«Jendeari kostatzen zaio pentsatzea palestinar bat pertsona bat dela»

Isaac eta Gabrielen istorioaz mintzo da “L'Eden à l'aube”. Maitasunak eta okupazioak gurutzatutako istorio bat da. Karim Kattanen (Jerusalem, 1989) bigarren eleberria gazteleratu du Txalapartak “El Edén al alba” izenburupean eta Nafarroako Liburu Azokan izan da autorea. Palestinarekin zerikusirik ez duen libururik idatzi nahiko luke Kattanek, baina ezin du.

Gara, Garazi CASTAÑO, 15-06-2026

Bartzelona, Iruñea eta jarraian Madril. Zer moduzkoa izaten ari da harrera?
Oso pozik nago hemen egoteagatik, eta benetan eskertzen diot Txalapartari liburua itzuli izana. Baita hona etorri eta liburua publiko berriei aurkezteko aukera emateagatik ere. Nik frantsesez idazten dut, beraz, ohituta nago Frantzian aurkeztera liburuak. Bertan desberdina da. Hemen izan naizen tokietan, Palestinaren inguruko galderetan nabari da jendea konektatuagoa dagoela gaiarekin, gertuago dira. Haize freskoa da niretzat, ez bainago ohituta.

Izan al duzu aukerarik Cristina Lizarbe itzultzailearekin hitz egiteko?
Bai, mezu elektronikoak gurutzatu ditugu. Itzultzaileak beti dira zure irakurle onenak eta txarrenak aldi berean. Zure irakurle finenak dira beste inork ez duelako zure testua hainbesteko kemenez irakurriko. Aldi berean, irakurle okerrenak dira, hainbesteko sakontasunez irakurtzen dutenez, askotan egiten dizkizuten galderei zer erantzun ez dakizulako. Asko hitz egin genuen liburuko detaileen inguruan. 2024an kaleratu zen, beraz, zirraragarria eta bitxia da liburuaren bigarren, hirugarren eta laugarren bizitza hau ezagutzea.

2024an argitaratutakoa, baina 2023ko urriaren 7ko gertakarien aurretik idatzitakoa da eleberria. Eranskin edo moldaketaren bat gehitzea pentsatu zenuen, baina azkenean ez zenuen egin. Zergatik?
Kontu zaila izan zen, eta, zintzoa izanda, uste dut nire inguruko lagun askok, idazle palestinarren kasuan adibidez, galdera berari egin behar izan geniola aurre eta pertsona bakoitzak erantzun bat eskaini zuela. Aldaketarik ez egitea erabaki nuen, genozidio bat jazotzen ari den arren, beti espero duzulako zure eleberria suntsipenera mugatzen ez den kronologia batean islatuta geratzea. Horregatik, uste dut garrantzitsua zela niretzat errealitateari heltzea, noski, baina ez soilik orain, baita denbora-esparru zabalago batean ere. Ez nuen nahi gure hondamendiak irents zezan.

Mendebaldeko komunikabideen sistema eta haren isiltasuna kritikatu dituzu. Parisen bizi zara orain. Gazako eta Palestinako sarraskia iritsi den muturreko puntura iritsita, ezberdintasunik sumatu duzu ala itsu jarraitzen dugu oraindik?
Frantziako errealitateaz zehazki hitz egiten dut normalean, bertan bizi naizelako. Frantsesa ere banaiz eta hori da ezagutzen dudana. Hemen hangoarekin oso desberdinak diren gauzak topatzen ari naiz. Baina Frantzian oraindik oso zaila dena ez da isiltasuna gainditzea, jende eta hedabide askok zabalduko dutelako gertatzen dena. Afera da ez ditugula ekintza politiko egokiak gauzatzen. Adibidez, ez dago zigorrik, ezta oinarrizkoenak ere. Tarteka politikariren batek esango du Gazan gertatzen ari dena, Israel Gazan eta Zisjordanian egiten ari dena, izugarria dela. Baina ez dute ezer egingo. Beraz, uste dut hori dela arazoa. Kasu honetan mendebaldar gisa, ikusi nahi dugunaren edo ez dugunaren arazoa ez ezik, ikusten dugunaren eta egiten dugunaren arteko deskonexioa ere badago. Eta Israel ez dugu zigortzen gauza bera egiten duen beste herrialde bat zigortuko genukeen modu berean.

«Equaltimes» hedabideari emandako elkarrizketa batean mundu mailako idazleen artean sumin gutxi sumatzen zenuela hausnartzen zenuen.
Idazle asko dago konpromiso handiarekin eta palestinarrekin lan handia egiten dutenak. Baita Frantzian ere. Asko dira. Ez dakit zein den hemengo kasua, baina Frantzian idazlearen figura oso garrantzitsua da. Kritikatzen nuena, garai hartan, orain Frantzian kontua asko aldatu delako, bestelakoa da. Idazleei beti galdetzen zaie haien iritziagatik, politikaren inguruan edo dena delakoa. Baina kontua zen, haien iritzia ematea hainbeste maite duten idazle horiek, isiltzen ziren une bakarra gai honekin zela. Hori zen nire arazoa. Iritzirik ematen ez badute oro har, ados, ez dute iritzirik ematen eta kito. Baina kontua zen hori zela haien puntu itsua. Eta horrek haserretzen ninduen. Gaur egun, halere, esango nuke idazle gehienak Frantzian gertatzen ari denarekiko apur bat sentikorrak direla gutxienez, eta hori hasieran ez zen gertatzen.

Eta zerk uste duzu aldatu duela haien pentsaera?
Puntu batera iritsita, eta bi urtez zuzeneko genozidio bat ikusten egon ostean, gutxienean kontuak kezkatzen zaituen plantak egin behar dituzu. Zintzoki esanda, uste dut jende askok ez zekiela nola erreakzionatu, denbora behar zuten, eta baita nolabaiteko pedagogia ere, hezkuntza edo informazio gehiagorako sarbidea. Hori ni naiz eskuzabala izaten. Baina uste dut egia dela aldi berean. Komunikabide asko palestinarren aurka daudela esaten jarraitzen dugu. Eta hori egia da, ez dira denak, baina bai asko. Hori baldin bada kasua, orduan pentsatu behar dugu nola hurbildu eta nola helarazi informazio egokia sarbiderik ez duen jendeari. Oso lagungarria izan daiteke.

Zein da orduan idazle baten eginkizuna gerra eta gatazka testuinguru batean?
Zinez desio dut Palestinarekin zerikusirik ez duten liburuak idatzi ahal izatea. Eta ez hitz egin behar izatea horren inguruan. Baina noski, ezin dut. Ezin dut, palestinarra naizelako. Une honetan ez, baina ni okupaziopean bizi izan naiz, okupaziopean hazi naiz, okupazioaren mehatxupean bizi naiz. Nire jendea eta kideak Gazan bonbardatzen ari dira, gosez hiltzen dira eta erailak izaten ari dira.

Galdera konplikatua da eta uste dut erantzun bat baino gehiago daudela. Baina nire eleberrien kasuan, noski politikoak direla, eleberri guztiak hala direlako, baina ez dira politikoak prentsan idazten dudan zentzu berean. Zutabe bat idazten dudanean uneari lotua dago. Zuzena da, soila, argia. Baina eleberri batean ez zenuke zertan argia izan. Nobela bat literatura, zalantza eta halako gauza garrantzitsuen eremua da. Erantzuteko galdera zailena nire ustez da zer egin behar den eleberriak idazteko luxua eta denbora duzunean. Eta akaso arduratsuena oreka topatzea da: pertsona erabat politikoa eta politikan aktiboa izatea, baina literaturari ere lekua egitea. Ez dut uste kontraesankorrak direnik, baina elkarrekin joan behar dira modu sotilean.

Homosexualitatea eta mundu arabiarra. Mendebaldeko begirada batetik oposizioan edo kontraesanean ulertzen direla uste duzu?
Bai, noski baietz. Eta egiazki ez da hala. LGTBQ edo queer historia luzea dago, herritar askoren istorioak ditugu eta baita artearekin eta literaturarekin harremana dutenak ere. Beraz, zentzu horretan, nire liburuak ez du ezer berezirik. Ez da salbuespena. Akaso berezia dena eta egiten saiatzen naizena da ez dela homofobiaren inguruko galderarik planteatzen, ez da galderarik egiten orokorrean. Ez da eleberriaren muina. Eleberria beste zerbaiten inguruan datza eta pertsonaien queertasuna ez da inoiz gaia.

Liburua irakurtzen duzunean, hori da topatzen duzun mundua, eta mundu horretako pertsonaien singulartasuna hori da. Hori oso garrantzitsua zen niretzat. Adibidez, bi pertsonaiak topo egiten dutenean inoiz ez dute galdetzen ia bestea ere gaya den ala ez. Galdera hori, besterik gabe, ez da existitzen. Queertasunaren naturaltasun hori oso garrantzitsua zen niretzat.

Izan daiteke desira erresistentziarako modu bat?
A, ez dakit. Uste dut interesgarri zaidana dela desira batzuetan kontrolatu ezin duzun zerbait dela, baina oso naturala dela aldi berean. Iturburu baten gisakoa da, etengabeko bizi-proba. Eta akaso etengabeko bizitzaren iturburu hori erresistentzia modu bat da bere horretan. Bizitzako gainerako kontuak erresistentzia diren bezala, baita erresistentzia politikoaren kasuan ere. Beraz bai, agian desioa, kozinatzea, musika edo beste kontu asko bezala, erresistentzia moduak dira.

Eleberriko elementu garrantzitsuenetako bat akaso palestinarren egunerokotasuna erakusten zaigula da. Errutinak, ohiturak… Beharrezkoa al da indarkeria, okupazioa edo gerra ez diren terminoetan hitz egitea Palestinaren inguruan?
Bai eta ez. Bai, zalantzarik gabe, ezin dugulako gertatzen ari dena ukatu. Eta ezin diogulako dokumentatzeari, testigantzak biltzeari eta errealitatea erakusteari utzi. Oso garrantzitsua da. Eta ez, zerbait suntsipenean kokatzen duzunean etengabean, normalizatu egin daitekeelako. Batzuetan ikusten dut jendeari kosta egiten zaiola imajinatzea palestinar bat, bera bezala, pertsona bat dela. Pertsona arrunta da, bere ohitura eta halakoekin, bai, baina baita desioekin ere. Eta batzuk onak dira eta besteak gaiztoak, gizaki oro gisa. Ulerkera hori agian desagertu egiten da suntsipenari garrantzia ematerakoan.

Barne-bizitzen konplexutasuna ere desagertu egiten da. Nire pertsonaiek barne-bizitza konplikatuak dituzte. Hori da guztia. Kontraesankorrak dira, ez dakite zer nahi duten. Zuk edo nik bezala. Nik ez dakit inoiz zer nahi dudan. Ez dute munduaren inguruko ikuskera argi bat. Eta niretzako hori garrantzitsua da eleberrian. Pertsonaiak apur bat galduta daude, denok galduta gauden modu berean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)