CEAR: «Ezinezkoa da Santurtziko ezkutuko bidaiariak berehala kanporatzea»
Espainiako Gobernuaren Bizkaiko azpiordezkaritzak kanporatzeko prozedura abian dela ziurtatu du
Berria, 15-09-2006manu gimenez
Donostia
Errefuxiatuei laguntza ematen dien CEAR erakundeak argi utzi du Santurtziko ezkutuko bidaiarien kanporatzea oraindik ez dela hasi, «oraindik helegite eta baliabide guztiak agortu arte ezinezkoa baita prozesua hastea». Espainiako Gobernuak Bizkaian duen azpiordezkaritzako prentsa arduradun Pedro Garciaren arabera, ordea, ezkutuko bidaiariak ontzitik jaitsi eta Euskal Herrian sartu direnetik paperik gabeko etorkinak dira; eta «hori horrela denean, kanporatzea zuzenean hasten da».
Abuztuaren 22an iritsi ziren ezkutuko bidaiariak Santurtziko portura, Agiasma itsasontzian. Tanzaniatik bi, Kongotik bat eta Burunditik beste bat. Burundikoari bakarrik eman zioten asilo politikoa. Besteei ontzitik jaisten ere ez zieten utzi. Gero, gose eta egarri greba egin dute haien egoera salatzeko. Bidaiarietako bat bi aldiz saiatu da bere buruaz beste egiten eta osasun arrazoiengatik ospitalera ere eraman dute.
Matxurak zituela – eta, ontzia geldirik egon zen Santurtziko portuan egun batzuetan . Baina hurrengo portu aldera abiatu behar zela ikusita, epaileak aurreneurriak hartu zituen eta Euskal Herrian sartzen utzi zien ezkutuko hiru bidaiariei. Gurutze Gorriaren zaintzapean daude egunotan, arazoa konpondu bitarteko izapide guztiak kudeatu arte.
Pedro Garciak aditzera eman duenez, orduan hasi zen kanporatzeko prozedura. «Ezkutuko bidaiariak Euskal Herrian sartu ziren mementoan paperik gabeko etorkin bilakatu ziren. Kasu horietan, kanporatzeko prozedura zuzenean hasten da». Baina CEAR errefuxiatuei laguntzeko erakundeak babes politikoa eta bertan bizitzeko babesa eskatu zituen ezkutuko hiru bidaiarientzat. Epaileak dagoeneko, babes politikoa ezeztatu egin du, lege aldetik, pisuzko arrazoirik eman ez dutelako.
Baina bertan bizitzeko babesaren kasuan bertsio desberdinak daude. Espainiako Gobernuaren Bizkaiko azpiordezkaritzak dio eskaria bertan behera utzi duela epaileak. Baina CEAReko abokatu Jabier Galparsorok esan duenez, «hori ezinezkoa da». Izan ere, Espainiako Gobernuaren azpiordezkariak hartu behar du erabaki hori, eta ez epaileak. «Azpiordezkariak nahastu egin ditu epailearen erabakia eta berak hartu behar duena». Gainera, «bertan bizitzeko baimena ukatu dietenik ez zait inondik helarazi», ziurtatu du Galparsorok. Eta berak argitu duenez, ezin da inongo prozedurarik hasi helegite guztiak agortu eta epaileak erabakia eman arte. Hau da, epaileak eta Espainiako Gobernuaren azpiordezkariak ematen dituzten erabakiak ezkutuko bidaiarien abokatuen kontrakoak badira, helegite guztiak tramitatu arte itxaron behar da kanporatzea hasteko. Eta Galparsorok argi utzi du baliabide guztiak agortuko dituztela arrazoia ematen ez bazaie.
Bestalde, ezkutuko bidaiariak kanporatzea erabakitzen bada hamabost egun izango lituzkete Euskal Herritik ateratzeko. Ez ateratzea erabakitzen badute, helegitea jarri eta prozesua are gehiago luzatuko litzateke.
ARRAZOI HUMANITARIOAK. Espainiako Gobernuak Bizkaian duen azpiordezkaritzaren ustez, ezkutuko bidaiarien abokatuek ez dute arrazoi humanitarioengatik bertan bizitzeko baimena eskatzeko frogarik aurkeztu. CEARek, ordea, ez du bat egiten iritzi horrekin. Galparsorok honakoa esan du: «Buruaz beste egiten saiatu ziren, bost hilabete pasa zituzten itsasontzian kapitainaren eta eskifaiaren tratu txarrak jasotzen; eta gose eta egarri grebak egin dituzte. Nola ez dira ba arrazoi humanitarioak egongo?».
Espainiako Gobernuaren azpiordezkariaren ustez, «epaileak aurreneurririk hartu izan ez balu, ez litzateke hau gertatuko». Haren ustez, ezkutuko bidaiariek ez zuten osasun arazo larririk.
«Azpiordezkariak nahastu egin ditu epaileak hartutako erabakia eta berak hartu behar duena»
Jabier galparsoro
cear
«Ezkutuko bidaiariak paperik gabeko etorkinak direnez, zuzenean hasten da kanporatzeko prozedura»
pedro garcia
espainiako gobernuaren azpiordezkaritza
(Puede haber caducado)