«Malgutasuna» eskatu du SOS Arrazakeriak azaleko erregularizazio prozesuen aurrean

Hilabetea bete du ia espainiar Estatu osoan pertsona migratzaileak erregularizatzeko martxan jarri den salbuespenezko prozesuak. Hego Euskal Herrian aurreikusten da 30 mila lagunek abiatuko dutela. Horretan sakondu dugu Mikel Mazkiaran SOS Arrazakeriako kidearekin.

Gara, Itxaso Leon, Pili Lekuona, 15-05-2026

Azken hilabetea «erokeria» izan dela aitortu du NAIZ Irratian Mikel Mazkiaranek, baina dagoeneko egonkortu dela, eta «askoz lasaiago» daude orain. Ulergarria da: jendeak lehenbailehen egin nahi du eskaera, eta kaosa izan da nagusi.

Prozesuaren nondik norakoak eta betebeharrak azaldu dizkigu SOS Arrazakeriako kideak. Eskatzaileak frogatu beharko du espainiar Estatuan dagoela urtarrilaren 1a baino lehenago, ezin du aurrekari penalik izan (ez jatorrizko herrialdean, ez berrian), eta pasaportearen kopia bat beharko du.

«Nahiko prozesu erraza» da, esan duenez, «kontuan hartuta hau ez dela lehenengoa». Sei edo zazpi egon dira eta, horietako batzuetan, betebehar garrantzitsu bat kontratu bat aurkeztea zen. Honetan ez da exijitzen.

Hori bai, badira beste baldintza batzuk kasu honetan exijitzen direnak. Familiarekin migratzekotan, denak sartu behar dira prozesuan, adingabeak barne. Lan eskaintzarik izatekotan, aurkeztu egin behar da. Ez bata ez bestea ez izatekotan, udaletxean ziurtagiri bat eskatu beharra dago.

Mazkiaranek azaldu duenez, konplexua izan da azken hori, gizarte zerbitzuek ez zekitelako hasieran ziurtagiria nola egin; ez zuten informazio hori jaso. Dagoeneko bideratuta dago hori ere, eta hurrengo zalantza da zer gertatuko den eskaera gaizki aurkeztu eta zuzendu behar izanez gero, epea oso laburra delako. Hain zuzen, ekainaren amaiera baino lehen aurkeztu behar dira beharrezko dokumentuak. Ikusteke dago, beraz, eskaeren fase honen ostean administrazioa zenbateraino izango den zorrotza eta ze irizpide jarraituko duen horiek baliozkotzeko.

Beste aferetako bat izaten ari dira jatorrizko herrialdeetatik informazioa eskuratzeko oztopoak. Adibidez, urtarrilaren 1aren aurretik Espainiako Estatuan egon izana frogatu beharrak polemika sortu du, «betidanik errolda izan delako hori frogatzeko dokumentua». Prozesu honetan, ordea, bestelakoak eskatzen ari dira, eta horrek ekarri izan du arazorik.

Edonola ere, hori baino kezkagarriago da, Mazkiaranen esanetan, aurrekari penalei dagokien ziurtagiria. Jatorrizko herrialdearen arabera, ohikoagoak izaten dira arazoak. Aljeria edo Nikaraguaren kasuak aipatu ditu.

Espainiako Estatuko administrazioari arazo horiek mahai gaineratzean, erantzuna egon egoten da, baina «ez da errealista», SOS Arrazakeriako kidearen arabera.

Izan ere, dekretuak aipatzen du penalak norberaren herrialdetik ekartzeko arazorik izatekotan, frogatu egin behar dela hilabete pasata ez direla iritsi. Idatzi horretan zehazten da Espainiako Gobernuak berak eskatuko diola herrialdeko ministerioari, eta saiakera horren ostean ekarri ezean, artxibatu egingo dela. «Fikzioa» da Mazkiaranen esanetan, hala araututa egon arren. «Prozesu hau ondo joateko, malgutasun bat beharko genuke. Teorian ondo dagoena arazoak sortzen ari da praktikan».

Prozesuaren bestelako elementu bat da zaurgarritasun txostenaren beharra. Hori ere gizarte zerbitzuen lana zen eta, arestian aipatutako ziurtagiriekin bezala, nahasmena eragin zuen honek ere. Gaur egun, ordea, ondo doala kontatu du Mazkiaranek, eta beste entitate batzuek ere posible dutela egitea.

Bestalde, erroldarik gabe dauden pertsonek zailtasun bereziak topatu dituzte. Besteak beste, zaurgarritasun txosten hori eskuratzeko. Gizarte zerbitzuetan erregistratuta ez badaude, arazo bat izango dute.

Positiboa baina azalekoa

SOS Arrazakeriaren ikuspegitik, eskubideen aitortza baino gehiago, neurri partziala da Estatuak aktibatutako erregularizazio prozesua; «benetako migrazio politika bat» egiteko tresna baino gehiago, «partxea». Eztabaida beti berpizten da, gainera, horrelako prozesuak martxan jartzen direnean.

Atzeko hausnarketa da migrazio politika bat errealista den ala ez, nola ari den hori funtzionatzen Estatuan, Europa mailan edo euskal erakundeetan bertan, eta ze eskumen existitzen diren horrelako politika bat aurrera eramateko.

Esan izan da pertsona asko erregularizatuko direla neurri honen bitartez, eta positiboki baloratu du pauso hori Mazkiaranek. Baina, betiere, zehaztuta ikusi beharko dela «urtebete barru, baimen horiek berritzeko garaian, zer gertatuko den». Bigarren partea izango da hori.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)