Kaldereroak eta arrazismoa

Berria, Jose Ignazio Ansorena Miner, 17-02-2026

Kaldereroen Konpartsak ezaugarri arrazistak omen ditu batzuen iritziz. Hori zabaltzen hasi eta eratzen hasita zeuden hainbat auzo eta eskoletan baztertu egin dute.

XIX. mendean Transilvania, Moldavia, Errusia edo inguruko herrialdeetatik karabanak abiatu ziren Europan barrena geratzen ziren herrietan lan bereziak eskaintzen. Denak ijitoak ziren, alegia orain mila eta bostehun bat urte inguru Indiatik alde egindako talde baten ondorengoak. Mendeetan esklabo edo baztertutako jende gisan bizi behar izan zuten, leku eta babes bila zebiltzan talde asko bezalaxe: Frantzian albitarrak, Nafarroan agoteak edo Mallorcan Chueta juduak. XIX. mendean esklabotza legez debekatu zenean, libre eta alderrai abiatu ziren.

Kaldereroek metaletan konpontzaile lan egiten zuten: galdarak, pertzak, lapikoak eta burniak urtzeko eta iragazteko labe handiak ere bai. Langile onak ziren. Famatua da 1903. urtean Ferrolen antolatu zen elkarbizitza arazoa, ezkontza bat zela medio karabana asko bildu bertan eta, hasieran dena ongi gertatu arren, hilabete baten buruan triskazio demasak izan zirelako. Ia bakarra baina. Bertakoekin ez zen gutxiago gertatzen.

Donostiatik urtean behin edo bitan pasatzen ziren. Harresietatik aparte antolatzen zituzten kanpalekuak eta hiri barnera hurreratzen ziren euren lan eskaintza egitera eta behar zituztenak erostera. Hemen ez da liskarren oroitzapenik geratu. Euren umore, libertate zentzua eta dantza-kanten alaitasuna finkatu zen donostiarren memorian. Haiek gogoratzen sortu zen konpartsa hau.

Konpartsak berak zer adierazten du? Sarriegik 1884. urtean sortu zituen dagozkion musika ederrak, eta, Victoriano Iraolak Begi urdin bat kantarako egindakoak ez beste testu guztiak Adolfo Comba Jerez de la Fronteran jaiotako irakasle ezkertiarrak jarri. Ba al da hitz edo musika horietan zerbait iraingarririk, gutxiespen edo erdeinuzkorik? Eurek ere ez zuten onartuko. Donostiarren eta haien arteko harreman onari kantatzen zaio. Lana egiteko zuten gaitasuna aldarrikatzen da. Batzuk antigoaleko gertatzen dira, antigoalekoak baitira. Baina hori ezagutzea ere ez da txarra.

Zerk ekarri gaitu, ba, honetara? Arrisku handiko joera batek: integrismoak. Dotrina, ideologia eta pentsamendu modu askotan ager daitekeen joera da integrismoa. Eta gizartean nagusitu izan denean, beti ekarri ditu elkarbizitzaren hausturak, liskarrak eta… gerrak. Integrismo horrek berak bultzatu ditu batzuk Combaren bertsoetako euskal itzulpen eskasez jatorrizkoa ordezkatzera. Oso antzeko gertatzen ari da bilantziko edo Santa Ageda erronden abestiekin. Iragana zuzendu nahi eta, kristautasuna erroetaraino, baita zentzu txarrean ere, karlista gerretan esaterako, blaitutako herri baten historia aldatu nahi izatera. Batean zein bestean egoki da abesti edo dantza berriak sortzea, nahi bezalakoak, euskaraz, txineraz (laster dator hori ere), reggaeton erritmoaz edo indie estiloan. Baina beste garai batekoak, baliotsuak direnean, kalitatezkoak eta goraipamen desondrosorik egiten ez badute, hobeto ez ukitzea eta, ahal dela, haiengandik ikastea. Edo beldurrik al dugu geure haur eta gazteek iragana zein izan den ezagut dezaten?

Zerk ekarri gaitu, ba, honetara? Arrisku handiko joera batek: integrismoak. […] Gizartean nagusitu izan denean, beti ekarri ditu elkarbizitzaren hausturak, liskarrak eta… gerrak. Integrismo horrek berak bultzatu ditu batzuk Combaren bertsoetako euskal itzulpen eskasez jatorrizkoa ordezkatzera

Berriro Donostiara. San Sebastian egunaren inguruan azken boladan prentsan agertu dira kexuak eta eskaerak, Plaza Berriko San Sebastian egunaren Danborradak beti elkarte berberek burutu ez ditzaten. Besteek ere eskubidea dutela. Donostiarrek hain maite duten integrismorik gabe azter dadila kontua eta erabaki. Baina garrantzi handiagoa du beste honek: noiz arte jarraitu behar dugu horrelako egoera kolektibo arriskutsua mantentzen Plazan? Halako pertsona masa elkartu, dantzan, elkarri bultzaka, asko edanda, kontrolik gabe… Horri jarraiturik segurua da noizbait ezbeharra gertatuko dela. Ez da segurua noiz, baina izan izango da. Eta egun horretan nori botako erruak? Niri ez, jada abisua emana dut.

Proposamena. Ken diezaiogun ekitaldi horri tankera ofiziala. Txandaka dadila Udalaren ordezkapena auzo desberdinetan: Erdigunean, Altzan, Ibaetan, Grosen, Amaran, Añorgan, Antiguan, Aieten… Auzo bakoitzean euren artean erabaki dezatela nork jo bandera igoera-jaitsierak. Beste aukera: Plaza Berrikoak soilik Donostia osoko danborraden ordezkarien taldeak jotzea banderaren gora eta behera. Integristek bestela esango duten arren, ohitura berri samarrak dira eta hamaika aldaketa izan dituzte urtero. Beste batzuk ere bil litzakete. Eta, batez ere, txikiago dadila Plaza Berrian mugagabeko oholtza itsusi hori eta danborrarien kopurua. Alkate berria dugularik, eska dezala txostena non bil daitezkeen bertako auzoen iritziak eta segurtasun teknikarienak eta horren arabera ekin diezaiola aldaketari. Gure administrazioen eta donostiarkerien erabakitzeko tempoak ezagututa, San Sebastiani kandela jarriko diot ea urte batzuk eusten diogun iragarritako kalamitatea lehertu gabe.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)