Euskara eta bizileku-baimena: integrazioaz hitz egiteko zenbait hausnarketa

Berria, Maitane Arnoso Martinez - Leire Amenabar Larrañaga, 17-04-2026

Duela aste batzuk, Eusko Jaurlaritzak Pedro Sanchezen gobernuak bultzatutako ezohiko erregularizazio – dekretuari aurkeztutako zuzenketek integrazioari eta kohesio sozialari buruzko eztabaida ireki zuten. Proposamenak planteatzen zuen bizileku – baimena lehen aldiz berritzean positiboki baloratzea lurraldeko hizkuntza ofizialetako bat —euskara edo gaztelania— ikasten hastea, ez derrigorrezko baldintza gisa, baizik eta dagoeneko existitzen diren integrazio – prozesuak aitortzeko eta egiaztapen – bideak zabaltzeko modu gisa.

Hala ere, zuzenketak interpretazio eta diskurtso baztertzaileak pizten lagundu zuen, eta zenbait iritzitan, tonu sutsuz, pertsona migratzaileei euskara ikastea exijitu behar zaiela azpimarratu zen. Euskara indartzea desiragarria eta partekatua izan daitekeen arren, eztabaidak ñabardura garrantzitsuak behar ditu. Alde horretatik, egungo errealitate soziolinguistikoaren testuinguruan, gai honi buruzko zenbait ideia partekatu nahi ditugu.

Euskararen erronka nagusia ez da etorri berriek ez hitz egitea, baizik eta haren erabilera sozial mugatua, baita hiztunen artean ere: biztanleen %7,4k soilik dio euskara hobeto dakiela, eta %84,2k gaztelania edo frantsesa erabiltzen du errazago. Kale – erabileran ere alde handiak daude: Gipuzkoan %31, Bizkaian %9, eta Araban, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian %5 – 6. Horrek erabilera – espazioak eta ikasteko baliabideen eskaintza handitzeko beharra erakusten du. Testuinguru honetan, eta euskal komunitateak bizi duen diglosia egoera aitortuta, noski; diskurtso asimilazionistak ulergarriak badira ere, erronka ez da soilik etorri berrien hizkuntza – ikaskuntzan kokatzen, baizik eta gizartearen baldintzetan eta euskararen eguneroko erabileran, bertan jaiotakoen zein errotutakoen artean ere.

Edozein eskakizun zabaltzerakoan, kontuan hartu behar da pertsona migratzaile askok irregulartasuna eta lan ezegonkorrak bizi dituztela. Testuinguru horretan, bigarren edo hirugarren hizkuntza bat ikastea ez da lehentasun berehalakoa, baizik eta eguneroko biziraupenerako erronka gehigarria. Gainera, lehen bizileku – baimen laburrean hasten dira egonkortasuna eraikitzen, eta ondoren sortzen dira ikasteko baldintza egokiagoak. Horregatik, hasierako eskakizunek neurriz kanpokoak izateko arriskua dute. Integrazioa eskubideen ikuspegitik landu behar da, pertsonen egoerak eta prozesuak errespetatuz.

Ildo beretik, euskara ikasi eta egunerokoan erabiltzen dutenean ere, pertsona migratzaile askok

kanpoko

gisa sailkatuta jarraitzen dute; hizkuntza menperatzeak ez du beti saihesten «eta zu, nongoa zara?» bezalako galderak, eta horrek erakusten du ez duela berez inklusio osoa bermatzen. Hala ere, ikerketek diote pertsona migratzaileek sarri dutela parte hartzeko interes handia, eta esperientziak erakusten du baldintza egokiak daudenean —egonkortasuna, baliabideak eta inguruneak— euskararen alde egiten dutela, motibazio instrumentalak edo komunitarioak izan, seme – alabak bertan eskolatuz eta komunitate – dinamiketan parte hartuz.

Bestalde, integrazioaz hitz egiteak zehaztasuna eskatzen du: integrazioa noranzko biko prozesua da. Ez da nahikoa etorri berriek tokiko hizkuntza ikastea, baizik eta harrera – gizarteak ere egokitu eta haiek dakartzaten hizkuntzak aitortu behar ditu. Izan ere, hizkuntzen babesa hiztunen duintasunarekin eta giza eskubideekin lotuta dago, eta horrek komunitate migratuen hizkuntzak ere barne hartu behar ditu —arabiera, wolofa, errumaniera, kitxua, urdua eta besteak—, zeinek, gainera, nazioarteko zuzenbidean babes berezia behar duten.

Halaber, Atzerritarren Legeak berak jasotzen du administrazioan, osasunean edo justizian interpreteen bidez arreta jasotzeko eskubidea, baina sarritan ez da betetzen. Horregatik, gutxieneko hori bermatzeaz gain, hizkuntza horien guztien eskubideetarako babes handiagoa ere izan beharko genuke helburu. Hizkuntza horiek dagoeneko Euskal Herriko hizkuntza – eta soinu – paisaiaren parte dira, eta haiek aitortzeak ez du euskara ahultzen; aitzitik, haren defentsa eskubide, aniztasun eta justizia linguistikoaren marko koherente batean kokatzen du. Komunitate horien guztien jatorrizko kulturak eta hizkuntzak aitortzea da jatorri atzerritarreko komunitateen transmisioa gertatu dadin eta haien nahi eta beharrak betetzeko harrera jendarte gisa ditugun gure

nagusitasun

edo

botere – guneko

baliabideak, espazioak, denborak, etab. eskaintzea, ematea eta laguntzea.

Euskara eta euskararen komunitatea zerbait baldin bada, hizkuntza gutxituen eskubideen erresistentziaren sinboloa da, eta gure auzokide berrien hizkuntzak zaintzea ere haien eskubide kulturalekiko eta linguistikoekiko konpromisoa da. Elkarkidetasun internazionalista horrek egiten gaitu euskaldun. Azken finean, euskara eskubideen ikuspegitik defendatzeak esan nahi du komunitate linguistiko inklusibo bat ez dela muga berriak altxatuz eraikitzen, baizik eta

gutasun

hori zabalduz.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)