«Prebentzio mailan baliagarri izan liteke jatorria aipatzea»
Jon Insausti Donostiako alkatea NAIZ Irratian mikrofonoetan izan zen atzo, ustekabean Gipuzkoako hiriburuko Udalean Eneko Goiari lekukoa hartu zionetik lau hilabete egitera doanean. Hiriaren bilakaera ezaugarritzen duten arazo nagusiak izan ditu hizpide, baita gaurkotasun handikoak ere: atxilotuen jatorriaren berri emateko hartu duen erabakia, esaterako.
Gara, , 12-02-2026Donostiako alkate karguan ehun egun bete ostean urriaren 29an hartu zuen aginte-makila, NAIZ Irratian elkarrizketatu zuten atzo Jon Insausti. Kontu handienetatik hasi eta txikiak ere alboratu gabe jardun zuen mikrofonoen aurrean. Aste honetan albiste izan den atxilotuen jatorria jakinarazteko erabakitik abiatu zen elkarrizketa.
Atxilotuen jatorriari buruzko erabakiaren zentzua zein da?
Euskal poliziaren eredua sendotzen jarraitu nahi dugu; eredu propioa da, gertutasuna eta segurtasuna ekartzen diguna. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak bat egiten duten udalerrietan segurtasunak hobera egiten du. Eta segurtasuna hiritarrek kalean azaltzen didaten kezka da; niri dagokit erantzun berriak eskaintzea.
Erroldatuta dauden lekua zergatik ez, jatorriaren ordez?
Informazio baliagarriak dira delituak tipifikatzeko. Atxilotuen jatorria jakitea prebentzio lanak egiteko baliagarria izan daiteke batzuetan: garai batean latin king taldeei buruz hitz egiten genuen, Kosovotik etorritako banda antolatuak… Informazio oro baliagarria denean ondo kudeatu behar da. Ez da ematen emateagatik. Gizarte heldua dugu, kultura demokratiko sendoa; gardentasunak beti laguntzen du politikan.
Bilboko Udalak ez du egingo. PSE ere kexatu da Donostian.
Donostiak hartutako erabakia da; guk estrategia propioa dugu. Jaurlaritzak markatutako irizpidea da.
Imanol Pradalesekin iragarri zen Loiolako Erriberan 400 etxebizitza eraikiko direla…
Berri ona da hiri honetan, etxebizitzarena erronka handiena delako. Inkesta guztietan agertzen da, eta familian, lagun artean, edozein testuingurutan…. Jaurlaritzako arduradun nagusi den lehendakariak eskaintza hori egin digu eta poz handiz hartu dugu. Hortik aurrera, zalaparta baino ez da sumatu, zalaparta besterik ez, eta ni ez naiz sartuko politikaren joko zaharretan. Politikakeriak dira horiek.
400 edo 200 izango dira? 400 txikiagoak akaso?
Partzela aztertu dugu hirigintzatik, eta gure topea 400 etxebizitza ingurura mugatzen da; aukera hori ematen digu partzelak. Jaurlaritzak 200 aipatu ditu. Adostea tokatzen zaigu. Inportanteena egitea da; egin egingo dira. Aliantzak ezinbestekoak ditugu eta lau eskuk bik baino gehiago eraikitzen dute. Bi erakundeon artean eman dezagun adibide on bat.
Nondik dator arazoa?
Oso atzetik egin beharko genuke azterketa; hiriaren historia da. Baina gaur-gaurkoz 2026an bizi gara eta orain eman behar zaio erantzuna. Hiri oso erakargarria da, donostiarrok Donostian bizi izan nahi dugulako. Gipuzkoako beste herri batzuetan biztanleria galtzen ari dira. Hau abiapuntu ona da, donostiarrok Donostian bizi nahi izatea. Alkate batentzat opari bat da, hiriari maitasuna erakusten diolako. Eta gero hiri honek beste gauza batzuk eskaintzen ditu: ekonomikoki sendo gaude; langabezia tasa %6koa da. Kulturalki, kirol esparruan, aisialdian, hiri erakargarria da. Migrazio fluxu berriak ditugu. Eta ez dugu gaitasun nahikorik horri erantzuteko.
Beste errealitate bat dago: gaur egun, hiru etxebizitzatik bat pertsona bakar batek okupatzen du. Asko dira pertsona helduak, bakarrik bizi direnak. Zer egin genezake honen aurrean? Zalantzarik ez, garapen urbanistikoak bizkortu. Abiadura sartuko dugu 2032ra begira; 10.000 etxebizitza tope markatu dugu, baina abilak ere izan behar dugu, erabilera aldaketak garatzeko, esaterako. Etxebizitzaren Behatokia aurkeztu dugu atzo bertan eta honi erabat lotuta dago.
Elitizazioa ekar dezake honek? Gaitasun ekonomiko altua dutenak bakarrik bizi ahal izango dira Donostian?
Nire helburua donostiarren Donostia egitea da, guztiontzako hiria; bizitzeko izan behar da, ez espekulatzeko. Etxebizitza aukerak sortzea tokatzen zaigu, etxebizitza babestuak egiteko aukerak daude eta horretara bideratzen ditugu ahaleginak: Loiolako kuartelak diren tokian, Auditz-Akularren… Altza zaharrari Altza berri bat eranstea aproposa iruditzen zait.
Turistifikazioaren fenomenoa kudeagarria al da?
Orekak bilatu behar ditugu. Lehentasunak argi ditugu: lehenengo bizitzeko, gero partekatzeko. Tresna propioak behar ditugu horretarako. Etxebizitza turistikoei mugak jarri, zerga turistikoa, bisita gidatuak erregulatu… Turismoa ez da gutxituko, geldiezina da; mundu zabalean une oro izango ditugu, gu ere asko ateratzen gara. Fluxu horiek kalterik ez eragitea da helburua. Eta kalteak identifikatu ditugunean, konponbideak jarri.
Parte Zaharrean pintxo asko jada kanpoan, catering enpresetan, egiten dira…
Lana ondo egiten duten horiek lagundu behar ditugu, gaizki egiten dutenak seinalatubaino. Pintxoaren Institutua hor dago. Niretzat sekulako sorpresa izan da eta sekulako lana egiten du; horrelako dekalogo bat sortu dute, kontrola eta jarraipena egiten dute, tiketaren bitartez seinalatzen dute nork egiten duen lan zintzo eta txukuna… Benekotasun hori bilatu behar dugu.
Aizepe elkarteari estatutuak aldatzeko eskatu dio Emakundek. Zuk zeuk zer eskatuko zenioke?
Ahal bezain pronto emakumeak onartzea. Tristea iruditzen zait 2026an oraindik hara sartzeko baldintzak izatea. Bazkide kontzientziatuak egongo dira; haiei tokatzen zaie antolatu eta buelta ematea. Hiri honetan hori egiten jakin izan dugu; askotan errepikatzen dut danborradaren adibidea, Kresalanarena. Aizepen dagoena anomalia da eta azkena izatea espero dut.
«Donostiar on» izatearen elementua aipatu duzu. Donostiar txarrik ba al da?
Aitak eta amak eman didatena da. Parte Zaharrean auzo bizitza asko egin dugu, elkarteetan, parrokiatik gertu ere bai, kirol elkarteetan, mendi elkarteetan, kirol elkarteetan, Kresalan… Niretzat hori da donostiar ona izatea, zuk jaso duzun zaintza hori itzultzea. Zero kilometro da donostiar ona izatea. Donostiar berriak ere baditugu; balioak berritzen ditugu etengabe.
Populismotik ihes egitea ere eskatu zenuen…
Populismoa arazo konplexuei erantzun sinpleak ematea da. Etxerik gabeko pertsonen kopurua urtetik urtera hazten ari da hirian eta segur aski datozen urteetan gehiago haziko da. Erronka horri erantzunak eman behar zaizkio.
Martutenen eta Herreran gertatu zaigu. Ezin dugu auzo horietara joan eta dena hustu, ezta han utzi per secula seculorum ere. Aukera batzuk eskaini dizkiegu, komunitatearen parte izateko, formatu, lan egin… Horren ondorioz 60 lagun ditugu udal baliabideetan lotan, eta gizarteratzen saiatzen ari gara. Hiri solidarioa gara, baina bakarrik ezin dugu; estrategia bateratua eskatu dut.
«Bilbaino el que no bote» abestu zuten Konstituzio plazan danborradan…
Urtero kantatzen dugu eta botea ematen dugu, eta horretan jarraituko dugu [irribarrez]. Giro on batetik, sanoa da, fairplaytik eginda; jai giro batetik egindako adierazpen bat da. Pike sano hauek beti eskertzekoak dira. Haien kontra ez dut ezer…
(Puede haber caducado)