Neonazien atxiloketak bere aurka erabiltzea salatu du Vlaams Belangek

Eskuin muturreko alderdi nazionalistak azpijokotzat jo du bozak baino lehenago 18 militar atxilotu izana

Berria, 16-09-2006

JUANMA SARASOLA

Flandesko giro politikoa goritzen ari da. Eta goritasun horri ez dario kolore gorria – termino politiko klasikoetan – , eskuinaren urdina baizik. Aurki, urriaren 8an, udal hauteskundeak egingo dituzte herrialde osoan, eta inkestek Vlaams Belang (Flandestarren Interesa) eskuin muturreko alderdi nazionalistari botoen %34 – 35 ematen diotenez (egun, %25 dauka), gainerako alderdiak arrunt kezkatuta daude. Eskuin muturreko giroa inkestetan ez ezik, kalean ere zabaltzen ari da. Azken adierazlea Belgikako armadako 17 militar flandestarren atxiloketa izan da. Talde neonazi bateko kideak izatea eta giro politikoa aztoratzeko atentatuak prestatzen ibiltzea leporatu diete. Vlaams Belangekin lotu nahi izan dituzte, baina horrek lotura oro ukatu eta hauteskunde kutsuko azijokotzat jo ditu atxiloketak.

Belgikako Poliziak hilaren 7an Leopoldsburg hirian (Flandes) atxilotutako militarrei hainbat arma, munizio eta propaganda neonazia atzeman zieten. Poliziaren arabera, atxilotuak Bloed – Bodem – Eer – Trouw (Odola – Lurra – Ohorea – Aintza) eskuin muturreko taldeko kideak dira. Hori Bloed en Trouw (Odola eta Aintza) taldearen zatiketa bat da. Azken talde horrek Vlaams Belangekin hainbat ekitaldi partekatu ditu, baina VBkoek diote haien artean ez dagoela inolako lotura organikorik.

Aste honetan Anberesen eginiko urteroko ekitaldian VBk gogor kritikatu du Belgikako Gobernua, atxiloketa horiekin alderdiaren izena zikindu nahi duela argudiatuta: «Susmagarria da 2004an hasitako ikerketa justu oraintxe, hauteskundeak aste gutxira daudela, argitara ateratzea».

«ELKARREN OSAGARRI». Eskuin muturraren gorabeherak gertutik segitzen dituen Resistances behatokiko koordinatzaile Manuel Abramowiczek, ordea, uste du eskuin muturreko taldeen artean nolabaiteko osagarritasuna dagoela.

Halaber, ez du uste militar neonazi horiek eraso handirik egiteko asmorik zutenik, baina bai «gizartean kaosa» eragin nahi zutela: «Belgikan, alde batetik, eskuin parlamentarioa dugu, hauteskundeak irabazi nahi dituena, Hitlerrek egin zuen bezala. Hori da [Flandesko] Vlaams Belangen edota Waloniako Front Nationalen estrategia. Eta, beste alde batetik, Odola eta Aintza eta gisa horretako talde subertsiboak [eskuin muturrekoak] ditugu; horien asmoa kaosa eragitea da, badakitelako horrek eskuin muturrari mesede egingo diola bozkalekuetan. Batzuk eta besteak elkarren osagarri dira».

Alderdien egungo sostenguari dagokionez, Flandesko Legebiltzarra honela osatuta dago: CD&V;/N – VA koalizioak 35 diputatu ditu; Vlaams Belangek 32; SP.A – Spirit koalizioak 25; VLD liberalek 25, Groen! alderdi berdeak sei, UF Frantses hiztunen Batasunak bat. CD&V; kristaudemokratak dira, eta N – VA Flandestarren Aliantza Berria; SP.A – Spirit Alderdi Sozialistaren eta zentro – ezkerreko beste bi talderen koalizioa da.

ESKUIN MUTURRAREN KONTRA. Iragan maiatzean Anberesen izandako hilketa arrazista batek – egileak motibo horiek aitortu zituen – hautsak harrotu zituen Flandesen. Gazte neonazi batek (Vlaams Belangeko diputatu baten iloba) emakume beltz bat eta honek zaintzen zuen haurra hil eta turkiar – flandestar bat zauritu zituen. Ondoren, ezkerreko alderdi batzuek saioa egin zuten VBri diru laguntzak ken ziezazkioten, alferrik.

Belgikako Arrazakeriaren Aurkako Legeari jarraiki, alderdi bati diru laguntzak kentzen ahal zaizkio, baldin eta frogatutzat jotzen bada alderdi horrek adierazpen arrazistak egin edota jokabide arrazista izan duela. Estatutik jasotako diru laguntza horietatik at, alderdiek ezin dute bestelako diru laguntzarik bildu.

Vlaams Belang halako zigor baten ondorioa da. Lege hura urratu zuela argudiatuta, 2004ko azaroan Ganteko Helegite Auzitegiak eta Belgikako Auzitegi Gorenak Vlaams Blok (Vlaams Belangen sorburua) zigortu zuten, estatuaren diru laguntzak kenduta. Alderdiak «politikoki hiltzeko saiotzat» jo zuen orduan erabakia, baina bere ideologia eta ekinbidea aurrera eraman ahal izateko, eta diru laguntzak jaso ahal izateko, Vlaams Belang sortu zuten Vlaams Blokeko buruzagiek.

Bestalde, 1991n Flandesko eta Waloniako alderdiek beto ituna – – cordon sanitaire deitzen diote nederlanderaz eta frantsesez – hitzartu zuten VBren aurka. Ondorioz, ez diote gobernatzen uzten eta koalizioak osatuz betetzen dute haren lekua, nagusi den tokietan. Alta, inkestetako emaitzak botoetan islatuz gero, litekeena da eskuin muturreko alderdiak oztopo hori gainditzea eta botere gehiago eskuratzea. Datozen asteotan ikusiko da giroa noraino goritzen den.

 

Resistances behatokiak uste du talde neonazien eta Vlaams Belangen artean osagarritasuna dagoela

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)