharrezkoa dela ere gehitu du alkateak. «Ez da kasualitatea zaintza lanak beti emakumeekin lotuta egon izana, eta beraz, ez da kasualitatea egoera prekarizatuan egotea», hausnartu du Solaberrietak. Horregatik, garrantzia eman nahi izan diote zaintzaileen zaintzari.

Hori hala izateko, hamar lagunez osatutako lantaldea prestatu dute; bederatzi zaintzaile profesional eta jardun erdiz ariko den gizarte langile bat izango dira taldearen parte. «Kopuru hori erabiltzaile kopuruaren baitan kalkulatu da, hori bai, aurrera begira erabiltzaile kopurua handituz gero, lantaldea ere handitu beharko da», azaldu du Solaberrietak.

Lantaldea finkatzeaz gain, herria hiru lan eremutan banatu dute: lehenengoa Aginagak, Zubietak, Santueneak eta Urdaiaga auzoek osatuko dute; bigarrena kaskoa bera izango da, eta, hirugarrena Munalurrak eta Kalezarrek osatuko dutela adierazi dute. Eremu horietan banatuko dira bederatzi zaintzaileak eta lan eremu finkoak izango dira horiek. Erabaki horrek zaintzaileei eta erabiltzaileen lagunduko diela esan du alkateak: «Laguntza zerbitzua jasotzen duten pertsonek erreferentziazko zaintzaileak izango dituzte, eta zaintzaileei bere eguneroko lana erraztuko die».

Lantalde eta guneen antolaketarekin batera, lan jardunean aldaketak egingo dira, lan jarduna jarraitua izango baita. Orduka lan egiteari utziko diote, beraz, erabiltzaileekin dituzten orduez gain (zuzeneko orduak), lanaren parte izango diren zeharkako orduak ere izango dituzte egin beharreko beste zeregin batzuetarako.

Ordu horiek zertarako erabiltzen diren zehaztu beharko dio Arreta Zerbitzuak enpresak Udalari alkateak esan fuenez: «Ordu horietan sartuko dira garraioa, zaintza ekosistemaren beharrak (ekintzak, bilerak, ikastaroak), gizarte langilearekin izango dituzten bilerak, euskara ikasteko orduak, akonpainamendu psikologikoa, formakuntza eta baliabide digitalak elikatzea, beste batzuen artean».

Gainera, <udalak bi eremu eskainiko dizkiela kontatu dute, eta honen bidez zaintza lanak isolatuak izatetik taldeko lan izatera iristea espero dutela aitortu du Solabarrietak.

Enpresak eta langileak, pozik

Proiektu honen parte da Patxi Arregi, Arreta Zerbitzuak enpresako arduraduna, eta haren iritziz enpresarentzat aukera ederra da etorkizunera begira: «Hemen lortzen dugun esperientzia lagungarri izango zaigu beste herri batzuetarako ere: uste dut hau dela etorkizuneko eredua». Azaldu du pertsonetan ardaztutako eredua gehiagotan aplikatu izan dela egoitzetan, eremu kontrolatuagoak direlako. Erronkak zerbitzua eta langileak berrantolatzea izango badira ere, gogotsu daudela esan du.

Arantxa Errekondo eta Maite Mercader Arreta Zerbitzuak enpresako zaintzaile profesionalek proiektu «oso erakargarria eta interesgarria» dela nabarmendu dute. Eta gaineratu dute entzunak sentitu direla: «Urte asko daramagu eskubideak aldarrikatzen, eta badirudi baten batek entzun dituela, baldintza askoz hobeak izango ditugu orain». Poztasunaz gain, kezka ere helarazi dute prentsaurrekoan, batik bat antolaketa berria martxan jartzerakoan egunerokoan artatzen dituzten erabiltzaileak aldatzeak ekar lezakeenagatik. Edozein kasutan, esker oneko hitzak izan dituzte familientzat: «Eskerrik asko orain arteko bideagatik eta hemendik aurrera ere harremanetan jarraituko dugu».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)