Mugak kontrolatu nahian, eskubideak kolokan
Gaur sartuko da indarrean Europako Batasunak duela bi urte baino gehiago iragarritako Migrazio eta Asilo Ituna. Mugak kontrolatzea eta «elkartasuna banatzea» du helburu, baina, gaur-gaurkoz, migratzaileen eskubideak ez daude bermatuta.
Berria, , 12-06-2026Europako Parlamentuak eta Europar Kontseiluak 2023ko abenduan iragarri zuten Migrazio eta Asilo Itun berriaren sorrera, eta azken urteotako akordiorik garrantzitsuenetako bat zela adierazi zuen orduko hartan Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak. Berez, itunaren helburua argia da: Europako estatuen artean oreka lortzea eta estatu kideen arteko elkartasuna sustatzea, testuak dioenez. Praktikan, ordea, pitzadurak izango ditu eredu berri horrek. Federico Pasetti CIDOB ikerketa zentroko migrazio gaien arduradunak eta Alberto-Horst Neidhardt EPC European Policy Center think tank-eko aniztasunaren eta migrazioaren gaineko Europako programaren buruak adierazi dutenez, talde komunitarioko estatu kideak ez daude prest konpromisoak betetzeko.
Pasettiren hitzetan, «beharrezkoa» zen aldaketa bat egitea, aurreko sistemak ez zuelako funtzionatzen: «Marko normatibo bat behar zen, EBko kide diren estatu guztien artean berdintasuna, homogeneotasuna eta koordinazioa egon zedin. Eta honek, teorian, hori eman beharko luke». Hala ere, Pasettik azaldu du hitzarmen horren bidez Europak beste pauso bat emango duela «politika murriztaileak» ezartzeko bidean.
Neidhardtek azaldu du itunak «faktore politikoak eta praktikoak» dituela oinarrian. Eta helburua zera dela: «Asilo sistemaren funtzionamendua hobetzea eta, era berean, kezka politiko zabalagoei erantzutea». Baina, adierazi duenez, ikusteko dago erreformak «kezka horien zergatiei» heltzen ote dien edo ez, eta espero dituzten emaitzak lortzeko bidea den edo ez.
Neurri horiei dagokienez, Pasettik hitzarmenaren «kalitatea» kritikatu du. Izan ere, adituaren hitzetan, lehengo arazo berak izango dituzte orain. «Itun honetan ere islatu dira lehen zerbaiten gainean ados jartzea eragozten zuten elementu guztiak». Azpimarratu duenez, «elementurik murriztaileenetan» etorri dira bat EBko kideak. Baita prozedura horien gaineko ardurak beste herrialde batzuen gainean uzteko ere. Izan ere, beste herrialde batzuk sartuko dituzte tartean, migratzaileen kudeaketaz ardura daitezen.
Duela bi aste adostu zuten beste herrialde batzuetan itzulitakoen erroldak zabaltzea. Pasettik azaldu du horrek aukera ematen duela asiloa Europatik kanpo dagoen lurralde batean kudeatzeko, eta salatu du horrek «eraginkortasuna» oztopatuko duela. Izan ere, ikerketetan oinarrituta adierazi duenez, migrazioaren kudeaketa Europako lurraldetik zenbat eta urrunago egon, orduan eta zailagoa izango da «eraginkorra eta bideragarria» izatea. «Eta giza eskubideei dagokienez, bermeak eta babesa asko murriztuko zaizkie», gaineratu du.
(Puede haber caducado)