Hendaiako atxikitze zentroa: itxialdi gutxiago, baina luzeagoak

Cimadek 2025eko atxikitzeen balantzea egin du: 287 pertsona izan ziren Hendaiako gunean iaz, eta 71 kanporatu zituzten Estatutik. Entzunaldiak Baionako auzitegira eraman ordez Hendaiako komisariako aparkalekuan eginiko eraikin berri batean izanen direla salatu du.

Gara, , 22-05-2026

Pertsona etorkin eta errefuxiatuekiko elkartasunez dihardu Cimade elkarteak; eta, horretarako, atxikitze zentroetara ere hurbiltzen da; tartean, Hendaiako gunera. 2025eko balantzearen berri eman zuen asteazkenean Baionan eginiko agerraldian; baina, deus baino lehen, datuak edonolakoak izanik ere, gune horien deskribapen gordina egin zuen: «Atxikitze zentro bat administrazioak pertsona atzerritarrak kokatzen dituen leku gabetzailea da, horien kanporatzea plantan ezartzeko. Presondegietan ez bezala, pertsonak ez daude hor hetsita krimen edo delituengatik, baizik lurraldean egoera irregularrean daudelako eta administrazioak kanporatu egin nahi dituelako soilik».

Hala, elkarteak Ipar Euskal Herriko atxikitze gune bakarreko Hendaiako eta frantziar Estatu osoko zifrak eman zituen, eta joera argi bat ondorioztatu du: geroz eta itxialdi gutiago daude, baina luzeagoak dira. Hain zuzen, 2024an Hendaiako zentroa 313 pertsona izatetik 2025ean 287 izatera iragan da. Estatu osora begiratuz gero, jakinarazi zuen metropolian 16.467 pertsona iragan zirela atxikitze guneetatik iaz, baina are gehiago itsasoz haraindiko lurretan: orotara, 27.568 izan ziren.
Itxialdien iraupenean ere aldaketa izan da: Ipar Euskal Herriko zentroko daturik eman ez badute ere, estatu mailan azken bost urteetan batez bestekoa 16,7 egunekoa izatetik 33,4koa izatera igaro da. Cimaderen iritziz, horixe da pertsona gutiago atxiki izana eragin duena, atxikitze zentroa beti gainezka baitago; ez du uste administrazioak itxialdira pertsona gutiago eramateko borondatea duenik.

Nahiz eta epealdiak luzatu, kanporatzeek ere behera egin dute. Hendaian %26 apaldu dira: 2024an 96 pertsona bidali ziren, eta 2025ean, 71. Clara-Lou Lagiere elkarteko kideak Mediabaski adierazi zionez, prefeturek «kanporaketaren egingarritasuna ebaluatu gabe» eramaten dituzte atzerritar horiek zentroetara; hortaz, anitzek 90 egun ematen dituzte bertan atxikitze zentro batean egon daitekeen gehienezko iraupena eta bukaeran ez dira kanporatuak. «Gehiago eta luzeago hetsi nahi duen baina kanporaketak egitea lortzen ez duen sistema baten eraginkortasun eza».

Jatorriari dagokionez, Hendaiako gunean hetsiak diren pertsonen %32 aljeriarrak zirela erran zuen Cimadek; 2025ean 93 aljeriar egon ziren. Alta, horietako bederatzi egotzi zituzten. Horrez gain, hainbat pertsona bertaratu zituzten, tratu gizagabea jasotzeko arriskua duten estatuetara egotzi behar zituzten aztertzeko: bi sudandar, txadar bat, irandar bat eta bi haitiar.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)