Israelek Global Sumud Flotilla geldiarazi du, eta 175 ekintzaile inguru gatibu hartu
Nazioarteko uretan atzeman dituzte, Greziatik gertu. Zenbait itsasontzi jitoan eta ekaitzen menpe daude, Israelgo armadak haien motorrak hondatu dituela eta. Euskal herritar batzuk daude atxilotuen artean.
Berria, , 30-04-2026Israelgo armadak Global Sumud Flotilla itsas segizioa geldiarazi du nazioarteko uretan, Greziatik gertu, eta 175 ekintzaile inguru gatibu hartu. Flotillan hamabi euskal herritar zihoazen, eta badirudi haietako batzuk daudela soldaduek antzeman eta Israelera eraman dituztenen artean, flotillaren Euskal Herriko adarrak jakinarazi duenez. Flotillako kideek salatu dutenez, bart Israelgo armadak segizioko 22 itsasontzi inguratu zituen —58 doaz guztira—, eta ontzietako motorrak eta nabegazio sistemak hondatu zituzten; horren ondorioz, zenbait itsasontzi jitoan daude, norabidea ezarri ezinik, itsasoaren eta ekaitzen menpe.
«Nazioarteko uretan egindako oldarraldi bortitz batean, Israelgo itsas armadak atzeman, abordatu eta sistematikoki hondatu egin ditu Global Sumud Flotillako zenbait ontzi», azaldu dute flotillako kideek, Telegram sare sozialeko beren kanalaren bidez. «Motorrak eta nabegazio sistemak suntsitu ondoren, alde egin zuten, ehunka zibil jitoan eta hondatutako ontzietan utzita, iristear den ekaitz baten norabidean».
Italiako Kanpo Arazoetako Ministerioak informazioa eskatu dio Israeli gertatutakoaz, eta neurriak abiarazi ditu flotillan dauden Italiako herritarrak babesteko. Itsas segizioa igandean atera zen Italiatik, Siziliako Augusta hiriko portutik.
(Puede haber caducado)