Ismael Vas Ghoulami, Gorka Angulo, Iker Rodriguez eta Saber Adouzi: «Kolore beltza, objektuetan, luxuaren sinonimoa da; pertsonetan, berriz, erabat deshumanizatzailea da»
Berria, , 17-04-2026Etiketa Beltza. Gogoratzeko izen erraza. Bada, izen hori duen arropa marka bat sortu dute Eibarren (Gipuzkoa), diskriminazio arriskuan bizi diren gazteen «autoespresioa, sormena eta ahalduntzea» sustatzeko, eta, bide batez, gazte horien gizarteratzea lortzeko.
Taldea osatzen duten gazte gehienak, Euskal Herrian jaioak badira ere, arrazializatuak dira, eta bete – betean sufritzen dute arrazakeria. Taldea osatzen duten gazteetako lau dira Saber Adouzi (Mendaro, Gipuzkoa, 2009), Gorka Angulo (Mendaro, Gipuzkoa, 2008), Iker Rodriguez (Santa Cruz, Bolivia, 2008) eta Ismael Vas Ghoulami (Mendaro, Gipuzkoa, 2009). Sortu dituzten jantzitan euren bizipenak islatu dituzte, eta euren identitatea azaleratu.
Zeinek osatzen duzue Etiketa Beltzaren lantaldea?
GORKA ANGULO
: Edozein motatako bazterketa —arrazakeria, matxismoa, estigmatizazioa, bazterketa soziala…— bizi izan dugun 14 eta 17 urte bitarteko gazteak gara; eta edonor dago gonbidatuta proiektura batzera.
ISMAEL VAS GHOULAMI
: Gure bizipenak askoren irudimenetik at daude, eta kontatzeko dugun hori guztia hiru dinamizatzailek koordinatzen dute.
Zein helburu duzue?
SABER ADOUZI:
Geroz eta gazte gehiago etortzen ari zaizkigu, eta taldea egonkortzea da gure helburua. Hori lortuta, proiektua zirkularra eta autogestionatua izatea da jomuga. Borondate hutsez aritzen gara denok, eta ez dugu etekinik aterako, baina galerarik ez dezala eragin.
IKER RODRIGUEZ
: Horrez gain, eraldaketa soziala ere eragin nahi dugu, jakina.
Nola bururatu zitzaizuen ideia? Baduzue erreferenterik?
VAS GHOULAMI
: Asmae Ourdi, Marina Berraondo eta Lucia Lorizate dinamizatzaileek sortu zuten proiektua, eta bi urtez garatzen aritu ziren. Haiek Bartzelonako Topmanta sindikatua ezagutzen zuten, eta haiena, nolabait, egin nahi zuten hemen. Gainera, Ermuan
Fish
ere ezagutzen zuten. Lehen, kaleko saltzaile zenean, herritar askok kritikatu zuten, baina orain hark sortutako arropak darabiltzate askok. Horiez gain,
Argia -
k eta Mbolo elkarteak elkarlanean duten
Inor ez da ilegala
bilduma ere badugu erreferentetzat.
Sare sozialetan, gazteek sortutako arropa marka moduan aurkeztu duzue. Zer duzue kontatzeko?
RODRIGUEZ
: Arrazakeriaz gain, adinkeria ere asko sufritzen dugu. Gazteok oso estigmatizatuta gaude, eta arazo askoren errua guri egozten digute, gure errua izan gabe ere. Eta, hain zuzen ere, horrexegatik jarri gaituzte gazteok proiektuaren lehen lerroan.
Duela gutxi izan zenuten lehen salmenta. Nolako harrera izan du proiektuak?
ADOUZI
: Oso – oso ondo joan zen. Eibarko Beleko tabernan egin genuen. Egitasmoa aurkeztu, eta hasieratik babestu gintuzten.
VAS GHOULAMI
: Herritar ugari bildu ziren, horietako asko «euskaldun peto – petoaren» estereotipoetan sartzen direnak. Horrek poztu gintuen gehien, gure helburuetako bat ere badelako herritarrak sentsibilizatzea eta haiek izan ditzaketen aurreiritziak ezbaian jartzea.
Salmentara iritsi aurretik, zer prozesu du?
ANGULO
: Ahalduntze prozesu bat izan da. Hasteko, gizartean bizi diren eta bizi ditugun biolentzien inguruko formakuntza handia jaso genuen. Fish ere etorri zitzaigun laguntzera. Diskriminazioa sufritzen dugu, eta ikasi dugu ez direla ausazko diskriminazio egoerak, egituratutakoak baizik. Horren ostean, marka sortzeko prozesua abiatu genuen: izena, logoa, koloreak… Hori guztia Eibarko elkarte batean egiten genuen, nahiz eta bagenekien ez zela tokirik aproposena; orain, gure lokal propioa dugu.
Saber Adouzi Etiketa Beltza arropa markaren lokalean, arropa serigrafiatzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Prozesuaz aparte, izenak badu bere garrantzia. Nondik datoz
Etiketa Beltza
izena eta
Hemen jaioa
leloa?
ADOUZI
: Kolore beltza, objektuetan, luxuaren sinonimoa da: kabiarra, whiskia, urdaiazpikoa… Pertsonetan, berriz, guztiz kontrakoa gertatzen da: erabat deshumanizatzailea da. Gainera, guri etiketa asko ipintzen dizkigute; bada, jar diezaiogun guk geure buruari beste bat.
RODRIGUEZ
: Eta azpitituluan
Hemen jaioa
ipini dugu, jende askok etorri berriei agertzen dien distantziarekin hartzen bagaitu ere, hemen jaioak garelako. D ereduan ikasi dugu txikitatik, euskaraz ondo dakigu…
Zer produktu dituzue?
RODRIGUEZ
: Hiru bilduma ditugu:
Aske
,
Bideak
eta
Bazterrak.
Aske
- k herri eta kultura zapalduei egiten die keinua;
Bideak
- ek erreferentzia egiten dio nazioartean mugitzeko eskubideari; eta
Bazterrak
- ek sistematik at dauden kolektiboak biltzen ditu, periferian daudenak. Gure sorkuntzetan errealitate guztiak islatzen saiatu gara.
Eta nola eskura daitezke?
ANGULO
: Maiatzaren 17an, 12:00etan, berriro izango gara Beleko tabernan. Eta, horrez gain, daukagun stocka gure sare sozialen bitartez ere lor daiteke.
@
Etiketabeltza
kontura mezu bat bidali gustuko marrazkia eta kolorea izendatuz, eta kito.
(Puede haber caducado)