Euskal Herria
Nafarroako Gobernuak helegitea jarri dio Valtierrako seme-alabengatiko laguntzen deialdiari, «supremazista» dela iritzita
Valtierrako Udalak baldintza gisa ezarri du gutxienez gurasoetako batek udalerrian erroldatuta egon behar duela laguntza eskatu aurreko hogei urteetan. Laguntza jasoko duten jaioberriek ere herrian erroldatuta egon beharko dute hogei urtez jarraian.
Berria, , 15-05-2026Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak errekurtsoa aurkeztu du Valtierrako Udalaren seme-alabengatiko laguntzen deialdiaren aurka, oinarrietan ezarritako baldintzek «berdintasun eta diskriminaziorik ezaren printzipioa urratzen» dutelakoan. Begoña Alfaro Nafarroako Gobernuko hirugarren presidenteorde eta Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilariak adierazi du deialdiak «izaera arrazista, supremazista eta xenofoboa» duela.
Izan ere, Valtierrako Udalak argitaratutako deialdian baldintza hau ezarri dute laguntza jasotzeko: gutxienez gurasoetako batek udalerrian erroldatuta egon behar du laguntza eskatu aurreko hogei urteetan, etenik gabe. Gainera, laguntza jasoko duten jaioberriek ere herrian erroldatuta egon beharko dute hogei urtez jarraian.
Nafarroako Gobernuak gogorarazi du 2025eko deialdiak antzeko baldintzak zituela eta, orduko hartan, Nafarroako Kontseiluak deialdiaren egokitasun juridikoa auzitan jarri zuela, gobernuak hala eskatuta. Alfaroren hitzetan, neurriak Valtierrako biztanleriaren zati handi bat «diskriminatzen» du, eta «ondorio baztertzaileak» izan ditzake zenbait kolektiborentzat, bereziki Valtierran bizi izan arren migratzaileak direnentzat eta udalerrian denbora gutxiago daramatenentzat.
Alfarok azaldu duenez, Nafarroako Gobernuak eskura dituen baliabide guztiak erabiliko ditu ez dadin egon «lehen eta bigarren mailako herritarrik» eta desberdintasunak ez daitezen areagotu.
(Puede haber caducado)