Ilarak eta ziurgabetasuna, pertsona migranteen erregularizazioan
Pertsona migranteak erregularizatzeko prozesua atzo hasi zen Estatu espainolean. Milioi erdi laguni eragin diezaieke; 30.000 ingururi, Euskal Herrian. Ilarak sortu ziren eta, epeak direla-eta ziurgabetasun handia da. Lakuako Gobernuak lankidetzarako deia egin du.
Gara, , 21-04-2026Pertsona migranteen egoera erregularizatzeko ezohiko prozesua atzo abiatu zen Estatu espainolean; Hego Euskal Herrian 30.000 pertsona inguruk balia dezake aukera hori. Erregularizazioa eskatzeko epea ekainaren 30ean amaituko da, eta tramiteak egin bitartean jatorrizko herrialdera itzularazteko prozedura oro eten egingo da. Gainera, eskaera tramiterako onartzen denetik, Estatuan bizitzeko eta lan egiteko eskubidea behin-behinean baimenduko zaie.
Prozedura telematikoa ostegunean abiatu zen, baina orain aurrez aurre ere bete daiteke. Beren egoera erregularizatu nahi duten pertsonek ziurgabetasuna dute: epeak estuak dira eta norberaren egoera egiaztatu beharra dago, kasu batzuetan jatorrizko herrialdeetan lortzea zaila den dokumentazioa aurkeztuta.
URTEBETERAKO BAIMENA
Erregularizazioaren onuradun izan daitezke urtarrilaren 1aren aurretik Estatuan dauden pertsonak eta egun hori baino lehen eskaera egin zuten asilo-eskatzaileak, baldin eta ordurako bost hilabete bazeramatzaten bertan. Aurrekari penalik ez izatea ere ezinbesteko baldintza da baiezkoa jasotzeko.
Onuradunek urtebetez bizitzeko eta lan egiteko baimena lortuko dute, eta, epe horren ondoren, atzerritarrei buruzko araudian jasotako baimen egonkorrago batera igaro ahal izango dira, edo, baldintzak betetzen ez badituzte, oraingo baimena beste urtebetez luzatzea eskatu ahal izango dute.
Marisol Garmendia Gobernu espainolak EAEn duen ordezkariak «prozesu ordenatua» dela esan zuen eta, Bilbon edo Gasteizen atzo ikusitakoaren aurka, ilararik ez dagoela eta ilararik egongo denik ez dela espero adierazi zuen. Bere ustez, gainera, «erregularizazio-prozesua egiteko denbora asko dago», eta, beraz, «arrakasta izango du».
EKARPEN POSITIBOA
Xabier Legarreta Lakuako Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuordeak pertsona migranteen ezohiko erregularizazio-prozesuak ekarpen «erabat positiboa» izango duela aipatu zuen atzo, eta, «errealitatearekin zerikusirik ez duten» kritiken aurrean, «apur bat serioago» izateko deia egin zuen, ez dela «tonua igotzeko unea». «Guri ere ez zaigu gustatu prozedura hau hasieratik nola eraman den, baina lankidetzarako eta hau ondo ateratzeko unea da», nabarmendu zuen Onda Vascan egindako elkarrizketan.
Nafarroan, Begoña Alfaro Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako sailburuak «pertzepzio eta sentsazio positiboa» duela esan zuen, eta prozesua arazorik gabe gauzatzen ari dela. Erregularizazioa «pertsona askorentzat bizi inflexio-puntu garrantzitsua da eta inolako eragozpenik gabe igarotzen ari den une historikoa da», gaineratu zuen.
(Puede haber caducado)