Ustez Pakistangoak eta Sri Lankakoak diren 165 etorkin iritsi dira Kanarietara

Berria, 16-09-2006

erredakzioa

Espainiako agintariak atzo Kanariar Uharteetara helduriko 165 etorkin identifikatzeko lanak abiatu zituen atzo, jatorriko herrialdeetara berriz bidaltzeko asmoz. Al Mari ontzian iritsi ziren atzo Tenerife uhartera. Ontziak zulo bat zuen, eta atoian eraman behar izan zuten. Etorkinek beraiek esan zutenez, lau egun zeramatzaten jan gabe. Etorkinetako 18 erietxera eraman behar izan zituzten. Atzo arratsaldean horietako bat jarraitzen zuen ingresaturik. Ustez afrikarrak ziren beste bost atxilotu egin zituen Guardia Zibilak, itsasontzia gidatzen zuen eskifaiakoak izatea leporatuta.

«Pakistandarrak badira, Gobernuak tramite diplomatikoak abiatu ditu euren herrialdeetara itzultzeko», esan zuen Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuko presidenteordeak.

HEGALDIAK SENEGALERA. Egun batez bertan behera utzi ondoren, atzo hasi ziren berriz, Kanarietara helduriko etorkinak Senegalera eramateko hegaldiak. Ia 100 polizia zainduta heldu ziren Senegal iparraldeko Saint – Louis hirira lehen 60 etorkinak, etsiturik eta asko negarrez, Europan lan egiteko ametsa bete ezinik. Europako Batasunak Senegali emaniko diru laguntzek ez dutela langabezia konponduko, esan zuten. Izan ere, Espainiako Gobernuak Senegalgoarekin sinaturiko hitzarmenaren bidez hasi dira etorkinak itzultzen Afrikako herrialdera. Etorkinoi 15 eurona eman zizkioten atzo, Saint – Louisera heltzean.

Latinoamerikako herrialdeek etorkinen giza eskubideak zaintzeko eskaera egin zuten atzo Nazio Batuen Erakundeak New Yorken gaiaren inguruan egiten ari den jardunaldietan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)