Euskal Herria

Gasteizko URSSAko bizilagun bat: «Ertzainek esan zuten Errekaleorren bilatzeko»

'Arabako Alea'-k eta Hala Bedi irratiak Gasteizko fabrika zaharrean bizi den pertsona baten testigantza jaso dute, eta hark hilaren 13an Errekaleorren izaniko gertakarien berri eman du. 40 eragilek baino gehiagok deialdi batua egingo dute arratsaldean.

Berria, Jon Hidalgo - Arabako Alea, 25-05-2026

Gasteizko Errekaleor auzoan polizia ugari bildu zen hilaren 13an. Errekaleor Bizirik elkartearen arabera, Poliziak «instrumentalizatu» egin zituen URSSA eta EGA fabrika abandonatuetan bizi diren etxegabeak, haiek aitzakia hartuta auzoan esku hartze «neurrigabea» egiteko. Bada, URSSAko fabrika abandonatuan bizi direnen istorioak kontatu gabe gelditu zirela ikusita, bizilagun baten testigantza jaso dute Arabako Alea-k eta Hala Bedi irratiak. Pertsona horrek modu anonimoan eman du testigantza, eta egun hartan Ertzaintzak izan zuen parte hartzea seinalatu du: «Ertzainek esan zuten Errekaleorren bilatzeko».

Hedabide horiek bideoan jaso dute pertsona horren testigantza: azaldu du urik eta argirik gabe bizi direla, Ertzaintzak hornidura moztu zielako. Esplikatu duenez, etengabe izaten dute Polizia fabrika inguruan. «Pertsonak gara, ez animaliak, eta bizitzeko eskubidea daukagu. Hobeto bizitzeko, bizimodua aldatzeko eskubidea. Guk ere hemen bakea nahi dugu; ez dugu borrokarik nahi, ez beste ezer, bakea baino ez», adierazi du.

Egoera ikusita, Gasteizko berrogei eragilek baino gehiagok agerraldia eginen dute gaur 19:00etan, hiriburuko Foru plazan. «Gehiegikeria poliziala» salatuko dute mobilizazioan, eta boterean dauden eragile politikoak gaitzetsi, eskuin muturraren diskurtsoa «bere egin» dutelako.

Honako talde hauek eman dute atxikimendua: Adurtzako Aniztasun Taldea, Adurtzako Gazteak, Adurzaha Ehuntzen, Araba Bizirik, Arabako Pentsionistak, Argilan, Ariznabarrako jai batzordea, Askapena, Auzoan Bizi, Auzolana pilotalekua, Bachue elkartea, Batuta, BDZ Araba, Inor Ez Etxerik Gabe, Emakumeok Gerraren Aurka, Ernai, Errekaleor Bizirik, Errota Zaharra auzo elkartea, ESK, Gasteiz Anitza, Gasteiz Antirrazista, Arrazakeriaren Aurkako Gasteizko Asanblada, Gasteizko gaztetxea, Gasteizko GKS, Gasteizko IAS, Gasteizko Itaia, Gasteizko Mugimendu Feminista, Gasteizko talde antimilitarista, Herrizoma, Iraultza 1921, Jardun, Judimendiko auzo elkartea, Judimendiko gazte asanblada, Gasteizko Kontseilu Sozialista, LAB, Oinharri, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Osasun Publikoa Aurrera Gasteiz, Salburuko harrera sarea, Sanitarioak Palestinarekin, Euskal Herria Sare Antifaxista, Setem Hego Haizea, SOS Arrazakeria, Steilas, Sumendi Espazioa, Zaharraz Harro eta ZAPateneo.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)