1.200 kilometroan lokartzen dira amesgaiztoak
Tangerretik Tolosaraino autobus baten azpian etorri ziren Jawad eta Youssef gazte marokoarrak
Berria, 17-09-2006Leire Montes
Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza
Goiza da Tangerren. Egunsentiaren lehen argiek agerian utzi dute, berriz ere, prest direla hiltzeko amets truke. Agur, ama! Agian gaur izanen da eguna.
Halakoa izan zen 2005eko abenduaren 12a Jawad eta Youssefentzat, 14 eta 18 urteko bi gazte marokoarrentzat. Beraien familia eta lurraldea utzi eta amets bila abiatu ziren egun hartan. 1.200 kilometro egin zituzten autobus baten azpian: 18 ordu zintzilik, mugitu gabe, Tangerretik Tolosaraino, zero gradu inguruko tenperaturarekin, Iberiako Penintsula guztia zeharkatuz.
Marokon oporretan izan zen Tolosako talde batek egin zuen bidaia autobus horretan. Tren geltokira iritsi zirenean irten ziren bi gazteak ibilgailuaren azpitik. Autobusaren keak belztuta, pasatutako hotzak gaixotuta eta mundu berriak aurkez zitzakeen ezustekoak beldurtuta ageri ziren. Lehenengoa orduantxe jaso zuten. Gau osoa autobusean lotan igaro zuten bidaiari haiek txaloka hasi eta beraien arropak, janariak, oinetakoak eta bestelakoak haiei ematen hasi ziren. Autobusetik jaitsitako 40 bat lagunek ezin zuten sinetsi begi aurrean zutena.
Egun Tolosan jarraitzen dute Jawadek eta Youssefek. Bidaiari haietako batzuei arrastoa utzi die gertakari honek. Iñigo Asensio eta Isitxo Larrañaga dira horietako bi. Une horretatik bi gazteak laguntzeko erak bilatzen hasi ziren, eta haien istorioa biltzen duen 1.200 kilometro dokumentala eta kanta egin dute orain, Iñaki Elolarekin batera. Ate joka hara eta hona ibili eta gero, etxebizitza eta formazioa lortu diete. Egun Tolosan bizi dira Jawad eta Youssef, Peñascal Fundazioan arozgintza ikastaroa egiten dute goizetan, eta arratsaldetan Helduen Heziketa Iraunkorrean (HHI) hasi dira gaztelania ikasten. Euskara klaseak ez dituzte hartzen oraindik, baina ulertzen dute, lagun taldea ere euskalduna baitute.
Orain arteko bidea, baina, ez da samurra izan. «Hemen zegoenean nik zera esaten nion: ‘Nola joango zara? Hilik gerta zaitezke!’. Baina hari berdin zitzaion. ‘Hil behar badut ere Espainiara iritsi nahi dut’, esaten zuen», azaldu du Jawaden amak. Hark esandakoaren arabera, hilabete aritu ziren ihes egiten saiatzen. Etxetik portura eta portutik etxera. Halaxe pasatzen zituzten egunak. Bi gazteen familiek ezagutzen zuten elkar, eta alde egin zuten egun hartan ados jarri ziren Jawad eta Youssef. «Nire lagunak zera galdetzen zidan: ‘Jaitsiko al gara?’. Eta nik ezetz, gehiago itxarongo genuela. Hala, Tolosara iritsi ginen arte», dio Youssefek.
«‘Ama, maite zaitut, baina ez iezaiozu aitari ezer esan’. Aitak ez zion joaten uzten. Nik itzuliko zen esperantza nuen. Goizean helduko zela uste nuen, baina hurrengo egunean itzuli gabe jarraitzen zuen. Azkenean telefonoz deitu zuen, Espainian zegoela esanez, eta pozik zegoela. Hark lasaitu egin gintuen», azaldu du Jawaden amak.
Bizirik naiz, ama! Herrialde berrian! Herri honetan ez du inork hitz egiten gure hizkuntza, baina ulertzen dugu elkar. Tolosara iritsi eta segituan eman zieten gazteei etxera deitzeko aukera. Inguruan zituzten bidaiariek ez zuten ulertzen telefonotik esaten zutena, baina begiak zabal – zabalik eta oso hunkiturik begiratzen zieten. «Jainkoari eskerrak ondo gaude. Kalean egotea espero nuen, jendea gaizki portatuko zela. Baina, zorionez, hemen nago. Bizimodua atera eta lan egitera etorri gara. Paperak lortu, lan egin edo behar dena». Hala adierazi zuen Jawadek, Tolosara iritsi berritan.
Harrezkero bederatzi hilabete pasa dira, baina denbora horretan guztian ez dute familiarekin harremana galdu, eta saiatzen dira maiz etxera deitzen. «Lasai gaude, lehenengo egunetik bertako jendea oso zintzoa zela esan zigulako. Ondo portatzeko esan nion. Jainkoak lagun diezaiela!», dio Youssefen amak. Aitak ere sumatzen du haren hutsunea, baina onena opa dio bizimodu berrian. Kide askoko familiak dira, baina estuki bat eginda daude guztiak, batasun sentimendua oso barneratuta dute, eta asko nabaritzen dute senitarteko baten falta. «Garrantzitsua, edonon dagoela ere, bere egoera ona dela jakitea da. Horregatik gaude pozik. Hobe han geratzea eta ez hemen. Ziur han hobeto dagoela. Badakizu nolakoak diren gazteak. Hemen ez zuen ez diru eta ez lanik, horregatik joan zen», gaineratu du Youseffen aitak. Egun, Goizaldi Fundazioaren etxe batean bizi dira.
Ezjakintasun eta ezinegon horiek gaindituta, lasaiago daude orain bi gazte marokoarren senitartekoak, bizitza berrian ondo doakiela jakin badakitelako. Esker oneko hitzak dituzte uneoro beraien seme – alabei lagundu zieten tolosarrentzat. Haien etxean ere abegitsu hartu zituzten joan zen otsailean, gaiaren inguruko dokumentala grabatzera joan zirenean. «Zuen semeak ere badira», esan zieten, une hunkigarrian.
Amets bila irten eta esku artean dugu ametsa, opari paperaren atzean gauzak ez dira horren erraz guretzat. 1.200 kilometroan lokartzen dira amesgaiztoak…
(Puede haber caducado)