Operazio masibo bat
Israelgo armadak exijitu du Libanoko 80 herri husteko, eta badirudi ehunka mila lagunek alde egin beharko dutela etxetik.
Berria, , 04-03-2026Azken urteotako irudirik latzenak berritzen ari dira Libanon. Hegoaldean, Israelekin duen mugan, asko eta asko erbesterako bidean dira, eta noiznahi gertatzen dira buxadurak. Familia batzuentzat, egun oso bat ez da aski izan Fenizia historikoko Sidon hirira iristeko, nahiz eta normalean ordubete baino ez den behar izaten autoz hara joateko. Laster ehunka mila desplazatu izango direla aurreikusi dute. 2024an, 1,4 milioi lagunek alde egin behar izan zuten etxetik, hau da, herrialdeko lau herritarretik batek.
Israeldarrek sekula ez zioten utzi muga hartako sei barrendegi okupatzeari, nahiz eta su etena sinatu zuten 2024an Hezbollahrekin, eta, orain, Libanon barrendu dira; astelehenean, Iranen aldeko miliziak ere ekin zion gerrari inguru hartan, Irango Islamiar Errepublikaren alde. Batzuek zein besteek baieztatu dute israeldarrek aurrera segitu dutela okupazioan: halaxe egin du Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek, zeinak esan baitu «Galileako komunitateei agindutako segurtasuna» bermatuko duela okupazioak; Israelgo armadak ere baieztatu du okupazioa, eta eskatu Libano hegoaldeko 80 herri husteko guztiz; eta Libanoko berri agentziak ere haren berri eman du, eta jakinarazi «miatze operazio masibo bat» egiten ari zirela israeldarrak asteartean, Marjayun inguruan berriki okupatutako leku batzuetatik abiatuta.
Zibilak ez dira ihesi doazen bakarrak. Libano armada erregularrak ere alde egin du bere posizioetatik, eta kilometro batzuk mugitu da iparralderantz.
Eskualdeko gerra horretan tarteko diren herrialdeek —Israelek, Iranek eta Persiar golkoko monarkiek— badute aireko defentsa sistemaren bat; Libanok ez, ordea. Jainkoaren Alderdiko liderrak bide ziren Libanoren kontrako erasoen jomuga, baina ohean zeuden hainbat herritar hil dituzte. Atzo egindako azken zenbaketaren arabera, 52 lagun hil dira Libanoko erasoetan.
Libanoarrak akituta daude bost urtean bata bestearen segidan izandako tragedien ondorioz: matxinadak izan dituzte, eta 150 urtean munduan izandako finantza krisirik okerrenetako bat; Beiruteko portuko leherketa izan zen, eta Israelekin izandako gerra, zeinean 4.000 lagun baino gehiago hil ziren, eta milaka etxe txikituta geratu. Hala ere, Hezbollak beste gerra bat ekarri dio Libanori.
2024an bezala, zibilak sufritzen ari dira gehien, Hezbollahren jarraitzaileak barne. Organizazio hori 1982an eratu zuten: Irango mugimendu islamikoaren ereduari segika sortu zuten, talde armatu gisa, Libano hegoaldean israeldarrek egindako okupazioari erantzuteko. Hain zuzen, Israelek lau aldiz okupatu du Libano hegoaldea, eta hango herritarrek —xiiak dira gehienak— sentitzen dute Beiruteko agintariek ez dituztela babesten. Denborarekin, Hezbollah erakunde politiko eta sozial moduan hasi zen lanean, zerbitzu emanez gehiengo xiia duten komunitateei, halakoetan harena baita agintea de facto: estatuaren barruko estatu bat da, historian bazterturik egon den kolektibo horrek gizartean duen lekua hobetzen saiatzen dena.
Gerrak arriskuan jarri du Irango Islamiar Errepublikaren etorkizuna, eta Hezbollahk gerran parte hartzea erabaki du, Iran baitu diru eta arma iturri nagusi. Azken batean, Teheranek lur jotzen badu, Hezbollahk zaila izango du irautea bera ere.
Hezbollahrekin zerikusia duten erakunde zibilak ere bonbardatu dituzte, hala nola Al-Manar telebistaren eta Al-Nur irratiaren bulegoak. Taldeak salatu du «erresistentziaren ahotsa isilarazi» nahi dutela eraso horien bitartez; izan ere, halaxe deitzen dio bere buruari, israeldarren okupazioari aurre egiten diolako, eta hori egitea duelako izateko funtsa. Israelek bulegoak bonbardatu zizkion Ward al-Hasan mikrokredituen finantza erakundeari ere, Hezbollah finantzatzeko tresna bat delakoan.
(Puede haber caducado)