Elkartasunaren irudi azkarra utzi du errefuxiatuen nazioarteko egunak Baionan
Errefuxiatuen nazioarteko eguna kari, Etorkinekin Diakite federazioak hainbat aldarrikapen entzunarazi ditu Baionan, lagunarteko giroan. Elkartasun irudi azkarrak utzi ditu Pausa zentroaren aitzinean eginiko omenaldiak.
Gara, , 20-06-2026Etorkinekin Diakite federazioak errefuxiatuen nazioarteko eguna markatzeko hainbat ekimen antolatu ditu ekainaren 20an, Baionan. Hala, federazioak data esanguratsu hori baliatu du pertsona orok zirkulatzeko, ezartzeko, lan egiteko edota ikasteko eskubidea duela aldarrikatzeko. Alta, lagunartean iragan den mobilizazioaren bidez, «mugako militarizazioa, kontrol diskriminatzaileak, eskubideen urraketa eta migrazioaren aurkako legeak» salatuko ditu.
Bereziki, errefuxiatuekiko elkartasunean jarduten duten kolektikoek hilaren 12az geroztik Europar Batasunean indarrean dagoen migrazioari eta asiloari buruzko paktua arbuiatu dute.
Aipaturiko hItzarmen horren bidez, kanpoko mugetan kontrolak zorroztuko dituzte EBko estatuek eta migranteak kanporatzeko desmartxak –haien jatorriko herrialdeetara edo, hainbat kasutan, hirugarren herrialdeetara igorriz– azkartuko dituzte.
Bruselak plantan eman duen politikaren aitzinean, Pausa zentroaren aitzinean antolaturiko ekitaldira bertaratu diren herritarrek alternatiba bat irudikatu dute. Gauzak horrela, errefuxiatuei harrera iraunkorra eskaintzeko puntu bat ezarri dute bertan.
Harrera zentroaren aitzinean momentu hunkigarria bizi izan dute. Euskal Herria harrera herria dela adierazi nahian, ongi etorria eman diete, bertan diren hainbat pertsona migranteri, ohorezko aurreskua eginez
Horren ondotik, ekimenara bertaratuko diren herritarrek aperitifaz gozatzeko elkartzeko parada ukanen dute. Ez dira Pausatik gehiegi urrundu behar, Lesseps karrikaren 7. zenbakian dagoen Zizpa gaztetxean antolatua baitzen ospakizunaren segida. Tragoa hartuta, hamar euroren truke afari afrikar bat dastatzeko aukera ezin galdu. Azkenik, DJ Ubuntu vibrations-ek gaualdia girotuko du.
(Puede haber caducado)