Apatridak, adingabeak eta sahararrak, linboan

Abian da modu telematikoan eta presentzialki ezohiko erregularizazioaren eskaera egiteko epea. Halere, aukera horretatik kanpo geratuko dira zenbait migrante.

Berria, Maddi Iztueta Olano, 20-04-2026

Hiru hilabete zain egon ondoren, Espainiako Gobernuko Ministro Kontseiluak joan den astean onartu zuen migratzaileentzako ezohiko erregularizazioaren dekretua. Iragan ostegunetik dago eskaerak modu telematikoan egiteko aukera, eta asteon ekin diete aurrez aurreko hitzorduei. Neurriak helburu du ezarritako baldintzak betetzen dituzten papergabeek urtebeterako bizileku eta lan baimena eskuratzea, baita osasun, hezkuntza eta gizarte zerbitzuetarako sarbidea ere. Dekretuak Hego Euskal Herrian bizi diren 30.000 migrante ingururi eragingo die; ez guztiei, ordea. Izan ere, zenbait migratzailek ezin izango dute eskaera egin, hala nola apatridek, sahararrek eta bakarrik dauden adingabeek.

Ezein herrialderekin lotzen dituen dokumentazio ofizialik ez duten pertsonak dira apatridak. Arrazoi askorengatik gera daiteke norbait linbo juridiko horretan, ez aurrera, ez atzera; adibidez, neurri errepresibo gisa erabili ohi da erregimen autoritarioetan eta gatazketan, edo baliteke nortasun agiria iraungitzea kalean bizi diren migratzaileei, eta ezin berritzea. Ezohiko erregularizazioaren dekretuaren aurreneko zirriborroan, aintzat hartu zituzten egoera horretan dauden migranteak, baina kasu horiek baztertzeko eskatu zuen Espainiako Barne Ministerioak, eta Ministroen Kontseiluak jaramon egin dio.

Espainiako Barne Ministerioak argudiatu duenez, egoera horretan dauden migranteek badituzte «beste bide batzuk» beren estatusa aitortu eta herrialdean bizitzeko eta lan egiteko baimena lortzeko, eta horregatik utzi dituzte prozesu honetatik kanpo. Dena den, asilo eskatzaileek, kontrara, aukera izango dute, estatus hori aitortua izanda ere, ezohiko erregularizazioaren prozesuan parte hartzeko.

Sahararrak

Espainian 3.000 pertsonak baino gehiagok eskatu zuten iaz babesa apatrida izateagatik; horietatik ia erdiak, 1.472 lagun, sahararrak ziren, Espainiako Barne Ministerioko datuen arabera. Neurria bultzatu duen Regularización Ya plataformak salatu duenez, Espainiako Gobernuaren «ekimen politikorik ezaren» ondorio da apatridak erregularizaziotik at utzi izana, eta uste du juridikoki egingarria litzatekeela.

Iragan astean, Cadena Ser irrati katean horren inguruan galdetu zioten Espainiako Gizarte Segurantzako ministro Elma Saizi. Hark gobernuaren jarrera defendatu zuen, argudiatuta abian jarri berri duten dekretua «egoera irregularrean dauden migranteei zuzenduta» dagoela, eta apatridak ez daudela «egoera horretan». Apatrida izateagatik babesa lortzeko prozedurak, baina, bi eta hiru urte artean iraun ohi du, eta ebazpena iritsi artean eskatzaileek ez dute lan egiteko baimenik.

Hain justu, joan den ostiralean zabaldutako ohar batean, ELA sindikatuak salatu zuen sahararrak ezohiko erregularizaziotik kanpo uztea «onartezina» dela, kontuan hartuta Espainiako Estatua Sahara Mendebaldeko herritarren egoeraren «erantzuleetako bat» dela. Hala, sindikatuak uste du erabaki horrek «larriagotu» egin dezakeela sahararrek pairatzen duten bazterketa, eta Espainiako Gobernuari exijitu zion «akats» hori ahalik eta lasterren zuzentzeko. Horrez gain, nabarmendu zuen «ezinbestekoa» dela atzerritarren aferekin lotutako eskumenak Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren esku uztea gisa horretako egoerei «erantzun irmoagoak» emateko.

Bakarrik dauden adingabeak

Bakarrik bizi diren migratzaile adingabeek ere ezingo dute beren egoera erregularizatu; izan ere, 18 urtetik beherako etorkinen eskaerak haien guraso edo tutore legalek egin behar dituzte derrigor. Halere, asko dira beren kabuz migratu eta kalean bizi diren migrante nerabeak, baita nerabetan etorri eta hemen 18 urte bete dituztenak ere. Haietako gehienek ez dute nortasun agiri edo pasaporte eguneraturik, ordea; hortaz, eskaera egitean adin nagusikoak izango liratekeen arren, ez dute hori berresten duen dokumentu ofizialik.

Halako kasuetarako froga biometrikoak egin ditzake Fiskaltzak, eta horren arabera zehaztu migratzaile bat adin nagusikoa den edo ez. Migratzaileen aldeko zenbait ekintzailek eta elkartek gisa horretako prozedurak salatu izan dituzte: batetik, balitekeelako batzuetan oker egotea, eta bestetik, etorkinak linbo batean geratzeko arriskua dakartelako. Izan ere, Fiskaltzaren dokumentuan adin nagusikoak direla zehaztu arren, kontrakoa jartzen du haien nortasun agiri edo pasaportean.

Ukrainarrak

Espainiako Gobernuak bultzatutako migratzaileentzako ezohiko erregularizazioak kanpoan uzten ditu Ukrainako gerratik ihesi Espainian eta Hego Euskal Herrian babes hartu duten eta nazioarteko babesa eskatu duten ukrainarrak ere. Egunotan, erabaki hori «diskriminatzailetzat» jotzen duten mezu ugari zabaldu dira sare sozialetan; halere, sahararren eskubideen aldeko zenbait elkartek eta Espainiako Gobernuak berak akusazio horiek gezurtatu dituzte: batetik, apatridek ez bezala, nazioarteko babesa eskatzen duten migratzaileek lan egiteko baimena jaso dezakete eskaera egin eta sei hilabetera; eta bestetik, Espainiako Gobernuak jakinarazi du neurri jakin bat jarriko duela abian gerratik ihesi iritsitako ukrainarrentzat. Neurri horrek «abantaila gehiago» izango dituela hitzeman du, eta nabarmendu jasoko lituzketen baimenek lau urterainoko iraupena izango luketela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)