Luzea eta arrazismoz betea izan da Trumpen Kongresuko hitzaldia

Donald Trumpek Batasunaren egoerari buruzko hitzaldia egin berri du Washingtongo Kongresuan. Bere Gobernuaren lana goraipatzeko urteko balantzea izan ohi dena gezurrez eta xenofobiaz betetako hitzaldi bihurtu da. Helburua argi zeukan: bere oinarri errepublikanoak mobilizatzea hauteskundeetarako.

Gara, Urtzi URRUTIKOETXEA, 26-02-2026

Presidenteak Kongresuari deskargu horren berri emateak ehun urteko tradizioa du, baina telebistak ere indartua. Botere Exekutiboaren eta Legegilearen arteko fiskalizazioan ez dauka aparteko rolik, azken batean diskurtsoak baitu garrantzia eta ez eztabaidak. Hori sinbolizatzeko, emisioa Etxe Zurian hasi ohi da, presidentea handik irteten eta Capitol Hill-era doala; kilometro bateko ibilbide horrek bi botereen komunikazio hori adierazten du. Baina lehena presidentea da, komunikatzen duena, eta bigarrena, hori entzuten duena.

Ez da harritzekoa, beraz, itxuraz urteroko tramitea izan daitekeen hitzaldia presidente guztiek beren jarduneko une gorenetakotzat hartzea. Telebista kate nagusiek zuzenean ematen dute, eta dozenaka milioi lagunek ikusten dute (unean uneko presidentearen jarraitzaileak gehiago izan ohi dira, hori bai). Erregerik gabeko errepublika batean, solemnitate handiko uneetako bat. Ezin harritu, beraz, Donald Trumpek ere bere buruaren laudorioz betetzea diskurtsoa. Ez zegoen aztia izan beharrik hitzaldi luzea izango zela asmatzeko ere; iaz, orain arteko diskurtso luzeenaren marka ezarri bazuen, aurten berak jarritako errekorra gainditzea zegokion. Ordu bat eta 47 minutu izan ziren, gezurrez eta xenofobiaz beteak.

AEBko politikaren neurria hartzeko datu bat: errepublikanoen txalo artean oholtzara bidea egitean, hitzaldia entzutera etorri ziren Auzitegi Goreneko epaileei bostekoa ematea albiste bihurtu zen. Bizikidetzaren oinarrizko arau beharko lukeena salbuespeneko une zen, are gehiago joan den aste guztian Trumpek izan duen jarreraren ostean. Haur petralduaren gisa ibili da irainka muga zergei buruz Gorenak emandako ebazpena dela-eta.

Kontrola galtzen

Edozein hitzalditan, eta areago, Batasunaren egoeraren solemnitatea kontuan hartuta, presidentearen helburua zein den azpimarratzea komeni da. Goreneko jujeei emandako bostekoa, eta hitzaldiaren hasiera, triunfalista eta datu hanpatuz betea, normal antzean uler liteke. Trumpen helburua azken batean estrategia politiko zabalago baten zati zen. Bere lidergoa indartzea zuen lehen helburu, bistan dena, onarpen indizeak etengabe beherantz baitoaz, baita babesleku gisa erabili dituen gaietan ere: ekonomian muga zergen eskutik, baina immigrazioan ere, Minnesotan bi estatubatuarren heriotza ekarri baitzuen bere politikak.

Lidergoaren irudi horrek azaroan dauka jarrita begia: datu guztiek diote, demokratekin kritiko izanda ere, Trumpen aurkariak mobilizatzeko oso motibatuta daudela eta oinarri errepublikanoek ez dutela agintaldi erdiko bozetan parte hartzeko aparteko gogorik ageri. Oinarri elektoral hori mobilizatzeko, diskurtsoak ohiko bidea hartu zuen, hasierako bere lorpenekin batera, aurkarien aurkako irain zorrotzak eta arrazismo baldarrena baliatu zituen kanpo etsaiaren irudi xenofoboa indartzeko.

Trumpentzat oposizioa ez da ados ez dagoen ikuspegi alternatibo bat, gainditu eta zapaldu beharreko etsai arriskutsua baizik.

Latinoen aurkako arrazismoa komunitate txiki eta zehatzago batera bideratu du Trumpen taldeak azken hilotan: somaliarrak. Minnesotan gertatutako kasu batek 19.000 milioi dolarreko kaltea eragin zuela bota zuen. Ilhan Omar somaliar jatorriko kongresukide demokratak berehala egin zion oihu gezurretan ibiltzeagatik, Rashida Tlaib palestinarrarekin batera. Baina Trumpek xenofobiaren pilotu automatikoa zeukan. Minnesota Somaliako piratek «arpilatu» izana salatu zuen, azken batean ustelkeriaren kulturatik datozelako: «Kultura horiek mugarik gabeko immigrazioaren eta ate irekien bidez inportatzeak arazo horiek hona bertara ekartzen ditu, AEBra». Eta erronka bota zien demokratei: «Ados bazaudete, altxatu zaitezte.

Gobernuaren lehen betebeharra estatubatuarrak babestea da, ez legez kanpoko atzerritarrak». Eserita geratu ziren. Trumpek erantzun zuen: «Lotsatu beharko zenukete, ez altxatzeagatik».

Trumpentzat oposizioa ez da ados ez dagoen ikuspegi alternatibo bat, gainditu eta zapaldu beharreko etsai arriskutsua baizik. Eta ideia horri eutsiko dio azaroko hauteskundeetara arte.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)