Migrantzaileen aurkako suak piztuta segitzen du Belfasten
Bigarren gauez segidan, talde loialistek hauspotuta, migranteen aurkako mobilizazioak egin dituzte Irlandako bigarren hiri handienean. Poliziarekin istiluak izan dituzte.
Berria, , 11-06-2026Eskuin muturrak migratzaileen aurka egiteko baliatzen duen estrategia ohikoenetako bat da orokortzea: etorkin batek egindako delitua migrante guztien aurkako aldarri bilakatzea. Belfasten Poliziek Sudango gizon bat atxilotu zuten astelehen gauean, gizon bati labanaz eraso egin ostean. Txinparta piztu, eta segidan sua zabaldu da Irlandako bigarren hirian zehar. Bi gauez jarraian migranteen aurkako mobilizazioak egin dituzte hiri horretan eta Ipar Irlandako beste hainbat gunetan. Besteak beste, ibilgailuei su eman diete, pneumatikoak erre dituzte, eta Poliziaren aurka oldartu dira.
Talde loialistek hauspotuta, berrehun lagun baino gehiago elkartu dira bart Belfast iparraldeko Glengormley auzoan, eta migranteek ostatu hartu ohi duten hotel bat zuten jomugan, Belfast Live webgunearen arabera. Poliziak bidea itxi die eta protestariek harriak eta botilak jaurti dizkiete.
Aurrez, Poliziak jakinarazi du protestariek migranteak bizi diren etxeak seinalatu dituztela, baita etorkinen inguruko informazioa zabaldu ere. Ur kanoiak erabili dituzte manifestariak sakabanatzeko. Hamasei pertsona atxilotu dituzte. Bertako hedabideek zabaldu dutenez, bart izandako istiluak ez dira herenegungoak bezain biolentoak izan. Herenegun gauean migranteak bizi diren hainbat etxebizitza erre zituzten, hainbat familia beren etxeetatik alde egitera behartuz.
Labankada jaso zuen gizonaren familiak ohar bat kaleratu du jakinaraziz ez duela bat egiten azken egunetako gertakariekin, eta eskatu dute ez zabaltzeko erasoaren inguruko informazio faltsurik sare sozialetan. Atzerritarrek gizarteari egiten dioten ekarpena nabarmendu du biktimaren familiak, eta eskatu ez sortzeko herritarren arteko zatiketak beren senidearen izenean.
Asaldatzaileak sare sozialetan
Eskuin muturreko hainbat ekintzaile, Belfasteko gertakaria baliatzen ari dira migranteen aurkako mezuak zabaltzeko, eta horien aurkako ekintzak hauspotzeko. Horien artean dago Elon Musk X sare sozialaren jabea. Hauek dira azken orduetan bere sare sozialean zabaldu dituen mezuetako batzuk: «Milioika dira alde egin behar dutenak»; «zibilizazioa erortzen bada, beste ezerk ez du garrantzirik»: «bertako biztanle errugabeak hiltzen dituzten migranteak dira herritarrak haserrarazten dituztenak, ez sare sozialak».
Ofcom Erresuma Batuko telekomunikazio erregulatzaileak atzo iragarri zuen neurriak hartuko dituela sare sozialetan zabaldutako «gorrotoari eta terrorismoari» aurre egiteko.
(Puede haber caducado)