Beltzak baztertzeko bozketak prestatzen hasi dira AEBn

Beltzen botoa bermatzeko 1965eko legea Auzitegi Gorenak murriztu ostean, hauteskunde-barrutiak aldatzen hasi dira AEBko hegoaldeko zenbait estatu errepublikano. Helburua, gutxiengo beltzaren botoak gehiengo errepublikanoan urtzea da, herritar afro-amerikarrek hautatu ohi dituzten ordezkari demokratak Washingtoneko Kongresutik kanpo gera daitezen azaroko «midterm» hauteskundeetan.

Gara, Urtzi URRUTIKOETXEA, 30-06-2026

Boto-eskubidearen legea 1950 eta 1960ko hamarkadako eskubide zibilen mugimenduaren lorpen handienetakoa izan zen. AEBn esklabotza legez kanpo geratu eta ehun urtera, Jim Crow izeneko lege arrazistak zeuden indarrean hegoaldeko estatu-gehienetan, praktikan herritar beltzen parte-hartzea eragotziz. 1965ean Washingtoneko kongresuak Voting Rights Act legea onartu zuenean, afro-amerikarren ordezkaritza egotea bermatu zuen.

Duela hilabete, Gorenak azken 60 urteotan indarrean egon den eta hegoaldeko jukutria arrazistak eragozten zituen botere eta kontrabotere horien aurka egin zuen. Boto-eskubideen legea bera argudio hartuta, boto-emaile beltzen ordezkaritza bermatzea bera mapak arrazialki egitea zela ondorioztatu zuen Gorenak. Hala, afro-amerikarrak barruti bakarrean izan ordez, guneok erdi-erditik zatituko dituzte, errepublikanoak gehiengoak diren hautesbarrutietan urtu eta haien botoaren balioa ahultzeko. Tennesseen, esaterako, botoen herena (%34) dute demokratek. Hala ere, Washingtoneko errepublikanoen esku dira Tennesseeko bederatzi aulkietako zortzi, eta bakarra dute demokratek. Mapa berriarekin, demokraten esku dagoen Memphiseko barrutia erditik zatitu eta gehiengo errepublikanoarekin batu dituzte bi erdiak. Helburua, aurtengo midterm-etan bederatzi aulkiak errepublikanoen esku geratzea.
Kongresuko caucus beltzean 54 ordezkari daude gaur egun, denak demokratak. Kongresuaren kontzientzia deitu izan zaio, historikoki jokatu duen rolagatik, etxean bezala atzerrian, Hegoafrikan apartheidaren aurka, esaterako. Hautesbarrutien aldaketarekin, caucus-eko aulkien herenak kolokan izan ditzakete.
Teorian, inkestek porrot garrantzitsua iragartzen diete errepublikanoei, eta demokratek Ordezkarien Ganberaren kontrola berreskuratzeko aukera handia daukate (Senatua iraultza konplikatuago izango dute). Herritarren botoak adinako garrantzia izan lezake asteotan gertatzen ari diren gerrymandering ariketek: bozketa-barrutien mapak aldatzen ari dira, gutxiengoan den alderdiari ahalik ordezkari gehien kentzeko. Trumpek Texasko kongresu errepublikanoari agindu zion lehendabizi, iazko udan, barrutiak aldatzea. Midterm-etarako proiekzio txarra zutela ikusita, barrutien aldaketak bost aulki irabazten lagunduko diela kalkulatu dute. Trikimailu horren aurrean, gerrymandering ariketen aurka agertu ohi diren demokratek ere berdin jokatu behar dutela ondorioztatu zuten.

Baina herritarren iritzia eskatu zuten, Kalifornian, kasu, eta Virginian hurrena. Erreferendum bietan garaipen garrantzitsuak lortu zituzten demokratek, Texas eta beste estatu batzuetako balizko galerak berdintzeko.
GERO, BAINA, AEBN OHIKOA DEN BEZALA, AUZITEGIETAN AMAITU DU GAIAK.
Kaliforniako aldaketa ontzat jo duten legez, Virginiakoari ezetz esan diote epaileek. Errepublikanoek, berriz, aldeko epaiak jaso dituzte, herritarrek emango ez dietena aldaketa administratiboen bidez lortzea ahalbidetuz. Gutxi dira Trumpen aginduei ezetz esan dieten errepublikanoak, baina egon da matxinorik: Indianako kongresuko ordezkariek aldaketarik ez egitea hobetsi zuten, eta berdin egin dute asteon Hego Carolinakoek. Era berean, Alabaman distrituen aldaketa ez dela zilegi esan du bertako auzitegiak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)