Euskal Herria
Mobilizazioak egin dituzte Euskal Herrian, Arguedasko hilketa matxista gaitzesteko
Arguedasko Udalak elkarretaratzea egin du arratsaldean. Itaiak eta Euskal Herriko Mugimendu Feministak ere mobilizazioak antolatu dituzte. Gizonezko batek atzo aitortu zuen emaztea hil duela; aurtengo bosgarren hilketa matxista da.
Berria, , 19-05-2026Hirurehundik gora lagunek arbuiatu dute gaur Arguedasko (Nafarroa) hilketa matxista. Udalak gaur arratsalderako deitua zuen indarkeria matxistaren aurkako protesta ekintza hori, udaletxearen aurreko plazan. Udal ordezkariekin batera, Nafarroako erakunde publikoetako ordezkariek eta Arguedasko herritarrek bat egin dute deialdiarekin.
Arguedasko udalbatzak onartutako adierazpena irakurri dute ekitaldiaren hasieran. Gogorarazi dute emakumeei egiten dieten eraso bakoitza «duintasunaren, askatasunaren eta oinarrizko eskubideen kontrako erasoa» dela. Gainera, adierazi dutenez, indarkeria horrek emakumearen heriotza eragiten duenean, agerian geratzen da «gizartean oraindik ere nabarmena den desberdinkeria», eta «hori onartezina da». Eta, udalbatzaren hitzetan, heriotza da «horren adierazlerik krudelena eta muturrekoena».
Mezu hori irakurri ostean, bertaratutakoek minutu bateko isilunea egin dute hilketa arbuiatzeko. Nafarroako erakundeetako ordezkaritza zabal bat egon da elkarretaratzean: besteak beste, Parlamentuko presidente Unai Hualde, Inma Jurio eta Juan Luis Garcia gobernuko kideak, eta Patricia Abad Berdintasun Institutuko zuzendaria.
Foruzaingoak atzo iluntzean eman zuen hilketaren berri: 43 urteko gizonezko batek Saida El Yousif 44 urteko emaztea hil zuen asteburuan. Gizona Guardia Zibilaren Valtierrako kuartelera joan zen atzo, emaztea hil zuela esan zuen, eta haren hilotza etxean zegoela. Euskal Herriko aurtengo bosgarren hilketa matxista da.
Mugimendu feminista, Iruñean
Euskal Herriko mugimendu feministak ere hilketa gaitzesteko elkarretaratzea egin du, Iruñeko Udaletxe plazan. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deialdi horrekin bat egin du, eta salatu hilketa matxista hau ez dela «gizon zoro baten ekintza bakan bat», emakumeen aurkako indarkeria sostengatzen duen «sistema zisheteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kolonial» baten ondorioa baizik. Halaber, salatu dute sistema horrek «egoera ahulagoan, zaurgarriagoan eta babesgabeagoan» jartzen dituela emakumeak eta gorputz disidenteak, «prekarizazio material eta sozialaren bidez».
Horrenbestez, «urgentziazko neurri errealak» onartzea eta abian jartzea galdegin die nola instituzioei eta erakundeei hala gizarteari. «Ez dugu adierazpen hutsik nahi; baliabide ekonomiko, politiko eta sozial osoak behar dira prebentzioan, babesean eta hezkuntzan inbertitzeko», zehaztu dute. Halaber, herritarrei eskatu diete «konplizitate oro» apurtzeko eta ardura hartzeko.
Astelehen Lilak elkarteak elkarretaratze horretan parte hartu du, eta babesa helarazi die biktimaren familiari eta lagunei. Nabarmendu du «osoki» harturik erantzun behar zaiola indarkeria matxistari, eta haren aurkako neurriek «zehatz jasota» behar dutela Nafarroako araudian; are, ohartarazi du indarkeria matxista existitzen dela ukatzen duen oro «konplize» dela. Eta, horri aurre egiteko, Astelehen Lilak-ek uste du ezinbestekoa dela «pertsonen arteko tratu onetan eta emakumeek duin eta aske bizitzeko duten eskubidean» oinarritutako hezkuntza eredu bat sortzea. Izan ere, elkarteak gogorarazi du hilketa matxista honek «baliabiderik eta amarik gabe» utzi duela 8 urteko haur bat. Sutan mugimendu transfeministak Baionako herriko etxearen aitzinean antolatu du elkarretaratzea, etzi, ostegunarekin, 18:00etan.
Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak ere «matxismoa ukatzen duten ideia erreakzionarioei» aurre egiteko beharra azpimarratu du, eta ohartarazi iaz ia halako bi direla aurtengo lehen seihilekoa amaitu baino lehen Euskal Herrian eraildako emakumeak. Hain justu, iaz zazpi emakume hil zituen indarkeria matxistak. Hala, Itaiak mobilizazioak antolatu ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan: gaur Iruñean eta Gasteizen egin ditu, eta bihar Donostian eta Bilbon egingo ditu.
Gaitzespen gehiago
Arguedasko Udalak eta eragile feministek ez ezik, NUKF Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak ere gaitzetsi egin du hilketa matxista. Ohar bidez, babesa helarazi dio biktimaren familiari, eta baita Arguedasko Udalari eta bertako herritarrei ere, argudiatuta halako «gertaera larri batek eragin handia» izan dezakeela herrian. Horren harira, federazioak nabarmendu du instituzioek eta gizarte mugimenduek lanean jarraitu behar dutela baldin eta helburua «indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat» eratzea bada.
Antzera mintzatu dira CCOO eta UGT sindikatuak. Lehenak adierazi du Nafarroan aurten izan den bigarren hilketa matxista dela oraingoa, eta, azaldu dutenez, datu horrek islatzen du gaur egungo egoerari aurre egiteko «erantzun irmo eta kolektibo bat» behar dela. Horretarako, instituzioei exijitu die indartu ditzatela indarkeria matxistaren biktimen «prebentziorako, babeserako eta arretarako baliabideak». UGTk ere azpimarratu du kasuen gorakadak agerian uzten duela ezinbestekoa dela indarkeria matxistari «irmoki» erantzutea; halere, gogorarazi du heriotza ez dela horren ondorio bakarra.
Gizona, atxilo
Foruzainek atzo baieztatu zutenez, Arguedasko Postigo kalean izan zen hilketa, bikoteak herrian zuen etxebizitzan. Zenbait hedabidek zabaldutako informazioaren arabera, ez zeramaten denbora luzea Arguedasen bizitzen. Senitarteko batek aurkitu zuen andrea, hilotz, eta foruzainei eman zien horren berri. Ordurako, kuartelerako bidea egina zuen senarrak, eta han kontatu zuen asteburuan andreari eraso egin ziola, eta hilda zegoela. Guardia Zibilek atxilotu egin zuten gizonezkoa, andrea hiltzea leporatuta.
(Puede haber caducado)