Gaur onartzekoa da migratzaileen ezohiko erregularizazioa arautuko duen dekretua
Hego Euskal Herrian, prozesuak aukera emango die 30.000 migratzaile ingururi euren egoera erregularizatzeko. Ekainaren 30era arte izango dute eskaera aurkezteko epea.
Berria, , 13-04-2026Ezustekorik ezean, gaur onartuko du Espainiako Gobernuak migratzaileen ezohiko erregularizazioa arautuko duen dekretua. Hego Euskal Herrian, 30.000 lagun inguruk izango dute dekretua baliatu eta euren egoera erregularizatzeko aukera. Onartu ondoren, BOE Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta hurrengo egunean hasiko da eskaerak aurkezteko epea, ekainaren 30era arte.
Ikusteko dago zeintzuk izango diren bete beharreko baldintzak eta jarraitu beharreko prozesua erregularizazioa lortzeko; izan ere, Espainiako Gobernuak dekretuaren hainbat zirriborro aurkeztu ditu urtarrilaren 26an neurria iragarri zuenetik, eta litekeena da Espainiako Estatu Kontseiluak egindako ohartarazpen eta aholkuen ondorioz aldaketa batzuk sartzea behin betiko dekretuan. Baina, printzipioz, dekretuak eragingo die 2025eko abenduaren 31n Hego Euskal Herrian edo Espainian bizi zirenei, baldin eta gutxienez bost hilabetez bertan bizi izan badira eta aurrekari penalik ez badute.
Bizileku eta lan baimena
Baldintzak betetzen dituzten migratzaileei urtebeteko bizileku eta lan baimena emango diete, eta osasun, hezkuntza eta gizarte zerbitzuetarako sarbidea. Gizarte Segurantzan kotizatzeko aukera ere izango dute. Urtea amaitutakoan, Espainiako Atzerritarren Legeak ezarritako ohiko baimena eskatu ahalko dute.
Lehenengo zirriborroan aurreikusten zen eskaera egiten duenak sinatutako adierazpen bat nahikoa izan zitekeela aurrekari penalik ez duela frogatzeko, baina Estatu Kontseiluak «desegokia» eta «erlaxatuegia» iritzi dio neurri horri, eta litekeena da behin betiko dekretuan hori aldatzea. Halaber, egoera irregularrean dauden lagun guztiak «zaurgarritzat» jotzen zituzten hasierako zirriborroan, uste baitzuten paperik ez edukitzea bazela aski motibo egoera zaurgarrian daudela pentsatzeko. Neurri hori ere ez du begi onez ikusi Estatu Kontseiluak, eta aholkatu du gizarte erakunderen batek sinatutako agiri bat eskatzea, migratzailea egoera zaurgarrian dagoela frogatzeko. Aldaketa hori ere sar liteke gaur onartzekoa den behin betiko dekretuan.
(Puede haber caducado)