Salatu dute Iruñeko Udalak erroldatze soziala ukatzen diela migratzaile etxegabeei, «administrazio auzitegiaren sententziari ez ikusi eginez»
Berria, , 09-04-2026Abdelwahab Booktxi tunisiarra da. Iazko urriaren 27an Europara heldu zen, pobreziatik ihesi: Malagan izan zen lehenbizi (Espainia), eta Euskal Herrira mugitu zen gero. Azken hilabeteetan, Iruñean bizi izan da, Aranzadiko komentu abandonatuan, beste hainbat etxegaberekin batera. Iritsi berritan, errolda agiria eskatu zuen, baina ukatu egin zioten. Gaur berriro eskatu du: «Ez dakit emanen didaten ala ez. Zain nago». Izan ere, errolda agiria ezinbestekoa da oinarrizko zerbitzu publikoetara jotzeko, osasun etxean artatua izateko edo lan bat eskuratzeko, besteak beste. «Hemen bizi nahi dut. Hemen bizi eta lan egin, baina, horretarako, paper hori behar dut», esan du.
Booktxiren eta beste dozenaka etxegaberen egoera salatzeko xedez, Iruñeko Udalak Kondestablearen jauregian duen erroldatze bulegoa hartu du gaur Negu Gorriak plataformak: 30 bat pertsonaren errolda agiria tramitatzen saiatu dira plataformako kideak, baina ezezkoa jaso dute. «Kanpaina bat abiarazi dugu berrogeita hamar pertsona hauek zenbait erakunderen lokaletan erroldatzeko. Ezezkoa eman digute, baina arrazoirik eman gabe», salatu du Leire Ardanaz Ullatek, Negu Gorriak sarea osatzen duten elkarteen izenean. Ekintzarekin bat egin dute Matalaz, Katakrak eta Bakearen Etxea elkarteek eta CGT eta Steilas sindikatuek.
Abdelwahab Booktxi, errolda agiria eskatzeko ilaran. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Leihatilan ziren administrariek argudiatu dute, alde batetik, bizitoki gisa aurkeztutako lokalak ez direla etxebizitzak eta, hortaz, ez dutela bizigarritasun zedularik; eta bestetik, erroldatze sozialaren modalitatea eskatu nahi izanez gero, gizarte zerbitzuen txosten bat aurkeztu behar dela, eskatzaileak hirian bizi direla egiaztatzeko. Hala ere, Ardanazen arabera, administrazioak legez behartuta daude erroldatze soziala egitera: «Udal errolda ez da pribilegio bat, legez onartutako eskubidea baizik. Nafarroako Administrazio Auzitegiak berak legez kanpokotzat jo ditu udal honen blokeo praktikak, baina sententzia horri ez ikusi egin diote». Plataformako arduradunen esanetan, Iruñeko Udalak erroldatze soziala ukatu die «bostehun pertsonari baino gehiagori», 2025eko maiatzetik 2026ko urtarrilera bitartean: «Horrez gain, erantzun administratiboa emateko epeak luzatu ditu behin eta berriro, errolda eskubidea era arbitrarioan atzeratzeko».
Bilboko eredua
Negu Gorriak elkarteko kide Julen Ariztegik hartu du hitza gero. Esplikatu duenez, erroldatzea «oinarrizko eskubide sozialen giltza» da: «Medikuarenera joan ahal izateko, alokairu kontratu bat sinatzeko, laguntza sozialak eskatzeko edo lan bat lortzeko, ia denerako eskatzen dute errolda agiria». Pertsona bat udalerri batean bizi dela egiaztatzea, horra errolda agiriaren betekizuna. Etxegabeek, baina, ezin dute helbide zehatzik eman, eta kasu horietarako dago erroldatze soziala: «Iruñeko Udalak berak erabili izan du modalitate hori noizean behin: etxerik gabeko pertsona batzuk auzo unitateetan erroldatu izan dituzte, jakinik ere ez direla hor bizi». NUKF Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioak ere tokiko administrazioak premiatu ditu etxegabeak «ofizioz» erroldatzera, eta, Negu Gorriak plataformako kidearen arabera, beste udal askotan aplikatzen dute eredu hori.
Negu Gorriak plataformaren laguntzarekin, erroldatzea galdegin dute dozenaka etxegabek. J. MANTEROLA / FOKU
«Bilboko Udalean agintea du EAJk, eta urteak daramatzate migratzaileak eta etxerik gabekoak udal eraikinetan erroldatzen. Nola da posible Iruñeko Udala, gobernu aurrerakoia izanik, gai ez izatea kosturik ez duen neurri horrekin konprometitzeko?», galdetu du Ariztegik. Horregatik, uste dute erroldatze soziala ukatzea «nahita hartutako erabaki politikoa» dela: «Arazoa ez da juridikoa. Arazoa da ez dietela erroldatze soziala aplikatu nahi jatorri jakin bat duten eta egoera jakin batean bizi diren pertsona jakin batzuei. Horrek badu izen bat».
Iragan otsailean,
Nafarroako Administrazio Auzitegiak baliogabetu egin zuen bi etxegaberi errolda agiria ukatzeko erabakia. Auzitegi horren arabera, ez dago justifikatua udalak erantzuna zenbait hilabetez atzeratu izana, eta isiltasun administratiboa baldin badago, errolda eskaera onartutzat jo beharko litzateke. Horren harira, Negu Gorriak plataformak azaldu du ebazpen horrek ez duela berekin ekarri udalarentzako zigorrik edo kalte ordainik: «Hortaz, udalak ez du motiborik ikusi praktika horiek zuzentzeko». Horregatik guztiagatik, administrazio auzitegiaren ebazpena betetzera premiatu dute udala. Ekintza amaituta, iritsi bezala joan dira etxegabe guztiak: errolda agiririk eta bizitoki egonkorrik gabe. Esku hutsik.
(Puede haber caducado)