Errolda «eskubidea eta betebeharra» dela aldarrikatu dute Pasaia eta Donostia artean

Igande honetan Donostian egin den Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako XXIX. Martxak errolda «eskubidea eta betebeharra» aldarrikatu ditu. 47 kolektibok egin dute bat Pasaiako Trintxerpeko Azokatik abiatu eta Donostiako Alderdi Ederren amaitu den martxarekin.

Gara, Naiz, 23-03-2026

Pasaia eta Donostia artean igaro den martxa batek errolda eskubidea efektiboa izateko irizpide garden eta komunak, «errolda eskubide eta betebeharra» aldarrikatu ditu, ‘Erroldarik gabe izaterik ez’ lelopean.

Pasaiako Trintxerpeko Azokatik abiatu da eta Donostiako Alderdi Ederren amaitu da Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako XXIX. Martxa, SOS Arrazakeria Gipuzkoak, Medicus Mundi Gipuzkoak eta Euskadiko GGKE Koordinakudeak antolatuta.

«Leku guztietan, pertsona guztien eskubideak erdigunean jartzen dituen gizartea» defendatzen dutela nabarmendu dute eta martxan parte hartzera animatu dute «garrantzitsua delako, beharrezkoa delako eta gure ardura ere badelako».

«Administrazioarentzat ikusezinak diren bizilagunen inguruan hitz egitera gatoz gaur», azaldu dute. Salatu dutenez, egun udal-errolda «oztopo gaindiezina» bihurtu da eta milaka bizilagunek oinarrizko eskubideak eskuratzea eragozten du.

Gogorarazi dutenez, 2025ean Eudelek irizpide komun eta homogeneoak proposatu zituen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalerrietan bazterkeria egoeran zeudenen errolda-erregulazioa errazteko.

«Bazterkeriara kondenatuta»

Besteak beste, udalei «malgutasuna, gardentasuna, irisgarritasuna eta talde zaurgarrienei babesa» eskatu diete, «honek guztiak ondorioak dituelako». «Errolda falta bazterkeriara kondenatzea» dela adierazi dute, «osasun bazterkeria, bazterkeria soziala eta bazterkeria juridikoa».

Horrekin batera, «inor ikusezin izango ez den gizartea bermatzeko eta erroldak saltzeko merkatu lotsagarriekin bukatzeko modu bakarra benetako errolda dela» argi utzi dute martxan parte hartu duten kolektiboek. «Eskubide eta betebehar bat» dela gogorarazi dute eta «gura udalerrietan giza-baliabideak eta bizikidetza kudeatu ahal izateko beharrezkoa» dela gaineratu dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)