Neonaziek botoen %7 eskuratu dituzte
Ultraeskuineko NPD alderdiak ez du lortu, dena den, Berlin eskualdeko Legebiltzarrean sartzea
Berria, 19-09-2006Martin beck
Berlin
Bi irabazle argi igandean Berlin estatu – hirian eta Mecklenburgo – Mendebaldeko Pomerania land – ean eginiko hauteskundeak. Hiriburuan, botoen %30 lortu zituen Klaus Wowereit alkate karismadunak, eta lehen postura eraman zuen SPD Alderdi Sozial Demokrata. Mecklenburgo – Mendebaldeko Pomeranian, ordea, Alderdi Nazional Demokratikoa (NPD) talde neonaziak botoen %7,3. Baltiko Itsasoko kostaldean, Polononiarekiko mugan dagoen Mecklenburgo – Mendebaldeko Pomerania Alemaniako eskualderik txiroenetako bat da. Langabezia %18,2ra heltzen da, Alemaniako batez bestekoaren ia bikoitza.
Ahalegin handia egin du NPDk aurpegi berria aurkezteko herritarrei, eta hauen kezkekin ustez bat datorren egitasmoa aurkezteko. Adituen arabera, xenofoboa eta antisemita da NPD, eta bere burua Adolf Hitlerren nazionalsozialismoaren ereduari jarraiki eraiki du, hein handi batean.
«Azken bost urteotan liskarti itxura galdu du NPDk, eta gogor egin du lan kide politiko onargarri gisa agertzeko», ondorioztatu zuten martxoan Mecklenburgo – Mendebaldeko Pomeraniako Kultura Demokratikoaren Aldeko taldearen (MBT) txosten batean. Land – eko Lehen ministro Harald Ringstorffek zabalik utzi zuen Ezkerreko Alderdiarekin (PDS Sozialismo Demokratikoaren Alderdia zena) koalizioa berritzeko aukera, edo kristau demokratekin beste bat osatzeko, hau da, Alemaniako gobernu koalizioaren osaketa islatzeko.
Bestalde, NPD ez da gauza izan Berlin eskualdeko Legebiltzarrean sartzeko. Klaus Wowereit alkateak sostengu handia izaten jarraitzen du, nahiz eta langabezia handia izan eta hiriak 58.000 milioi euroko zorra izan. Berlinen diru – kontuen egoera penagarriaz galdetuta, erantzun gogoangarria eman zuen behin Wowereitek: «Berlin pobre izango da, baina sexy». Igandean, txalo zaparraden artean hartu zuten jarraitzaileek. «Pozik nago Berlingo herritarrek demokraziaren alde bozkatu dutelako eta ez dutelako NPD Legebiltzarrean sartu». Wowereiten SPDren emaitza onek bidea emango diote Berlingo alkateari nahi duen koalizioa eratzeko, bai Berdeekin, baita Ezkerreko Alderdiarekin ere. Bi alderdiok komunista ohien eta SPDtik ateratako jendearen nahasketa dira, eta botoen %13na irabazi dute.
KOALIZIO AUKERAK. Gorria – gorria koalizioa – SPD gehi Ezkerreko Alderdia – dagoeneko «modan» ez dagoela adierazi zuen Angela Merkelek udaberrian. Egia esan, garai latzak datoz Berlinen eta Schwerinen ( Mecklenburgo – Mendebaldeko Pomeraniaren hiriburua) agintean diren alderdientzat. Galera argia izan dutela onartu behar dute: ipar – ekialdeko Land – ean asko egin du atzera SPDk. Gauza bera gertatu zaio Ezkerreko Alderdiari Berlinen. Bost urte agintean egon ondoren, itxaropen asko zapuztu dituzte. Dena den, CDUk ezin dio etekinik atera horri, Merkelen politikak sortzen duen haserrearengatik. Gorrria – gorria koalizioak gobernatu nahi badu, eta hala nahi du, auto – kritika saio sakona egin beharko du. Bestela hau ez da izango neonazien azken hauteskunde arrakasta.
(Puede haber caducado)