Fernand Perret: «Afera ez da nor atxilotzen duten, baizik nolako immigrazio politika hiltzaileak ezartzen ari diren»
Berria, , 13-02-20262024ko martxoaren 14an, Korrika abiatu zen egunean, giza eskubideen aldeko hainbat militantek 36 migratzailerekin pasatu zuten muga, Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiago zubitik. Handik gutira, zenbait kolektibok beren gain hartu zuten «desobedientzia zibileko» ekintza hura; urri hatsarrean, gero, Frantziako Justiziak ekintza horrengatik deklaratzera deitu zituen kolektibo horietako zazpi pertsona. «Pertsonen trafikoko talde antolatuaren ustezko delitua» egozten diete, eta 2025eko urrian epaitu zituzten: zazpi auzipetuetatik sei zigortzeko galdetu zuen prokuradoreak, hala nola LAB sindikatuko Eñaut Aramendi eta Argitxu Dufau, EH Bai eta Etorkinekin kolektiboko Jakes Bortairu eta Dominika Dagerre, Bidasoa Etorkinekin elkarteko Aintzane Lasarte, eta Frantzia Intsumisoko Thomas Dubois; 1.000 eta 1.500 euro arteko isunak eskatu ditu haien kontra, horietako batzuk gibelapenarekin. Azkenik, Fernand Perret kargugabetzea galdetu zuten. Epaiaren deliberoa heldu den asteartean jakinaraziko dute.
Auziaren emaitza emanen dute heldu den astean. Oroitaraziko zenuke zer leporatzen zaizuen?
Ahalkegarria da leporatzen digutena, hots, migratzaileak lagundu izana legez kanpo muga pasatzen, Korrika garaian. Halaber, leporatu izan digute migratzaile horien egonaldia lagundu izana, baina horrek ez du zentzurik, jadanik Frantziako lurraldean baldin baginen, diru trukerik gabe, orduan elkartasuna besterik ez baitaiteke izan; horren eskubidea dugu. Beraz, izatekotan, eztabaidagaia mugaren zeharkatzea da, baina hori bera ere biziki zalantzagarria da, ez baita argi barneko mugekin zer egiten ahal den eta zer ez. Afera honen kasuan, hain zuzen, Schengen espazioko mugak dira, barneko mugak, beraz. Europa mailan testuak ez dira argiak, eta gure abokatuak detaile horien zehaztea galdegin dio Europako Justizia Gorteari.
Eta zehaztu ahal izan da? Urriko auzian ere garrantzi berezia emana zitzaion kanpoko eta barneko mugen arten ñabardurari.
Gure abokatuak galdea egin du, baina mementoko ez dakigu Baionako auzitegiak onartu duenetz galdea Europako Justizia Gorteari helaraztea. Hasieran bertan, gai horren konplexutasunak berekin ekarri zuen auzia gibelatzea: 2025eko urtarrilean iragan behar zen, baina epaileek gaia ezin izan baitzuten aski aztertu, urrira gibelatu zuten.
2024ko Korrikako lehen eguna, migratzaileak Korrikarekin batera Irundik Hendaiara pasatu ziren momentuan. AEK
Auziko elementu bakarra bideo bat da…
Bideo hori besterik ez! Agertzen gara Espainiako Estatuaren aldean eta Frantziako Estatuarenean gero, baina halere: zer da problema? Milaka pertsona agertzen da bideoan, eta zazpi auzipetu gara… Bestalde, ez da ikusten migratzaileen pasatzea aktiboki laguntzen ari garenik. Afera sinplea da: egun hartan zenbait migratzailek muga pasatuko zuten, gurekin ala gabe, eta pasatu dute; aldi berean, Korrika gertatu da, eta migratzaileei proposatu zaie saldoari juntatzeko, ber momentuan pasatzeko. Besterik ez da. Elkarrekin pasatu dira milaka pertsona. Baina [Pirinio Atlantikoetako] prefetari ez zaio gustatu, ezta ekintza hori aldarrikatua izatea ere. Gainera, erreportaje bat atera da, gertakariaren promozioa egiten duena, nolazpait. Halere, bazuen interesa gertakariaren aldarrikatzeak: elkartasuna hedatzeko eta jendea elkartasunera batzera deitzeko.
Justuki, aipatu nahi nituzke auzipetuak izan diren zazpiak. Biziki eztabaidagarria da hori ere. Zergatik zazpi horiek? Ene kasuan, pentsatzen dut presioa sartu nahi izan diotela gaiaren inguruan jadanik agertu den pertsona bati, jadanik militante denari, eta Poliziaren fitxategietan jadanik agertzen denari. Ene ustez, atxiki baldin banaute, aitzineko urtean gertatutako afera batengatik atxiki naute: bidean harrapatu ninduten lau migratzailerekin autoan, Hendaiako Herriko Etxean hartu eta Baionako Pausa zentrora eramatekoak nituenak. Behin – behineko atxiloalditik ateratzean, erran zidaten deus ez zidatela leporatzen ahal, baina horien fitxategietan naiz orain; erreportajea ikustean, hola eginen zuten atxiloketen hautua. Gauza bera beste militanteekin.
Elkartasuna ez da delitua
, zioen J’accuse kanpainako leloak.
Afera horren kasuan edo Korrikakoan, argiki, elkartasuna kriminalizatzen dute. Elkartasun hori hausten entseatzen dira, eta helburua jendearen beldurtzea da: ekintza legalak izanik ere, atxilo bukatzen badugu, bada zer beldurtzekoa. Bestalde, konfirmatzen du Poliziak hori egin dezakeela: jakinik ere deus ilegalik ez dela gertatu, jende bat atxilotu beldurraren sistema horren elikatzeko.
Zure kontrako galderik ez zen izan, baina besteek isunak arriskatzen dituzte. Zer espero duzue?
Ahalkegarria litzateke kondenarik izatea. Isun bat ordaindu behar balitz, ezinen ginateke kontent atera. Edo errudunak gara edo ez gara, baina zeren errudun? Deus ez da. Hutsa da. Afera horrekin justiziaren rolaren inguruko erronka handia da: justizia independentea ote da, edo Frantziako Barne Ministerioaren mesedean funtzionatzen ote du?
Gainera, gaia desbideratzen dute: afera ez da nor atxilotzen duten, baizik eta zer – nolako immigrazio politika hiltzaileak ezartzen ari diren Europan gaindi. Eta immigrazioa ez da bakarrik bere herriaz ase den eta hona bizitzera etorri den jendea: jakin behar da zergatik joaten diren. Hor Europako herrien erantzukizuna argia da. Bada adibide bat anitz markatzen nauena: Senegal. Garai batez ez zen hainbeste senegaldarrik, bakanak ziren, baina orain geroz eta gehiago. Noiztik? Europako Batasunak arrantza akordioak izenpetu dituenetik Senegalen. Orduan, Europako alimaleko itsasontzi industrialak hara arrantzatzera joan ahal izan dira, eta arrantzale senegaldarrak erabat gabetu dituzte beren arrainaz. Halako adibideekin, ezin da erran Europako Batasunak ez duela erantzukizunik.
(Puede haber caducado)