HiritarrakPaola Damonte
«'Ba ez duzu ijitoa ematen' esateak identitate ukazioa dakar»
Milango euskalduna, Iruñeko doktorea, idazlea eta irakaslea
Diario Vasco, , 10-03-2026Otsaila amaitzear zela, Secretariado Gitano Fundazioak saria eman zion Nafarroako Unibertsitate Publikoari ijitoen goi – mailako prestakuntza bultzatzeagatik. ‘Ijitoen Komunitatearekiko Esku – hartze Sozialeko Unibertsitate Zabalpeneko Diploma’ – … ren garrantzi handia azaldu nahi izan dute erabaki horrekin. Diploma hori aurrera atera dutenen artean Txema Uribe, Rut Iturbide edo Patricia Amigot irakasleak ditugu. Baita 3 urteko Ioneren ama den Paola Damonte ere. Paola hona etorri zen Erasmus, hemen (Zubiarten eta AEKn) ikasi zuen euskara eta, behin, Iruñeko Udalak debekatu zion orgasmo – arrakalaz mintzatzea. Ausardia osoz, hitzaldia izan behar zuen hori liburu bihurtu zuen: ‘La brecha orgásmica’, hots.
– Beraz, inori esaten diozunean den hori ez duela ematen, ukatzen diozu identitatea edo komunitate baten kide izatea.
– Bai horixe. Izan generoa, izan etnia, izan arraza, izan kolorea, izan jatorria. Zenbat aldiz ez dugu entzun emakumeok ‘gizon bat bezain ondo aritzen zara futbolean; potroak dituzu bai, neska’ edo antzekorik? Zenbat aldiz ez du aditu Latinoamerikatik etorritako batek, ‘inork ez luke esango Ekuadorrekoa zarenik’? Zenbatetan ez du Txinatik etorritakoen semeak hemen jaioa dela azaldu behar, jendeak gaztelaniaz edo euskaraz entzuten dionean?
–Min emango eta kalte egingo diete horrelakoek, ez da?
– Izugarri. Hitz horiek zera adierazten badutelako, gizartean onartua ahal izateko gu bezalakoa izan behar duzu. Ondo egiten duzu zure benetako genero – arraza – etnia ezaugarriak ezkutatzen saiatuz. Hori arrazismo hutsa da. Eta ez hain zuzen ere, mikroa arrazakeria… Arriskutsua ere bada. Komunitate minorizatu baten kidea bazara, zaurgarri izateko aukera handia duzu eta. Zenbat beltz ez al dira azala zuritzen saiatu bizitza arriskuan jartzen? Gutakoa izateko egizu uko zaren horri.
– Ijitoak lur hauetara iritsi zirela 500 urte bete ziren iaz. Ospakizun ugari izan dira. Pelikulak aurkeztu dira. Goya sarietan, parekorik ez duen ‘Ciudad sin sueño’ – n parte hartzen duen Cañada Realen jaiotako Antonio ‘Toni’ Fernández Gabarre aktoreak garaikurra jaso zuen… Onera egin al dute ijitoen eta payoen arteko harremanek?
– Onerako seinaleak badira ere, oraindik ez. Erreparaiozu, kasu, kontatuko dizudan honi, gizartean, errazago onartzen da ijitoen kontra aritzea beste etnia batzuen aurka jardutea baino. Ez da politikoki zuzena beltzak ez dituzula gogoko esatea baina ijito bati ez diozula pisua alokatu diozunean, kasik denek ondo egin duzula esango dizute. Bestalde…
– Bai? Esan, faborez.
– Bost mendetako jazarpena pairatu dute ijitoek. Inor gutxik eskaini die erreparaziorik eta gizarte – inklusioaz ari bagara, ez ditugu ikusten ijitoek egun gainditu beharreko hainbat eta hainbat oztopo eta traba.
– Ikusten beharbada ez. Irudikatzea, alta,ez da horen zaila…
– Jazarpena sufritzen duten taldeek haien arteko loturak indartzen dituzte, besteengandik zeharo urrundu arte. Beren baitan, berean ixten dira. Ondorioz, munduaren eboluziotik at geratzen dira. Guk hamarkadetan zehar, borroka ugaritan barna emandako pausoak beraiek azkar, oso azkar, ematen ditzatela espero digu, kasik exijitzen diegu. Eta hori ez da inolaz ere posible. Feminismoaz ari bagara, errekonozitu beharko dugu berezko ezaugarriak izango dituela emakume ijitoenak, beren gizarteak, esaterako, garrantzi handikoak direlako familia loturak. Beste kontu bat, biolentzia ez da alderdi bakarreko istorioa. Biolentzia ugari uztartzen dira, katramilatzen dira istorio guztietan: ijitoa zara, pobrea zara, emakumea zara. Igual desgaitua ere… Ez, indarkeria bakar bat ez da existitzen.
– Denok erortzen gara denok artean eraikitako estereotipotan…
– Jakina. Horrexegatik tematzen gara goiburuan komentatutakoan. Estereotipoekin jokatzen dugu, bizitzan. Ondorioz, harriduraz hartzen ditugu, esaterako, abokatuak diren emakume ijitoak. Ez dira gure eskema barne sartzen.
– Euskal Herriratu zinenean hemengo ijitoen egoera ezin hobea zela pentsatu al zenuen benetan?
– Nik ijitoen kanpamentuak ezagutzen nituen Europan. Tokian tokiko udalen erabakien arabera eraiki ala desegiten diren horietakoak. Iruñean, berriz, ijitoen komunitatearen indarra antzeman nuen. Calle del Carmen – en esaterako. Presentzia izugarria daukate, Sabicasen oroitzapena hor dago, bizirik. Bai, idilikoa zela uste nuen. Baina segituan aurkitu nuen tronpaturik nengoela. Ez dago kanpamenturik bai ordea, ijitoen kontrako jarrerak gurean.
– Zuen Diplomaren helburuak?
– Ijito askoren prestakuntza bultzatzea, unibertsitateko titulazio batean hasteko aukera eskaintzea, emakumezko eta gizonezko ijitoen aldeko lana sendotzea, bitartekari ijitoak prestatzea, kanpotik arrimatutako horiek ezer gutxi lortuko baitute.
(Puede haber caducado)